Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
1210_7K_lotura5
ARGAZKIAK: LOTURA FILMS - MAIALEN ANDRES | FOKU
Zazpika

«Orkestra Lurtarra»: Ametsari segika, sorkuntza-grina akuilu

Harkaitz Canoren «Orkestra lurtarra» liburuak pantaila handira egin du salto. Lotura Films ekoiztetxeak apirilaren 8an estreinatuko du animaziozko filma Hego Euskal Herriko zinema aretoetan eta apirilaren 12an iritsiko da Ipar Euskal Herrira.

Euskadi Literatura Saria eskuratu zuenean, 2014an, ezagutu zuten Harkaitz Canoren ‘Orkestra lurtarra’ (Elkar) liburua Juanba Berasategi eta Miren Berasategi aita-alabek. «Irakurri eta gustatu zitzaigun, bazuen umoretik kontatzeko aukera. ‘Behingoz istorio txoro bat kontatuko dugu’, pentsatu genuen», gogoratu du Miren Berasategik, Lotura Films ekoiztetxeko arduradunak. Izan ere, faktoriaren aurreko lanek bestelako pisua eta tonua izan dute, landutako gaiari dagokionez: ‘Lur eta Amets’ (2020), ‘Nur eta herensugearen tenplua’ (2017), ‘Tormeseko itsumutila’ (2012) filmek, esaterako.

Dibertitzeko unea iritsi da. Manu erratz-jotzailea, Krokanti abeslari lirikoa, Aldika kontrabaxu-jotzailea, Osoki perkusionista, Stella piano-jotzailea, Perfumetti anaiak (zirkuko musikari izanak), Salegi (iruzurra eta trikimailua lagun dituena) eta Presidente ahuntza izango dituzte bidaide ikusleek. Road movie bat baita filma, bidaia bat.

«Bizitzan ezer ez da erraza, ezta bat-batekoa ere, baina aldi berean asko dauka ospatzeko. Hori oso ondo ikasi dute Orkestra Lurtarra arrakastara… edo ez… eramango duten musikariek. Filmeko pertsonaiek eta horiek arrakasta horren bilaketan biziko dituzten hartu-emanek gizartea ezin hobeto erretratatzen dute: Manu ameslaria eta pixka bat inozoa; Salegi bizizale eta harroa; Perfumetti anaia erromantikoak; Aldika orojakilea; Osoki bihurri eta egoskorra...», azaldu dute Lotura Films-eko arduradunek.

Juanba Berasategi hil ondoren ere, 2017an, aurrera egin zuen proiektuak eta lanari ekin zioten ekoiztetxeko kideek. Miren Berasategik, Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek hartu zuten lekukoa. Azken biak arduratu dira lana zuzentzeaz eta Poncek –Dut, Kuraia, JP Lohian...–, gainera, filmaren musika konposatu du.

Lau hizkuntzatan ikusiko da film luzea. «Euskal Herrian euskaraz eta Espainian gazteleraz ikusiko da. Katalanera itzultzen ere saiatzen gara eta ingelesera beti itzultzen dugu. Batzuetan salmenta egin ondoren izaten da, baina kasu honetan hasieratik egin dugu, nazioarteko salmentak errazteko», azaldu du Miren Berasategi ekoiztetxearen arduradunak.

Milioi eta erdi euroko aurrekontua du filmak, ohiko kopurua Lotura Films-en. Dirulaguntzarik gabe ezin. «Bestela ez dago filmik egiterik», diote. «Madrilgo Kultura Ministerioko ICAA erakundearen, Lakuako Gobernuaren eta Gipuzkoako Aldundiaren dirulaguntzak jaso ditugu. ETB ere sartu da proiektuan. Eta orain onura fiskalak ematen dizkiete inbertsore pribatuei eta finantziazio bide berria ireki zaigu; oso interesgarria guretzat», azaldu du Berasategik.

Hasierak gogorrak izan ziren, bi zuzendarien esanetan. «‘Lur eta Amets’ bukatu eta pandemia lehertu zenean lantaldearen jarduera puskatu egin zen. Story board-a idazten harrapatu gintuen, kaotikoa izan zen. Bakoitza bere etxetik aritu ginen 2021eko ekainean denok estudioan sartu eta egoera normalizatu zen arte», gogoratu dute Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek.

Joseba Ponce eta Imanol Zinkunegi dira animaziozko filmaren zuzendariak.

