Sustrai Colina
Entrevista
Graxi Etxebehere
Erizaina, bakearen artisaua eta militante abertzalea
Graxi Etxebehere. (Bob EDME)
Graxi Etxebehere. (Bob EDME)

«Emateak ekarri dit zoriona; ez hainbeste, jasotzeak»

Nork ez du gogoan Graxi Etxebehere (Ortzaize, 1951), 2015eko sanferminetatik itzuli berri, Poliziak atxilo eraman aurretik, «desarmatu nahi duen talde bat lagundu dut» aldarrika? Zahartzera, gero eta kontserbadoreagoa bihurtzen omen da gizakia. Ez da Graxiren kasua.

Zer izan zen Aieteko Adierazpena zuretzat?

Esperantza baten oihartzuna. Bazen denbora bat halako zerbaiten beha nintzela. Urteak ziren borroka armatuak eman zezakeena eman zuela barneratua nuela. Nork pentsatu du sekula euskal talde armatu ttipi batek militarki frantses zein espainiar estatuen eta Europaren aurka irabazten ahal zuenik? Fase hori aspaldi fini zen, beste aro batera iragan behar zen. Nola? Hori beste kontu bat da eta ez dut aski gogoeta horri erantzuteko. Ni kontent nintzen Euskal Herria aterabiderik ikusten ez nion ataka txar batetik salbatu zela sentitzen nuelako, erortzen ari zena azken biloetatik zintzilik harrapatu bagenu bezala. Horrek ez du erran nahi borroka armatuari gaitz guztiak egotzi behar zaizkionik. Horri esker, munduak jakin du bizi nahi duen Euskal Herri bat badela. Hori gabe, sistemak dena zapaltzeko eta menekotzeko duen ahalmena ikusita, desagertuak edo asimilatuak izanen ginen aspalditik.

Aieteko Adierazpenetik landa, zer espero zenuen?

Zintzoa izateko, gertatu direnak baino amets handiagoak nituen, baina, aldi berean, frantses eta espainiar estatuekiko konfiantzarik batere ez. Hastapenean, urteetako borroka uztea zen baldintza, gero armak itzultzea... Eta orain? Zer espero daiteke estatuengandik? Guri dagokigu hautetsiak mugiaraztea, hautetsiek estatua presionatu dezaten. Akigarria dela? Ados, baina zein da alternatiba? Hautetsiak estatuak behartzera bultzatzen ez baditugu, beldur naiz putzu hil batean buka litekeela afera. Baina horrek ez du erran nahi herri hau bideratzen ari ez garenik. Ene inguruan, arras marjinalak izatetik gutxiengo garrantzitsu bat izatera pasa gara. Hauteskunde-denboran, denek gurekin nahi badute, indar bat garelako da.

ETAren azkenak, politikoki ez ezik, bakoitzaren baitan oihartzun bat izan zuen. Zer sentitu zenuen zuk?

Arras kontraerran handia izan da enetzat. Erabakiarekin kontent eta biziki konbentzitua nintzelako, armagabetzea nire gisan laguntzea deliberatu nuen, baina Baionako armagabetze egunaren bezperak ikaragarri gaizki pasatu ditut, bihotzetik tristura ezin uxatu. Enetako, emozionalki, inporta zaidan norbaiten galera bezalakoa izan da ETAren azkena. Badakizu bizilegea dela, egoera ikusita ez dela baitezpada kalterako, baina inarrosten zaitu. Hala, armagabetze egunean, jende guztia poz-pozik ikusten nuen eta ni buru-makur. Bidean galdutako lagunak, preso zirenak eta urteetako bizipenak ezin nituen burutik kendu.

ETAz mintzo garenean, borroka armatuaz soilik ari garela dirudi, baina ETA ez zen hori bakarrik, ezta?

Bizi nahi duen Euskal Herri baten ikurra zen enetzat, matxinada baten sinboloa. Ezagutu ditut egun borroka armatua kartsuki kritikatzen dutenak bere garaian atentatu zenbaitengatik pozten. Ezagutu ditut, halaber, egin beharrekoa ETAk eginen zuela pentsatuz etxean lasai gelditu direnak. Konprenitzen dut ETAren bukaerarekin jende batek amesgaiztoa fini dela pentsatzea eta, aldi berean, beste jende bat doi bat galdua sentitzea, nerabezaroan aitaren eskua askatzean bezala. Denek behar dugu denbora gure korapiloak askatzeko. Uste duzu nik, hastapenean, helburu baten alde norbait erail zitekeela ulertzen nuela? Uste duzu ez zaidala kosta hainbeste maite nituen eta hain zoragarriak zitzaizkidan lagunek beste norbait hil zezaketela onartzea? Nik ere, denen gisan, ene kontraerran eta gatazkak ditut eta izan ditut.

