Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto
Pablo Laso, aurkezpenik behar ez duen entrenatzaile eta jokalari ohia.
Pablo Laso, aurkezpenik behar ez duen entrenatzaile eta jokalari ohia.
Gari GARAIALDE / FOKU

Pablo Laso nondik datorren azaltzea oso erraza da; norantz joango den igartzea, berriz, ez

Saski Baskoniak Real Madrilen aurka jokatu behar duen ACB Ligako finalerdietan Pablo Lasok beste inork baino askoz garrantzia handiagoa hartzen du. Gasteiztarra delako, bere ibilbidea ezaguna bezain pentsaezina delako, eta agian, azkena ere izan daitekeelako.

Kosta egiten da Pablo Lasoren jokalari profila interneteko ohiko bilatzaileen bidez aurkitzea. Pentsa: 1984an, 17 urte bete gabe zituela, Pepe Laso aitaren eskutik Caja Alava mitiko haren elastikoarekin debuta egin zuen –Josean Kerejeta, Iñaki Garayalde, Essie Hollis, Alberto Ortega... taldekide zituela–. AEBetan batxillergo ikasketak amaitu eta 1994/95 denboraldira arte Saski Baskoniako kide izan zen. Tartean Europako Errekopako bi final galdu zituen, Kopako beste final bat ere galdu zuen, baina 1995eko Kopa irabazi ez ezik, jokalari onenari zegokion MVP saria ere lortu zuen antolatzaile gasteiztarrak.

Ez dago gaizki 1,78 metro neurtu eta ez defentsan ezta jaurtiketan ere trebetasun larregirik ez zuen jokalari bat zela aintzat hartuta. Baina muga fisiko eta teknikoak muga, Espainiako selekzioarekin 61 partida jokatu zituen antolatzaile arabarrak, tartean 1995eko Eurobasketa; Real Madrilen jokatu zuen 1995/96 denboralditik 1997/98ra, eta Madrildik joan ostean, Caceres, Girona, Lleida eta Valladoliden jokatu zuen –azken talde honek azken orduan deitu zion, Dusko Ivanovicen aginduetara Saski Baskonian egin baitzuen Pablo Lasok denboraldi aurrea– 2002/03 denboraldiaren ostean behin betiko erretiroa hartzeko. Tartean Trieste eta Malagako Unicajan ere denbora tarte laburretan aritu ostean.

ACB Ligaren estatistika zerbitzua aintzat hartuta, 624 partida jokatu zituen Lasok ACB Ligan; 17.378 minutu, Europako txapelketa ezberdinetan edo bestelako lehiaketetan jokatu zituenak aintzat hartu gabe. Eta pentsa, kontuan hartu bere entrenatzaile karrerak hartu duen pisua eta garrantzia, nerabezaroan «gizonen aurka» jokatzen hasi eta duela hogei urte eskas oraindik ere galtza motxak jantzita jokatzen ari zela ahazteraino.

Kronologia iheskorra

Noiz pasatu zen Pablo Laso entrenatzaile izatera –eta ez trajea jantzi duen beste jokalari ohi bat–? TAU Castello taldearekin 2003/04 denboraldian hasi zenean? Pamesa Valentziarekin aurreneko saiakera egin zuenean ACB Ligan, nahiz eta 24 partida eta gero bota zuten? Lobos Cantabriarekin Urrezko LEB Ligan lekua egin zuenean? Gipuzkoa Basket ACB Ligara eraman eta bertan egonkortu zuenean?

Orain baietz esatea erraza da; ordurako bazela entrenatzailea eta Alberto Herrerosek Real Madril entrenatzeko dei egin zionean, hegaleko ohiak bazekiela zertan ari zen eta Pablo Lasok bazuela ordurako nahikoa eskarmentu halako erronkari heltzeko. Baziren, bai, «zergatik ez?» galdetzen zutenak; hau da, zergatik izan behar zuen derrigor hankasartze bat Real Madrilentzat eta baita Pablo Laso berarentzat ere tamaina hartako abentura baten sartzea. Bai, bazeuden, baina gutxiengoa ziren eta azpitik dirua jokatzen duen hark adinako fedearekin egiten zuten apustu hainbatek.

