Entrevista
Huntza taldea
gara-2023-05-30-Entrevista

«Planifikatutako gauza bakarra erromeria bezala kontzertu batzuk eman eta diskoa grabatzea zen»

Olatu baten moduan iritsi zen Huntza taldea euskal musikaren panoramara. Ilusioz bete zituzten beren bihotzak eta promesetan erori gabe oinak lurrean mantendu zituzten, inguruan jende asko zelatan izan bazuten ere.

Hori guztia haiekin izan garenean jakin dugu, damutu askorik ez dagoela ere bai, eta baita izan nahi dutena izan direla ere. Hitzak haizeak eramaten dituela askotan entzun izan dugu; hemen, ordea, idatziz jasota geratuko dira azkenekoz guri esanak.

Mugagabeko etenaldia iragarri dute aurten. Baina, argi utzi digute horrela iragarri zutela bortitzegia zitzaielako agur esatea. Elkarrizketa baino, solasaldia izan dugu, mahaiaren bueltan seiak eserita. Gaiak atera eta lasaitasun osoz aritu dira hizketan, beren burua gutxi mugatuz. Horrela jakin ditugu orain arte ez genekizkien hainbat bitxikeria.

Horietatik lehendabizikoa. Donostian bertan, GARAren erredakziotik metro gutxira entseatzen dutela izan da. Aleka iristen joan dira guztiak, eta hitz-aspertu horretan jakin dugu hori. Argazki batzuk egin eta NAIZ Irratiko estudiora igo gara. Ebaki bat eta bi ur botilatxo, elkarrizketa abiatu aurretik.

Aurkezpen handiegirik behar ez duen talde horietakoa da Huntza. Unibertsitate ikasketak medio, arrasatear bat, ataundar bat, hernaniar bat eta itziartar bat elkartu zirenean sortutako taldea. Josune Arakistain Salasen trikiti doinuak eta Aitor Huizi Eizagirreren biolinarenak Bilboko Zazpi Kaleetan behin baino gehiagotan batu baitziren garai haietan. Hortik Aitzol Eskisabel Ruiz eta Peru Altube Kazalis sartu ziren taldera, eta laukote moduan hasi zirenean eman zuten lehen pausoa, plaza talde bat osatuz. Geroago, Aitzolek Inhar anaia izan du bidelaguna eta, taldea biribiltzeko, Uxue Amonarriz Zubiondo batu zitzaien.

Seiak hizketarako gogoz etorri dira, ostiral giroan, eta hori nabaritu da galderei erantzuterako garaian. Eseri, mikroa zabaldu eta ea denak batera inoiz gisa horretara eseri ote diren galdetuta, Uxuek irratian ezetz erantzun, eta Aitzolek segidan: «Hau izango da lehen aldia eta azkena». Barre egin dute guztiek, eta Aitorri «fuerte hasi gara» batek ihes egin dio.

Datu esanguratsuak

Ez da ibilbide izugarri luzea egin duen horietakoa Huntza talde bilbotarra. Bai, bilbotarra dela argi utzi behar delako, nahiz eta partaide guztiak gipuzkoarrak izan. Bederatzi urte darama taldeak martxan, eta uzten dutenean hamargarren urteurrenarekin bat egingo du. Bidean, hiru disko, maxi-single bat, 31 abesti eta bederatzi bideoklip. Milioika ikustaldi eta entzunaldi pilatu dituzte plataforma digitaletan, baina horren aurrean denetariko iritziak ditu taldeak. Peruk datuak «begiratu bai, baina jolas moduan» egiten duela esan du. Eta, itxuraz, Josune eta Aitor bide beretik doaz; izan ere, iruzkinetan irakurri izan dituzten «No se entiende» edota «Arriba España» bezalako mezuak etorri zaizkie burura.

Baina, era berean, Aitzolek arduraz ere begiratu izan diola kontuari aipatu du, ‘Aldapan gora’ euskarazko kantu entzunena izateak «baduelako fokua gainean jarrita duzula sentitzearen zeozer» berarentzat. Dena dela, «erreprodukzioen zera hori modernoa» dela gogorarazi nahi izan die besteei Peruk. «Euskal kantu klasikoen garaian ez zegoelako halakorik, eta diskoen salmentak-eta kontuan hartu behar direla» uste du taldeko bateria jotzaileak. Ildo horretatik segi du Josunek, halako datuak aztertzean «oso abstraktua» iruditzen baitzaio guztia. «Ezin da alderatu, esaterako, publikoan jende asko izatearekin. Nire aurrean erreprodukzio beste pertsona izango balira, harridura handiagoa izango nukeen ziurrenik», gaineratu du trikitilariak.