ETAren ostean zer?

Ez naiz ni jendearen sinesmen faltsuak elikatu zalea. Ametsak behar ditugu, baina oinak lurrean. Bestela ere gure herria mistifikatzeko berezko joera dugu euskaldunok. Hala, herri bat eraikitzen ari garela uste dut. Lehen politika eta kultura besterik ez ginen. Orain, energia berriztagarriak, laborantza eredua edo kontsumitzeko manerak ere zaintzen ditugu. Herri osoago bat eraikitzen ari gara, ez bakarrik euskaltasunetik, baina bai euskaltasunean eta bere sustantzia osoarekin. Duela 40 edo 50 urte, ez zen lurra zaintzea herria defendatzea zen kontzientziarik, nehork ez zuen pentsatzen Andaluziatik ekarritako tomateak jan beharrean tokian tokikoa kontsumitzea herria biziarazteko manera bat zenik. Kontzientzia hori bada, egun.

Kontzientzia behar da, errelato bakarra gailenduarazi nahi den garaian, egungo haurrei ETA zer izan zen esplikatzeko?

Zaila da sistemaren meneko komunikabide handien arrastotik ateratzea. Guri, eskolan, euskaldunek, Orreagan, Karlomagnoren gizonei sekulako zafraldia eman zietela kontatzen ziguten, ez aurrez Karlomagnoren armadak Iruñea aldean eginak zituen sarraskiak. Nik, ene azken atxiloketa baino lehen, ene inguruko haurrei zer gertatuko zen kontatzeko parada izan nuen. Xantza handia da hori. Bestela, zer da entzuten dena? Hiltzea ez dela haizu. Baina populu bat desagerraraztea ere ez ote da hiltzea? Frantsesek anitzetan aurpegiratzen digute nehork ez gaituela hiltzen. Heriotza, aitzitik, ez dute pistolek ala bonbek bakarrik eragiten. Erizainek ongi dakigu bizitzen ez laguntzea ere hiltzea dela.

Etxean norbait duzunean, gezurrak ez du lekurik. Hor ez da modarik, dirurik edo itxurakeriarik. Bakoitza den bezalakoa da.

Eta, bakoitza bere etxean gakotua bizi den sasoian, nola esplikatu zer den jendea etxean hartzea?

Eni emateak ekarri dit zoriona, ez hainbeste jasotzeak, eta hori ttipitatik ikasten den zerbait da. Klandestinitatean ala etxean norbait duzunean, gezurrak ez du lekurik. Hor ez da modarik, dirurik edo itxurakeriarik. Bakoitza den bezalakoa da. Horrek eguneroko bizimodu arruntak uzten ez duen espazio bat sortzen du. Eguneroko bizimodu arruntean, lanera joan behar zara, gizarte segurantza zein zergak ordaindu, etxeko lanak egin... Zurrunbilo horrek ez du uzten elkarrizketa sakonak izaten, emozioak errotik bizitzen eta jendea barnetik berritzen. Ez dut uste beste jende batzuekin partekatu ditudan emozio eta sentimenduak ohiko bizitzan bizi daitezkeenik. Horrek ez du erran nahi pertsona hobea zarenik, baina bai zure izatea aberasten duzula.

1992an, ETA indarrean zenean, eta 2015ean, ETA armagabetzeko ahaleginean ari zenean, atxilotu zintuzten. Historiako bi momentu arras ezberdin eta bietan zu.

Historiako momentuak bakarrik ez, ni ere desberdina nintzen. 1992an, eginbidez ari nintzen, gaixo bat laguntzeko, baina, egia aitortzeko, lehen atxiloketa hartatik landa, kontzienteago egin ditut gauzak. 1992an laguntzaile sentitzen nintzen, baina 2015ean banekien zer eta zertarako egiten ari nintzen. Diferentzia handia da hori. 1992an inozentzia puntu bat nuen, arrautzatik atera berri den txita bezala, mundua konprenitzeko zerbait falta. Kartzelatik pasatzeak begiak ireki zizkidan. Ez da presondegia bezalakorik estatua zer den eta zertarako gai den ikusteko.

Graxi Etxebehere, Jeff Mateo eta Terexa Lakunberri 2015eko uztailean atxilotu zituzten, Iñaki Reta eta Xabier Goienetxeari aterpea emateagatik. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Zer da militantzia zuretzat?