Han zegoen Xavi Pascual, Bartzelona zeruetaraino eraman zuena Dusko Ivanovic "Can Barçatik" atzeko atetik atera ostean. Bada, Ettore Messina entrenatzaileak ez zuen askoz zorte hoberik izan Real Madrilen eta urte eta erdi zirenak eta ez zirenak jasaten aritu ostean –filtrazioak, esamesak, zurrumurruak, aldageletan giltzapean gertatzen diren zenbait kontu aireratzea...–, 2011ko Euroligako Lauko Finalera Real Madril sailkatzea lortu eta gero –1995az geroztik lehenengo aldiz–, Cataniakoak ate danbateko eta guzti alde egin zuen «Etxe Zuritik». Bada, 2010/11 denboraldia amaitu arte «Lele» Molin italiarrak jarraitu zuen Real Madrilen buru, baina Euroligako Lauko Finaleko partida biak –finalerdia eta hirugarren posturako dema– oso erraz galdu eta ACB Ligako finalerdietan Bilbao Basketen aurka 1-3 kalera joan ostean, Molinekikoak berehala egin zituen Alberto Herrerosek.

Ez dago zertan enegarrenez errepikatu, baina Pablo Lasok Gipuzkoa Basketekin 2011ko uda hartan kontratua berriztu zuen, Real Madrilen telefono deia iritsi zen arte. Dan Peterson CIAko agent... barka, Tracer Milanoko entrenatzaileak beti esan izan du Kevin McHale handiak baietz esan ziela, baina kontratua sinatzera zihoan unean bertan telefono dei batek dena hankaz gora bota zuela. Noski, NBAko Boston Celtics taldea zen eta McHale gazteak agur esaten denbora gehiago eman omen zuen AEBetara hegazkina hartzen baino, bai baitzekien nora zihoan.

Ez ordea Pablo Lasok. Herreros eta Lasok artean biak jokalari zirela elkar ezagutu zuten Madrilen. Biak dira lagun min, eta Herrerosen deiari baietz esateko GBCri agur  esateko baino denbora gutxiago behar izan zuen gasteiztarrak, nahiz eta agurreko prentsaurrekoa ere eman.

Inork ere ezingo zuen pentsatu Pablo Lasok Europako saskibaloiaren historian hartuko zuen pisua eta garrantzia. Inork ez zuen usteko betidanik «Pablito» edo «Pepe Lasoren semea» edo «Pablo Losa»k, Donostian mespretxu puntu batekin definitzen zuten haien ahotsean, Real Madril Europako gorenera eramango zuenik; alegia, Pablo Lasoren eskutik Real Madril berri bat eraikiko zela eta bere jokoa, batez ere 2012tik 2014ra bitartean, gogoan hartzeko modukoa izango zenik.

«Gauza asko aldatu ziren 2014az geroztik», esan zion GARAri Juan Carlos Gallego Serrano saskibaloi adituak. «Euroligako finala bigarren urtez jarraian galdu zuen Real Madrilek urte hartan, eta ACB Ligako finala Bartzelonak irabazi zion. Gogoratu gainera, Laso garai hartan orpazurdako lesioarekin zegoela eta ACB Ligako finaleko azken partidan epaileek egotzi zutenean gurpildun aulki batean eraman behar izan zutela aldageletara, epaileen aurka sekulakoak esaten ari zen bitartean. Itxura patetiko hark Lasoren azkena zirudien Real Madrilen, baina postua salbatu zuen, Hugo Lopez eta ‘Jota’ Cuspinera entrenatzaile laguntzailea eta lagunak ‘sakrifikatu’ ostean. Beraien lekuan Chus Mateo iritsi zen –Europako saskibaloi adituek historiako bigarren entrenatzaile onenen artean dagoela aho batez onartzen dute–, Zan Tabakekin lehenengo eta Paco Redondorekin orain. 2014az geroztik Real Madril askoz sendoagoa da, baina aurreneko urte horietan zuen freskotasuna eta arriskuak hartzeko ohitura –1-2-2 zonakako defentsa presioa kantxa osoan eginez, piramidearen puntan hegal-pibot bat antolatzailea defendatzen jarrita, esaterako– galdu egin du. Lasoren karrera eta palmaresa loditzeko, erabaki zuzena; zaleen begietarako, dibertitzeko aukera bat gutxiago», gogoratzen zigun.

Orain ohiko bilatzaile horietan «Pablo Laso» idazten baldin bada, «jokalari ohia» jarriko du lehenbizi, baina hurrengo jartzen duen datuaren arabera, Real Madrilen historian sekula inork baino neurketa gehiago zuzendu dituela, Lolo Sainz mitikoa joan den urtean gainditu eta gero.

Bere lorpenak Real Madrileko entrenatzaile denetik hona zorabiatzeko modukoak dira: 2015eko eta 2018ko Euroligak irabazi ditu –2013, 2014 eta 2022an azpitxapeldun–, 2015eko Kontinente Arteko txapeldun; 2013, 2015, 2016, 2018 eta 2019ko ACB Ligako txapeldun; Kopa, berriz, 2012, 2014, 2015, 2016, 2017 eta 2020ean irabazi du, eta Superkopa ere, torneo ofiziala den heinean, zazpi pilatu ditu: 2012, 2013, 2014, 2018, 2019, 2020 eta 2021.

