Iñaki Irigoien

HOGEI URTE BELFASTEN IKUSEZINA IKUSGAI BIHURTZEN

Aurten bete ditu hogei urte Belfasteko Zinemaldiak. Bi preso ohi errepublikanok sustatutako ekimena Belfasteko Mendebaldeko Zinemaldia izenarekin sortu zen. Aurtengo edizioan Euskal Herriko gatazkari tartea eskaini dio Belfasteko ezinbesteko hitzorduak.

Aurten bete ditu hogei urte Belfasteko Zinemaldiak. Bi preso ohi errepublikanok sortutako ekimena Belfasteko Mendebaldeko Zinemaldia izenarekin sortu zen, West Belfast Festival: abuztuko ezinbesteko hitzordua bilakatu zen lehen urte haietan. Handik urte batzuetara beste urrats bat egin zuten sortzaileek, zinemaldia hiri osora eramateko asmoarekin, baina bere ezaugarri nagusia galdu gabe: zirkuitu komertzialean lekurik ez duten pelikulak herritarrei hurbiltzea, eztabaida eta hausnarketa eragiten duten lanak hainbat lekutara eramatea. Aurtengo ekitaldiak “Zinema eta gatazka” gaia jorratu du programazioan eta Euskal Herriari tarte bat egin dio.

Belfasteko Zinemaldia betidanik izan da pelikulak ikusteko aukera bat baino zerbait gehiago. Aurtengo ekitaldiak ezaugarri horri eutsi dio eta apirileko azken bi asteetan Irlandako iparraldeko hirian pelikulak, dokumentalak, hitzaldiak eta eztabaidak izan dira, hainbat aretotan. Zinemaldiko zuzendari eta sorreratik ekimenaren bultzatzaileetako bat den Lawrence McKeownek “Gatazka, froga eta egia” izenburudun mahai-inguruan esan zuenez, ekintzaile errepublikano moduan aritu zen urteetako esperientzia kontatzeko beharrak eragin zion idazten hastea, gidoilari bihurtzea; kartzela barruko zein kanpoko bizipenak eskaini nahi zituen. Bere ikuspegia azaldu behar horretatik sortu zen “H3” pelikula, bera bezala preso ohi errepublikanoa den Brian Campbell borroka lagunarekin batera idatzitako lana. Film horretan 1981eko preso irlandarren gose greba kontatzen da, lehenago ere zinemara eramandako gaia, esaterako, Jim Sheridan irlandar zuzendariaren “Some Mother’s Son” edo Oscar saria irabazita duen Steve McQueen zuzendari britainiarraren “Hunger” lanean. Baina “H3” pelikulak besteek ez duten zerbait dauka, Lawrence McKeownek lehen pertsonan kontatzen baitu gose grebaren esperientzia: 70 egun egin zituen baraurik.

Lawrence McKeownek ikusezin bihurtutako komunitateei ahotsa emateko eta ikusgai jartzeko bide gisa ikusten du bere lana. Horretxegatik jarri zuen abian zinemaldia bere garaian. Beste egile eta irakasle batzuekin batera esku hartu zuen sinposioan, «ikusgai bihurtu» hitzak erabili zituen Lawrence McKeownek, ordu batzuk lehenago Josu Martinezek jaialdiaren baitako beste hitzaldi batean defendatu zuen ideia bera. Goizean hitz egin zuen Martinezek eta bertan ez zen egon McKeown, baina horrelakoxea da parte-hartzaileen arteko sintonia Belfasten jaialdian zehar.

Euskal Herriko gatazkari buruzko bertsio ofizialak dioena baino zerbait gehiago eta ezberdina azaltzeak berarentzat esan nahi duena esplikatzen saiatu zen Josu Martinez. «Herri ikusezin bateko historia ikusezinak kontatzen saiatzen» da bera. Bertsio ofiziala alde batera utzi eta bestelako uretan sartzen saiatu diren egileen errepaso historikoa egin zuen hizlariak. Oso garbi adierazi zuen horrelako proiektu bat gaur egungo Euskal Herrian abian jartzeak nolabaiteko joera suizida eskatzen duela, horretara ausartu direnek jasan behar izan dituzten ondorio pertsonalek zein profesionalek erakusten dutenez. “Ama Lur”, “Salbuespen egoera”, “Burgosko prozesua” eta “Euskal pilota” pelikulek, esaterako, jazarpena, zentsura eta boikota jasan behar izan dituzte, Josu Martinezen hitzaldia entzun zutenek jakin ahal izan zutenez. Egileen historia pertsonalak beren ausardia ordainarazteko «zigorrez» josita daude, bertsio ofizialak kolokan jartzen dituzten gizaki guztien historiak dauden moduan.

Pelikula baten aurkako jazarpena

Bere esperientzia pertsonala ere azaldu zuen Josu Martinezek Belfasteko aretoan. Bertsio ofizialak ezkutuan, ikusezin bihurtuta nahi dituen pertsonak eta historiak argitara azaltzeak zailtasun ugari eragin dizkio Martinezi ere. Berak kontatzen dituenak «mapan ageri ez den herrialde bateko eta historia liburuetan aipatzen ez diren herritarren historiak» dira. Bere pelikulen izenburuak gogora ekartzea filmak finantzatzeko eta proiektatzeko arazoak eta oztopoak gogora ekartzea da. Kasu batean, irlandar entzuleei azaldu zienez, Audientzia Nazionalak filmaren kopia bat bidaltzeko errekerimendua egin zion: “Barrura begiratzeko leihoak” filmarekin gertatu zitzaion.

