Manex Altuna
Ibai Arantzamendi, Markinan muntatu duen etxeko gimnasioan entrenatzen.
Ibai Arantzamendi, Markinan muntatu duen etxeko gimnasioan entrenatzen.

Ibai Arantzamendi, Markinatik datorren boxeo txapelduna

Bizkaiko Txapelketa irabazitakoa da 2019an eta ekainean Euskadiko amateur mailan gailendu zen 91 kilotan. 1995ean jaioa, 1,90 metro luze da eta hiru urte baino ez daramatza boxeoan. Bizitza aldatu ziola dio eta profesionaletara salto egin nahiko luke.

Esparru guztietan gertatu den bezala, koronabirusak kalte handia egin dio boxeoaren munduari. Hala ere, ukaezina da azken hamarkadan kirol honek Euskal Herri mailan izandako hazkundea, batez ere Bilbo Handiaren inguruan. Kerman Lejarragak eta Andoni Gagok Europako gerrikoak irabazi dituzte, Jon Fernandezek AEBetan hainbat borroka egin ditu eta ezin ahaztu Ibon Larrinaga edo David Soria iruindarra ere.

Izen guztien gainetik, Ibai Arantzamendik Kerman Lejarraga aipatu du, zaleak erakartzeko duen gaitasuna sugarra berpizteko garrantzitsuena izan dela deritzo.

Arantzamendiren iritziz, Morgakoak egindakoa «itzela» izan da; bere izaera umilak eta transmititzen duen jatortasunak jendearen ikuspuntua aldatzea lortu du. Boxeoak kirol bortitza izaten jarraitzen duela ukaezina da, baina daukan fama txarrari buelta ematen lagundu duela nabarmendu du.

Taula gainera igotzeko grina 2015 inguruan sortu zitzaion Arantzamendiri. Futbolean, esku pilotan edo zestarekin jokatzea gogoko izan du txikitatik, nahiz eta nota txarren erruz ezin izan duen txapelketetan parte hartu. Gogora ekarri duenez, Mayweather eta Pacquiok Las Vegasen egindako borrokaldiak zeresana eman zuen lagunen artean eta interesa piztu zitzaion. Ikasturte berriarekin gimnasio batean eman zuen izena. Kontatu duenaren arabera, lehen hiru hilabeteetan ez zion inori esan inguruko jendearen artean ez baitzegoen ondo ikusia.

Abadiñon hasi zen entrenatzen eta kickboxing deritzon diziplinan eman zituen lehen pausoak. 1,90 metro luze da, gutxi gorabehera, eta 90 kiloren bueltan dabilen mutil koxkorra da markinarra. Borrokarako dohainak dituela ez dago ukatzerik, urte pare batean bere mailan estatu espainoleko txapelketa irabaztea lortu baitzuen.

Hala ere, ez zegoen guztiz pozik. «Belaunekin eta ostikadak ematearekin ez nengoen gustura, kirol zikina iruditzen zitzaidan, eta beti nahiago izan dut eskuekin borrokatzea, garbiagoa dela uste baitut», azaldu du. Gidabaimena atera zuenean orain dela hiru bat urte Bilboko gimnasio batera joateko hautua egin zuen.

Berriz ere emaitzak azkar lortu zituen eta Xabi Pereda entrenatzailearen eskutik 2019an Bizkaiko txapeldun bilakatu zen bere pisuan amateur mailan. Tokioko Olinpiar Jokoetan ikusi ahal izan den boxeo mota da. Koronabirusaren erruz itxi egin behar izan zuten Boluetako gimnasioa eta bere ibilbidean beste aurrerapauso bat emateko asmoz, Arantzamendi Euskobox promotorako jendearekin hasi zen eta Gasteizera entrenatzera joaten aritu da.

Lesioak, asmoak eta lana

Andoni Alonso eta Jose Luis Celaya izan ditu boxeo entrenatzaileak azken sasoian eta boxeo federazioak antolaturiko lehiaketan parte hartzen egon da. Aldi berean, Gontzal Uriona Barrena herrikidearengana jo zuen prestaketa fisikoan hobetzeko. Gernikako errugbi taldearekin Ohorezko Mailara igo berri da eta pilotariekin ere lan egiten du, hala nola Elordi, Larunbe edo Aretxabaletarekin.

Arantzamendik oso ondo etorri zaiola azpimarratu du, baina tamalez ezin izan du gehiegi nabaritu. «Urte oso arraroa izan da, koronabirusarekin ezin izan dira borrokak antolatu eta berriro lesionatu naiz», komentatu du. Izan ere, geldirik egon behar izan du azken hilabetean, belauneko minaren ondorioz. Euskadiko Txapelketa prestatzerakoan lesionatu zen. Hala ere, borrokaldira aurkeztea erabaki zuen eta garaipena lortu zuen 91 kilotan.

Bere boxeo estiloa azaltzerakoan, jotzailea dela eta aurrera egitea gustatzen zaiola dio. «Jan eta eman», laburbildu du. Dozena bat borroka egin ditu eta erdietan gailendu da. Horietako bitan aurkaria lurrera bota du. Eta ez da batere samurra, pisu handitan aritzen denez, batzuetan 120 kiloko pisua duten borrokalarien kontra egitea egokitu baitzaio. Horren adibide, profesionaletan lehiatu izan den Ieltxu Lahuerta bizkaitarraren «sparring» bezala hainbat aldiz aritu izan dela.

Aurkariak topatzea ere ez da erraza izaten eta jasotzea egokitu zaionean, gogoratzen du nola zorabiatu zen une batez. «Epailearen kontaketarekin suspertzea lortu nuen, eta burugogorra naizenez, borroka amaitu nuen, berriro erori gabe», dio.

Umorerik ez zaio falta markinarrari eta oso pozik dago Euskadiko txapelarekin. Zalantza gehiago ditu aurrera begira zer egingo duen. Asmoa profesionaletara salto egitea izango litzateke, baina ez du eperik jarri nahi. Entrenatzaileek amateur mailan ibilbide luzeagoa egiteko eta ikasten jarraitzeko esan diote.

Arantzamendik badaki boxeoa oso kirol sakrifikatua dela. Futbolean ari direnekin konparaketa bat egin du. Profesionalak izan ez arren, astean bi edo hiru entrenamendu egiten dituzte eta asteburuan partida jokatzen dute. Boxeolariek berriz, egunerokoan zaindu eta ariketak egin behar izaten dituzte eta urtean zehar borrokaldi bat edo bi izan ditzakete. Prestaketa maila hori psikologikoki oso gogorra dela aitortzen du. Beste kirol batzuekin alderatuz, babesle falta ere aipatu du.

Une honetan, ez dauka ogibide bilakatzerik eta familiaren tabernan lan egiten du. Bikale izena dauka eta Markinan dago. Arantzamendi kozinatzen aritzen da eta galletak eta kroketak egiten ditu bezeroen gozamenerako. Baina gauza guztiek moduan, boxeoak bere gauza positiboak dituela ohartarazi du Arantzamendik.

Irakasle bezala lan egiten du Durangon eta Elorrion arratsaldetan eta «beldur barik» jendea gimnasiora hurbiltzera animatzen du. Beraren esanetan, «bizitza aldatu» zaio kirol honekin. Gorputza hobeto ezagutu eta gauza gehiago egiteko «konfiantza» eman diola ziurtatu du.