Entrenatzaile Onenaren Sariak, berriz, apal oso bat behar izateraino: 2012/13, 2014/15, 2015/16, 2017/18 eta 2018/19 denboraldietan Estatu espainoleko Entrenatzaileen Elkartean –AEEB delakoak– ematen duen Antodio Diaz-Miguel Saria irabazi du; Euroligak urtero Entrenatzaile Onenarentzat banatzen duen Aleksandr Gómelskiy saria, berriz, 2015 eta 2018an eraman zituen.

«Azken dantza, maitia, zurekin»?

Alabaina, 2020ko Kopaz geroztik, 20021eko Superkopa da Pablo Lasoren Real Madrilek irabazi duen azken saria; berdin dio hamarretik zortzitan txapeldunorde geratu bada ere, bigarren postuan amaitzea porrot egitea da Real Madrileko zaleentzat eta hargatik, aurtengo Kopako finalean Bartzelonaren aurka galdu eta gero, batek eta bik baino gehiagok Pablo Lasoren aroa «amaitutzat» jo dute.

Euroligako Lauko Finalera iristea eta finalerdietan Bartzelona gainditzeak arnasa eman zion entrenatzaileari, baina Anadolu Efesen aurka 57-58 galtzea kolpe handia izan zen Real Madrilentzat eta Pablo Lasorentzat bereziki.

Euroligako finala oso neurketa txarra izan zen, ez dago esan beharrik, baina madrildarren azken defentsa sekulako hankasartzea izan zen. Hau da, Pablo Lasoren aginduz, bere taldeak faltarik ez egitea erabaki zuen, turkiarrek saskira nahitaez bota beharko zutela jakitun, jabetza agortzen zitzaielako. Alabaina, kalkuluak egiten burua galdu zuten Real Madrileko aulkitxoan, Anaolu Efesek azken orduan jaurti eta kale egin arren, madrildarrak ezertarako denborarik gabe geratu baitziren. Hau da, nahiz eta bi jaurtiketa libre botatzeko aukera eskaini talde turkiarrari, ez al zen hobeto bospasei segundu edukitzea 57-60ko emaitza berdindu eta luzapena jokatzeko?

Alegia, kontua ez baita azken defentsa baten falta egitea edo ez egitea norbera puntu bat edo bi goitik dela, atzetik joanda baino. «Kanpotik berba egitea erraza da» esatea kasu honetan ostrukarena egitea da, hankasartze estrategikoak Real Madril ezertarako aukeratik gabe laga zuelako, eta kasu honetan ezin diezaioke entrenatzaile gasteiztarrak inori errurik bota, bere buruari baino. Inor ere ez da perfektua eta tentsio goreneko momentuetan nornahik sar dezake hanka; are, Roberto Iñiguez de Heredia entrenatzaile gasteiztarrak –Pablo Lasoren adinkidea, ikaskidea eta gelakidea– duela zenbait urte hedabide honi esandakoa gogoan, makina bat etxeko besaulkitik berriketan diharduen bitartean, Laso eta Iñiguez lako entrenatzaileek nahiago dute finaletan bertan, barruan egon, akatsak akats eta porrotak porrot. Akats puntual batek, larria izanda ere ezin du ordura arte egindako lan ona zapuztu, baina akats hori existitu ez balitz bezala jokatzeak ere ez dakar ezer onik.

Hala, orain Saski Baskoniaren aurka ACB Ligako finalerdiari ekin beharko dio Pablo Lasok eta badirudi Kopa amaitu berritan gasteiztarra Real Madriletik at uzten zuten zurrumurruak isildu edo apaldu direla. Gara baten Alex Mumbruk zirudien, 2011ko udan Pablo Lasorekin gertatu zen operazio hura gogoan, entrenatzaile arabarraren lekukoa hartzeko hautagai nagusia. Gaur, zarata horien oihartzuna isil xamarrik dago. Baina deskuidoan Baskoniak Real Madril bidean botata lagako balu, akaso Pablo Lasorekikoak egitea erabakiko dute Real Madrilen agintariek, azken honek hamarkada luze honetan lortutakoak kontuan izanda ere.

Bada, Michael Jordanek 1998ko play-off horien atarian, «Azken Dantza» hartan, idatzi omen zuenaren antzera, Pablo Lasok ere antzera sentitu lezake. «Hau ote bidearen amaiera? / Eta hala bada, zer dator gero?».

Todo sobre ACB Liga 2021-2022