Galtzak bete lan izan dute. Zuzentzeaz gain, bestelako zereginak ere izaten dituzte eskuarki. «Lantalde txikia gara eta denok denetarik egiten dugu, ez gara zuzendari izatera mugatzen», argitu dute biek. Lehenak animazio lantaldearen eta pertsonaien diseinuaren ardura izan du eta bigarrenak musika konposatu du. «Abestu ere egin dut oraingoan, Josebak hala eskatuta», aitortu du Zinkunegik barrez Donostiako Intxaurrondo auzoan duten lantegian.

Poncek ez du ezkutatzen; erronka izan da berarentzat. «Lehenengo aldia da pelikula musikatu dudala. Inoiz jorratu gabeko musika estiloak jorratu ditut, esperimentaziorako bidea eman dit».

Polita eta dibertigarria izango zela esan diogu eta «bai, bere buruhausteekin», erantzun du irribarrez musikari hondarribiarrak.

Protagonista da musika ere. Ez da soinu-banda hutsa. Liburutik aldendu eta beste molde batean landu dute. Harkaitz Canok musika klasikoko erreferentzia ugari txertatu zituen liburuan. Lotura Films-ek, idazlearekin elkarlanean, musika garaikideagoaren aldeko apustua egin du. Klasikotik urbanora. Gaur egungo hainbat euskal musikari ezagunen cameoak barne. «Ikusten nuen errazago moldatuko nintzela musika garaikideagoa eginez, nahiz ez landu nik beti erabili dudan erregistroa, rocka. Haize-instrumentuekin batera perkusioa izateak lagunduko zidala pentsatu nuen», esan du Poncek.

Modu horretan, ikusleentzako musika erreferentziak gaurkotu eta erakargarriago bihurtu dituzte. «Produktu freskoa, arina, egin nahi izan dugu», kontatu du Poncek. «Ganberroa, xelebrea, absurdoa...», gaineratu du Zinkunegik.

Sortze prozesua

Musikak funtsezko tokia du filmean eta sortze prozesua ere desberdin egin du horrek. Elkarri eskua emanda joan dira marrazkiak eta soinu- banda. «Beste batzuetan pelikula egin ondoren sortzen duzu musika, baina oraingoan alderantziz gertatu da. Kasu batzuetan abestiak lehenago egon behar zuen, kontakizunarekin batera. Pertsonaiek musika jotzen zuten une guztiek aurreikusita eta planteatuta egon behar zuten, maketan bazen ere; hala, animatzaileek jakin zezaten pertsonaiak ze akorde jotzen duen, ahalik eta fidelenak izateko», azaldu du Poncek.

«Nahiz eta fikzioko pertsonaiek jotzen duten musika, hori lortu nahi genuen», zehaztu du Zinkunegik.

Eskuz egindako lanak pisu handia du oraindik ere animazio arloan. «Animazio tradizionala egiten dugu, eskuz, paleta grafikoa erabiliz. Baina elementu batzuetan 3D ere sartu dugu, itsasontziak, autoak... Arrunta da hau gaur egun. Oso konplexua izango litzateke dena eskuz marraztea, lan handia eta emaitza ez hain ona. Hori bai, 3Dkoak ere lehenengo marraztu egiten dira. Dekoratuak ere eskuz margotuak dira software modernoa erabiliz», esan du Zinkunegik.

Hogei langile aritu dira animazio lanetan, erdiak estudioan bertan eta beste hainbeste freelance.

«Bizitza eraldatzailea»

Gustura dago Harkaitz Cano bere lanak izan duen bizitza «luze eta eraldatzailearekin». 2013an argia ikusi zuen liburua bueltan da, bizi berriarekin. «Bihurtu da liburuarekin zerikusirik ez duen zerbait, eta gustatzen zait», esan du.

Bere lehen esperientzia da animazio arloan. Erronka ez zen erraza; jakin bazekien hori Canok. «Oso zaila iruditu zitzaidan. Nola egin, nola eraman... ikusten nuen gauza asko aldatu beharko zirela», aitortu du idazleak.