Unibertsitate girotik fenomeno sozial izatera

Hemeretzi urte zituztela jarri zuten martxan Huntza. Bide-orririk gabe eta modu erabat naturalean hasi zen dena; Bilboko Zazpi Kaleetan egiten ziren poteo musikatuetatik oholtzara eta handik goia jotzera oso denbora gutxian pasatu zen taldea. Fenomeno bilakatu ziren.

Gogoan izan dute Spotifyn ‘Aldapan gora’ sareratu eta datuak begiratu zituzten lehen aldian, gehien entzuten zen tokien zerrendan Madril agertu zitzaiela lehen lekuan. «Larunbatero bost aldiz entzuten genuen hemen, irratietan ere bai... Baina, hala ere, Madrilen zen entzunena». Euskal Herritik kanpo izan duten zabalkunde horrek fenomeno izaerarekin lotura zuzena duelakoan daude, eta horri folka jorratu izanak are bultzada handiagoa eman diola ere uste dute. Hala ere, fenomeno hitzarekin ulertzen denaren edo berez esan nahi duenaren arteko diferentzia ere garbi dute: «Gaur egun fenomeno azkar bat sortzeko modua sareetan eta erreprodukzioetan nabaritzen da, baina, gero, askotan denboran ez da iraupen luzekoa izaten fenomeno hori. Gure kasuan luzea izan da eta horrek egiten du akaso fenomeno bihurtzea».

Hasieran izandako barre algaretatik begirada serioak izatera igaro dira, hausnarketarako tartea zabaldu zaielako. Huntzaren kasuan «gauza desberdin askoren batuketa» gertatu zela iritzi diote, une egokian eta toki egokian harrapatu zituela guztiak, eta horregatik azpimarratzen dute oso zaila dela berriz ere halako zerbait gertatzea, nahiz eta posible ikusten duten erabat. «Planifikatuta genuen gauza bakarra erromeria bezala kontzertu batzuk eman eta diskoa grabatzeko dirua lortzea» zela argudiatu dute. Ez zegoen, hartara, iritsi diren lekuraino iristea haien helburuen artean.

Are gehiago. Erromeria formatuan emanaldi oso gutxi izan ziren, eta hori gogoratzen duen edonor «kultuzko pertsonatzat» hartzeko modukoa da taldekideentzat. Iruñean, Amezketan, Etxebarrin, Lezon, Azpeitian, Ataunen... izan ziren saio haiek. ‘Aldapan gora’ kalean zegoen, baina artean erromeria formatuan jarraitzen zuten.

Arrakasta eta egonkortzea

Aipatu dugun moduan, oso azkar iritsi ziren gailurrera Huntza taldekoak. ‘Harro gaude’ izan zen ezagutu genuen lehen abestia, olatu feministaren barnean kokatzen den kantu horietakoa da. Haiek, ordea, lausotuta dute abesti honek izan zuen bilakaera. «Diskoa segidan etorri zenez, itzala egin ziola uste dut, eta honen eragina neurtzeko ez gara gai», aipatu dute. «Beste kantuak gustukoak izateko aukera zutela ikusita, esperantza sortu» zitzaiela ere adierazi dute.

Oraindik laukotea ziren orduan. Uxuek eta Inharrek kanpotik bizi izan zuten abesti honen sorrera. «Ez nuen esperantzarik talde honetan sartzeko», dio Inhar baxu jotzaileak, eta gogoan du tabernetan-eta jartzeko eskatzen zutela koadrilan, eta, entzuten zutenetan, ‘Joe! Aitzolek zer nolako taldea osatu duen!’, esaten zuela bere baitarako.

Ondoren etorri zen dagoeneko hainbat aldiz aipatutako ‘Aldapan gora’. Auskalo zenbat bider entzun dugun abestia denok, bederatzi milioi entzunaldi pilatzen dituelako Spotifyn eta ia 20 milioi ikustaldi dituzte YouTube plataformako bideo desberdinek. Itotzeko moduko datuak, eta hainbeste aldiz entzun eta zuzenean jota, gogaitzeko modukoa ere bai, akaso. Baina ez, Huntzakoek abestia maite dute, ez ordea ingurukoek izandako jarrera; «jendeak nola erreakzionatzen zuen ikusita, etengabeko iruzkinez nekatu» egiten zirela kontatu digute. Abestiaren eztandarekin zuzenekoetan une deserosoak ere bizi izan zituztela aipatu dute, «kontzertuetan ikusten zelako jendeak hau bakarrik ezagutzen zuela, eta mugikorra ateratzen zuten kantuaren unea iristean». Egoera horri aurre egiteko modua ere topatu zuten, ordea, «oholtzatik askotan jolas egiten» zuten, «hasierako notak jo eta atzetik beste abesti batekin jarraituz».