«Zergatik jasan behar izan zuen pelikula horrek horrenbesteko jazarpena?», galdetu zuen entzule batek. Martinezek erantzun zion Estatu espainola ez dagoela oraindik aurkaria gizaki moduan onartzeko prest, eta, horretarako ere, etsaia humanizatzeko, alegia, prestakuntza behar dela. Cathal McLaughlin Beslfasteko Zinemaldiko koordinatzaileak gogorarazi zuen hamazazpi urte pasa direla Ostiral Santuko Ituna sinatu zenetik, baina Irlandako iparraldeko komunitate batzuetan bide hori egiten hasi berriak direla.

Ondorio moduan, Josu Martinezek nabarmendu zuen tankerako proiektuak abian jartzearen garrantzia. Zailtasunak zailtasun, berak uste du horrelako lanek Euskal Herriko gatazkak utzitako zauriak sendatzen laguntzen dutela. «Oraindik garaiz gabiltza, gure seme-alabei ez gertatzeko Gerra Zibilaren memoriarekin gure aitona-amonei gertatutakoa», adierazi zuen, baikor. Bertsio guztiak azaleratzea litzateke azken helburua, inor ikusezin izatera kondenatu gabe.

Aurreko egunetan “Lasa eta Zabala” eta “Barrura begiratzeko leihoak” pelikulak eskaini ziren Belfasten. Bertaratu zirenek Josu Fernandezekin eta Pili Zabalarekin solasean aritzeko aukera izan zuten, proiekzioa amaitu ondoren.

“Gatazka proiektatzen” izenburuko diziplina anitzeko proiektuaren harira esku hartu zuten Fernandezek eta Zabalak. Aipatu proiektua Queenseko Unibertsitateko Arte Fakultateak abian jarritakoa da eta Justizia Sozialerako eta Gatazkak Eraldatzeko Ikerketa Institutuaren diru laguntza izan du.

Pelikula ikusi ondoren, bati baino gehiagori euskal gonbidatuei galderak egiteko gogo eustezina etorri zitzaion. Pili Zabalak esplikatu zien urte askotan erakundeen aldetik ez dutela inolako babesik izan familiek; tortura psikologikoaren urte gogorrak ekarri zituen gogora, Felipe Gonzalez bera kartzela atarian Barrionuevo eta Vera agurtzen ikusteak eragindako mina azalduz; frantses Estatuko agintarien nagikeria eta interes eza ere salatu zituen; eta Galindo jenerala epaitzen ari ziren bitartean mailaz igo izana beraientzat irain ikaragarria izan zela adierazi zuen.

Irlandako entzuleek bestelako erreferentziak dituzte. Azken urteotan behin baino gehiagotan ikusi dituzte britainiar politikariak barkamena eskatzen, Irlandako gatazkan hartutako erabaki jakin batzuek direla-eta. Estatu espainoleko agintariek tankerako zerbait egiten ote duten galdetu zioten Zabalari, baina euskaldunak ezin baietz esan. Nabarmendu zuen agintari espainolek bide horretan asko dutela ikasteko beste gobernuetatik. Erantsi zuen guztion diruarekin ordaintzen direla bai horiek egindako krimen basatienak bai krimenon ondorioak.

Barkamena eta justizia

Barkamenaren auziak oihartzun handia izan zuen Belfasten bildutako entzuleen artean. Behin eta berriz itzultzen ziren gaira. «Barkamenaren aurretik justizia dago; ez dago barkatzerik justiziarik gabe, ezta justiziarik barkamenik gabe ere; biktima guztiek dute egia ezagutzeko eskubidea, eta beraiei eragindako kaltea eta beren duintasuna onartzeko eskubidea. Euskal Herriko biktima askori eskubide hori ukatu egiten zaigu», esanez erantzun zien Pili Zabalak. Zentzu horretan erantsi zuen gaur egun oraindik Euskal Herriko biktima batzuek justizia eske nazioarteko giza eskubideen auzitegietara jo behar izaten dutela, Estatu espainoleko auzitegietan ukatzen zaien justizia eskatzera, alegia.

Edonola ere, argi utzi zien entzuleei berarentzat oraindik oso gogorra dela anaiari egin ziotenari buruz hitz egitea. «Hemezortzi urte egin ditut honi buruz hitz egin gabe. Orain negarrez hasi gabe hitz egin dezaket, baina lehen ezin nuen», esan zuen.

«Beste biktimen esperientziak entzutean ez nuen nire kasua islatuta ikusten. Nik hitz egin nahi nuen, baina nire ahotsa aurkitzeko laguntza eskatu behar izan nuen. Eskoletara hitz egitera joaten naizen bakoitzean, esaten dut terrorismoak beti eragiten duela mina, baina Estatuak egiten duen terrorismoa larriagoa dela, zuzenbide estatuaren oinarriak galtzen baitira: Estatuak bere sinesgarritasuna galtzen du eta hori berreskuratzea oso zaila da», esplikatu zuen.

Hitzaldiari amaiera emateko, Zabalak esan zuen justizia espainolak ez dituela herritar guztiak berdin tratatzen, ez duela beti neurri bera erabiltzen. Gogorarazi zuen atxilotuak torturatzeagatik zigortutako inor ez dagoela kartzelan une honetan. Gauza bera gertatzen da gerra zikina egin eta agindu zutenekin. Horientzako «zigorgabetasuna» da nagusi Estatu espainolean, irlandarren harridurarako.