Bi hizkuntza baitira literatura eta zinema. Bakoitzak bere kodeak ditu. «Prosa egiten duzunean ez zara hainbeste konturatzen ekintzaren pisuaz. Pertsonaiak izan daitezke oso erreflexiboak, eduki ditzakete ideia batzuk ala besteak, izan dezakete nolabaiteko nortasuna, baina zer egiten dute? Niri kosta egiten zait, oro har, gauzak ekintzara ekartzea. Horretaz gero konturatzen zara, pertsonaiek eskuak mugitu behar dituztenean, eskuetan gauzak izan behar dituztenean...», egin du gogoeta irribarrez.

Eneko Olasasgasti.

Eneko Olasagastik eta biek idatzi dute gidoia eskuz esku. ‘Gau bat operan’ filmean aurkitu dute inspirazioa. Sam Wood-en zuzendaritzapean egindako Marx anaien komedian Grouchok Milango Operako izarrak ontziratu zituen. Helmuga, New York. Eta ontzian, ezkutuan, bi polizoi: Harpo eta Chico.

Orkestra Lurtarreko kideen itsas bidaia ikusiko dugu Lotura Filmsen ekoizpen berrian. Zein baino zein xelebreagoak, hauek ere New Yorkera doaz. «Badu esajeraziotik eta absurdotik. Absurdoa egunerokotasunetik abiatuta esan nahi dut. Azken finean, musikarien bizimodua aitzakia da istorioa kontatzeko. Oraingo musikariena zein orain dela berrogei urtekoena. Liburuak bazeukan hori eta gidoia egiterakoan potentziatu egin genuen», adierazi du Olasagastik.

Pertsonaia berriak sortu ditu donostiar gidoilariak istorioak pantaila handian funtziona dezan. Horren adibide da Salegi, Mozarten Salieriri oihartzun egiten diona. Antagonista. «Liburuan abentura lineala kontatzen dut. Bidean sortzen zaizkien arazoei aurre egin behar diete Orkestrako musikariek, ginkana moduko batean. Baina filmak antagonista bat egotea eskatzen du, edo laguntzen du behintzat. Film batean hitza munizio bihurtu behar da. Hitza beti norbaiti zuzenduta dago eta zuzentzen diozun horrek berak propiziatzen du. Hori da, hain zuzen ere, gidoi bat engrasatzen duena», adierazi du Canok.

Liburuaren eta filmaren ezaugarri erakargarrienetako bat hizkuntzarekin egiten duen etengabeko jolasa da. Izenburutik bertatik egin du umore keinua Canok. «Ez da orkestra lurtarra, estralurtarra baizik. Lurtarrak izatea predikatzen dute beraiek, baina ez dira», nabarmendu du Olasagastik.

Zer gorde, galdu eta zer irabazi du liburuak zinemara jauzi egitean? Eleberriaren izpiritua aipatu dute biek. «Hasierako izpiritu ganberro hartatik zerbait gorde du». Irreberentzia. «Badauka puntu ganberroa eta puntu lirikoa ere bai. Puntu zoroa, liburuak baduena eta funtsean mantentzen duena».

«Hausnarketen dentsitatea galtzen da, hala behar duelako. Pelikulan ez dago hainbeste leku pertsonaiek hainbeste hausnarketa egin dezaten. Jasanezina bihurtuko litzateke edo sei orduko pelikula beharko luke», azaldu du Canok.

«Badauka liburuak inola ere eduki ezin duena, Joseba Ponceren musika; kristoren oparia da», azpimarratu du Canok. «Istorio bat ekintzetara ekartzen denean beste bizitasun bat dauka. Eta pertsonaiak marraztuago daude. Oso eszentrikoak ziren eta markatuak, baina mugimenduan jartzean bizitasuna hartzen dute», gaineratu du.

Harkaitz Cano.

«Balio literario huts-hutsak galtzen ditu, baina irabazten ditu ikus-entzunezko balioak. Fisikoa irabazten dute pertsonaiek. Irudimena kentzen diogu irakurleari, guk irudikatzen diogu istorioa, baina uzten ditugu ertzak norberak imajinatzeko. Eszentrikoak dira, baina batek familia dauka, izozkiak saltzen ditu... hainbat kontu jakin ditugu filmari esker eta hor irabazi egin dugu», nabarmendu du Olasagastik.

Protagonisten arteko harremanak ere indartu ditu gidoiak. «Surrealismoa galdu da; literarioki jostagarriagoa zen. Ez dituzu pertsonaien arteko hainbeste lotura; filmean gehiago dituzu eta horrek aberastu egiten du», zehaztu du Olasagastik.