Sentimendu eta pentsamolde bati jarraitzea zure buruarekin fidela izateko. Nik ez dut adoktrinatzean sinesten. Bakoitza sentitzen duen hegi politikora doa, bere mementoko ideologiak galde egiten dion tokira. Ideologia ere ez da sortzez izaten. Inork ez du orain 20 urte bezala pentsatzen, dena aldatzen da eta gu ere bai. Horregatik ekarri behar dira teoria intelektualak praktikara. Erraten baduzu «ezkertiarra naiz eta justizia soziala nahi dut!» ezin zara karitatearen gibelean gorde. Justizia den lekuan ez da karitaterik. Zintzoa bazara, karitatera zure erosotasunagatik lerratzen zarela aitortu behar diozu zure buruari. Nik sentitzen badut ez dut pentsatzen. Izugarri zoriontsu izan naiz egin dudan bidean. Horrek ez du erran nahi ez dudala negarrik egin. Lagun zoragarriak galdu ditut, beldur eta angustia anitz pasa, baina, ororen buru, arras zoriontsu sentitzen naiz.

Ororen buru, presoak dauzkagu oraindik.

Hainbeste urteren ondoren, jende bat 30 urtez preso egon daitekeela pentsatzea ezin jasana da. Sinetsi nahi dut norbait ari dela korapiloa askatu nahian. Hurbilketak izan dira. Gutxi da, ez da nahi genuena, denak libre nahi genituzke, baina bada zerbait. Garaipen ttipiak ere baloratu behar dira. Zoritxarrez, erabakiak Parisen eta Madrilen hartzen dira, hemengo autonomiak ez dira haraino iristen, eta, helduko balira ere, ez da errana kartzelako ateak zabalduko liratekeenik. Zer egin? Nola egin? Ez dakit, baina presoena gure zauria da. Horregatik dakit azkenaldiko urrats ttipi horiek ez direla estatuen borondate on eta eskuzabaltasunez heldu.

Oraindik bada esperantza, beraz?

Ni ez naiz batere galdua sentitzen. Ez dakit zehazki bidea zein den, baina badakit nora joan nahi dudan. Uste dut jakinen dugula herri honi beste taupada bat ematen. Momentuz, herriko etxetik, ikastolatik, dantza taldetik ala tokikoa kontsumituz, egiten duzuna herria eraikitzearen zentzuan egitea da bidea, ipar hori ez galtzea. Legearen barnean noraino iristen ahalko garen? Ageriko. Horren arabera, hurrengo belaunaldiek beste bide bat asmatuko dute ala ez. Ez dakit zer erabakiko duten, baina ez nuke lehengo bide bortitzetatik berriz abiatzerik nahi. Alde batetik, badakit orain ez dela hori bidea eta, bestetik, kartzelara joatean gertatzen den antzeko zerbait gertatzen da: joateko prest denak ere ez du joan nahi.

Baina bideak asmatzeko nola ahalduntzen da jendea?

Autoestimua eta konfiantza behar dituzu. Ttipi-ttipitatik heldu den zerbait da. Haur bati ez duela deusetarako balio errepikatzen badiozu hori barneratzen du. Zenbat aldiz entzun diedan herritarrei, batez ere emazteei, «gu ez gara deus». «Gu ttipiak gara», «beti hala izanen da», «batzuek manatzen dute eta besteek obeditzen»… Mezu horiek arras barneratuak dira gizartean. Alienazio bat dago hor, ez bakarrik euskaldunena. Ttipitatik hasi behar da hori iraultzen. Haurrari nor dela erakutsi behar zaio, eta nor izatea ez dela zerbait ukatea ala zerbaiten itxura izatea. Konfiantza hori landu behar da, zure balio eta mugekin pertsona oso bat zaren kontzientzia. Orain 30 urte, presondegira bidean, Pariseko aldirietako lursail zabalak ikustean, «hauek ez dira zuen aitaren lurrak, e», menostu nahi izan ninduen poliziak, guk oso lur gutxi genuela jakitun. «Hain urriak izaki, gure aitaren lurrak ez dituzu sekula ikusiko, baina ongi begiratuz gero, bere boneta beti!», eman nion arrapostu. Sekulako nortasuna zuen gure aitak. Ez zuen frantsesez ongi mintzatu beharrik pentsatzen zuena argiki errateko. Hori ez da hitzekin transmititzen, biziz erakusten da. Alabaina, nago gure belaunaldiak nonbait huts egin duela. Egun dena da ni, ni eta ni. Ondokoari buruzkoa desagertzen ari da.