«Ahalegina egin dugu euren arteko harreman ez konbentzionaletan sakontzeko. Bakoitza bere eroak darabil eta ondo dago horrela izatea, hau izan dadin istorioaren sor-marketako bat», gaineratu du Canok.

Baina oso gai lurtarrak lantzen ditu kontakizunak: ametsak, amodioa, egoa... «Idealizazioa ere sartzen da maitasun kontuetan. Zertaz maitemintzen da Manu Stellaz maitemintzen denean? Emakumeaz, piano-jotzaileaz, piano-jotzaile emakumeaz, ontzian topatu eta bere taldekidea bihurtuko denaz? Askotan guk buruan daukagun ereduaz maitemintzen gara eta gero errealitatearekin talka egiten du», esan du Olasagastik.

Badago, bere esanetan, pertsonaia denek komunean duten zerbait: duintasuna. «Garbi geneukan gaiztoari egurra eman behar geniola. Nola? Berak sortu duen gurpil zoroan mantenduz, atera ezinik».

Bukaera idazteko garaia iristean berak hartu zuen bidea. «Nahiko sinplea da, baina buelta asko eman genizkion. Istorioak momentu batetik aurrera bere nortasuna hartzen du eta hasten da markatzen bere leku naturala, urak bere bidea hartzen duen bezala. Gidoigintzan, literaturgintzan, dokumentalgintzan... gauza bera gertatzen da. Eta bukaerarekin horixe gertatu zitzaigun», esan du Olasagastik.

Izaera sortzailearen apologia

Liburuan izaera sortzailearen apologia egin nahi izan zuen Canok. Gorde du filmak. «Musikari izan nahi dute eta amets horren atzetik doaz frustrazio eta zailtasun guztiekin; eta bitartean, bizitza ari da gertatzen».

«Batxillergo artistikoa ez da aukera bezala ikusten, eta amorrua ematen dit. Gaur egun agian aldatu da, baina lehen bideratuak sentitzen ginen karrera ‘mota’ bat aukeratzera. Eta horrek ere frustrazioa sor dezake. Kezkagarria zen ikustea bokazioari ze kasu gutxi egiten zitzaion Batxilergoaren amaieran. Lanbidea aukeratzerakoan ze mekanismo perbertso dagoen, edo zegoen ni unibertsitatera joan nintzen garaian. Nola sartzen zizuten, ikasle ona bazinen, Ingeniaritza ala Arkitektura. Hortik behera, dena zen porrota. ‘Ez duzu lanik aurkituko eta ez duzu dirurik irabaziko’, esaten zizuten. Nik Zuzenbidea ikasi nuen. ‘Zergatik?’, galdetzen didate. 1993an niri ez zitzaidan inor etorri Artearen Historia existitzen zela esatera, Itzulpengintza justu-justu... Zer sustatzen zen? Gauzak bestela dira hemendik kanpo. AEBetan, esaterako, oso garbi daukate zure ‘harrikada’ sustatu behar dutela».

Berriketaldia aurrera doa eta nabaria da Canok zein Olasagastik zuzendariei dieten miresmena. Garbi dio lehenak. «Imanol eta Joseba ere gidoilari kontsideratzen ditut nik, nahiz zuzendari gisa sinatu. Paperean dagoenaren interpretazioa eta bariazioak eta aportazioak asko dira beraienak. Eta etxekoa duten estiloa». «Zirriborroa ematen diegu gidoiarekin; gainontzeko dena haiek egiten dute», gaineratu du bigarrenak. «Josebak denetarik egiten du, zuzendu, soinu banda sortu eta, uzten badiozu, kantatu ere bai!», berretsi du Canok.

Aurrekontua eta entrega-data, sortzailearen ohiko mamuak. «Iruditzen zaizu marrazki bizidunetan dena dela posible, baina ez da guztiz egia. Pelikula konbentzional batean baino askoz ere libertate gehiago dituzu –jolasteko, bidaiatzeko, naufragio bat sortzeko, istripua... – eta hori ezingo genuke egin gaur-gaurkoz euskal film batean, baina muga bat badago. Zenbat eta dekoratu gehiago, zenbat eta mugimendu gehiago, garestiagoa da».

Luze jo du bientzat proiektuak. «Bi urte dira guk gidoiaren azken bertsioa entregatu genuela. Eta 5-6 bertsio egitera iritsi ginen; pentsa noiz abiatu ginen!», esan du Olasagastik. Filma zinema-aretoan ikusteko irrikaz daude. Ia urtebete joan zen dirulaguntza eskuratu eta ekoizpena martxan jarri zenerako, baina hori mesederako izan zelakoan daude. «Distantzia hartu eta beste begi batzuekin ikusten duzu. Zurea ez balitz bezala begiratzeko saiakera egin behar duzu, arazoak non dauden aztertu, ondo zer ez dagoen ulertzeko. Gidoia irakurri ondorengo feedbacka jasotzen genuen zuzendarien aldetik eta horrek gida-lana egin du guretzat. Epeak luzatzea etsigarria izan daiteke, baina kasu honetan kontrastatzeko aukera ere izan dugu».

Aurretik Lotura Films-en beste bi proiekturen gidoiak sinatu zituen, ‘Nur’ eta ‘Lur eta Amets’. Juanba Berasategik egindako azken oparitzat hartu du Olasagastik ‘Orkestra Lurtarra’. «Hilabeteetako kontua izan zen; guk enkargua jaso eta handik gutxira utzi gintuen», gogoratu du.

Cano eta Olasagasti ere lehendik elkarrekin lan egindakoak dira. «Bera gaztea zen eta ni ia-ia», egin du txantxa Olasagastik. «Pelikula luzea eta antzerkirako proiektua, biak, ditugu kaxoian. Gidoilarioi hori gertatzen zaigu, gehiago dira tiraderan dauden proiektuak gauzatzen direnak baino. Eta hori gertatzen denean esan nahi du adin bat daukazula», adierazi du.

Proiektua aurrera atera, ez atera, finantziazio kontuak, unean uneko interesak... sartzen dira jokoan. «Hanka bat literaturan eta bestea gidoigintzan edukita bi gauza egiten zaizkit oso gogorrak. Batetik epeak, nola eternizatzen diren eta nola kaxoiak giltzaz ixten diren. Zeren epe batean egin ez baduzu, jada ez da egingo. Eta hori asumitu behar duzu», bota du Canok.

«Gidoilari handiei entzuten diezu zain zeukan gidoiak aurrera egin duela. Txikioi ez zaigu gertatzen», zehaztu du Olasagastik.

Gaztetxoei zuzendua

‘Orkestra Lurtarra’ gaztetxoei zuzenduta dago. «Adin tartea asmatzea ez da erraza izaten –onartu du Miren Berasategik–. Publiko asko hurbilduko zaigu adin tarte desberdinetakoa, hala espero dut», esan du.

Horixe izan dute helburu gidoilariek. «Denentzat egindako filma da, denek aurkituko dute zerbait. Ez dago elementu bakarra guztientzat, horrek ez du funtzionatzen, baina badaude elementuak belaunaldi diferenteentzat; keinu asko daude».

Kontsumo ohiturak asko aldatu dira. «Nerabeentzako egindakoa haurrek ikusten dute; ‘Goazen’ da horren adibidea. 15 urte dituzunean 30 urtekoentzako egina den sit-com-a ikusten duzu. Eta, beraz, nerabeek –gero eta gehiago aurreratzen da– 11 urterekin nahi dute 15 urterekin zer datorkien jakin. Oso naturala da, ia biologikoa. Zure interesa ez doa zure lekura, hori ezagutzen duzu, gero datorrenera baizik».

Garbi dio: «Errealitatea da 2Dko animazioa –oso ikertua daukate Mirenek eta– 8 urtetik gora ez duela inork ikusten. Nire fantasia izan da ikustea gurasoren bat seme-alabekin batera filma ikusten, aitak barre egitea eta semeak ez ulertzea zergatik egin duen barre; moskeo puntua izatea». Eta aurrejuzguak oraindik indarrean. «Marrazkia beti lotzen zaie haurrei, ez dago modurik hori gainditzeko», esan du.

«Jabier Muguruzari aurreko diskoetako baten aurkezpenean entzun nion gauza bat grazia handia egin zidana. ‘Norentzat egin duzu?’ galdetu eta ‘edonorentzat, nerabeentzako salbu’ izan zen erantzuna. Igual hori da esan behar duguna. Gero neraberen batek ikusi nahi badu, bere erantzukizunpean...», gaineratu du. [barreak]

«Ez gara kontziente nola markatuko duen irudiaren erabilera sare sozialek», amaitu du Olasagastik.