Kantua atera eta gutxira kaleratu zuten ‘Ertzetatik’ diskoa Mauka musikagintza zigiluarekin. ‘Aldapan gora’ argitaratu zutenerako harremanetan zeuden diskoetxearekin, taldean Arrasateko kide bat izanda, gertukoak zituztelako. «Gu joan ginen haiengana. Baliabide askorik ez genuen diskoa grabatzeko, eta laguntza eskatu genien disko bat aurrera eramateko prozesuan jarraitu beharreko pausoak zeintzuk ziren jakiteko». Ez zuten diskoa haiekin ateratzeko asmorik, baina horrela izaten bukatu zuen.

‘Aldapan gora’ kaleratu eta gero «beste batzuk» –disketxeak– etorri ziren ate joka, «tartean, batzuek, Maukakoei ezer ere esan gabe, gurekin bilera bat egin nahi zutela esanez» gerturatu zitzaizkiela. Gai honen inguruan ere serio aritu dira guztiak. Nabarmena da, orain dakitenarekin atzera begira jarrita, ez zela une erosoa izan hasiera haietan bizitakoa.

Bigarren diskoarekin, ‘Xilema’ lanarekin, taldetik bizitzea posible zela pentsatzera iritsi zirela aitortu digute, «baina, epe luzera begira ezingo zela ikusita eta dagoen ziurgabetasuna kontuan izanda», sekula ez dute mahai gainean jarri aukera hori.

Taldekideen aburuz, «aukera zilegia da taldetik bizitzea», baina, baldintzetan-eta, «badakigu nola dauden gauzak». Modu prekarioan bizitzeko beste ematen duela argi utzita, industriak etengabe sortzen dituen eskariei aurre egin beharraz mintzatu dira. «Pauso hori ematekotan, sareetan oso aktibo egon behar duzu, bideoklip asko atera behar dituzu...», eta ez zaie arrazoirik falta. «Merkantilizazio hori, industria kapitalistaren ondorioetako bat da». Josunek Arakistain trikitilari eta abeslariak bukaerako esaldi bat gehitu dio horri guztiari: «Honetatik bizi nahi izanez gero, gure ustez, denok egon behar dugu taldetik bizitzen, eta ez taldekide batzuk taldetik bizi eta besteak ez».

Zaintzaren garrantzia, arrakastaren kudeaketa

Halako talde batekin arrakasta lortzen denean, inguruan sortzen den guztiak neke psikologikoa ere ekartzen duela jakitun gara, askotan aipatu izan den gaia delako. Bide horri jarraiki, irudi publikoaren dependentzia aipatu dute, eta erakundeetatik dagoen babes falta ere bai. «Debalde gauza asko eskatzen zaizkigu», adierazi dute. «Ez zaizu ezer kostatzen eta...» horretatik abiatuta, eskaera asko jasotzen dituzte musikariek, oro har; izan argazki bat, mezu bat edo dena delakoa, eta horren aurrean erantzuna garbia da: «Barkatu, baina denbora kostatzen da». Baina denbora soilik ez, «ongizate emozionala ere hor sartzen da», taldekideen aburuz, «beti ez zaudelako hain gogotsu edo indarrez halako gauzei erantzuteko».

Taldekideen artean asko babestu direla nabarmendu dute. «Sorpresaz etorri zen dena, eta ostiak jasota ikasi dugu hau guztia kudeatzen». Baina denek ere antzeko egoerak bizi izan zituzten eta asko hitz egiten zuten haien egoeraren inguruan. Taldekideengandik «inguru pertsonaletik baino babestuago» sentitu izan da kideren bat edo beste. Baldintza ugari zituzten haien ohiko bizitzetan. Josune Arakistainek hartu du berriro hitza: «Parrandan atera eta momentu oro jendea argazkiak eskatzen izateak, komentarioak entzun beharrak eta horrek guztiak baldintzatzen zaitu». Eta horrela sentitzearen zergatia ere argitu dute: «Ez ginen hori bilatzen ari».

Hedabideak eta kausa sozialak

Halako talde batek hedabide askorekin izaten du harremana, baita gizarte-ekintzan aritzen diren elkarte askorekin ere. Huntzari egokitu zaio batean eta bestean aritzea eta, horregatik, medioetan izandako esperientziak ere hizpide izan ditugu haiekin.

Taldeko bi emakumeek hitz gogorrak izan dituzte honen inguruan. «Erabilia» sentitu dela esan du Uxue Amonarrizek, eta «inoiz biolento sentitu» dela gehitu du Josune Arakistainen. Musikaren –eta hedabideen– munduan emakume izatearen peajeetako bat. «Norabait joan, ikusi dena bideratuta dutela haiek nahi dutena eskuratzeko, instrumentalizazio bat-edo ikusi dut horietan, eta produktua bagina bezala erabilita sentitu gara», salatu du Arakistainek. «Medio publiko eta handi askok, industria kapitalistaren tranpan erorita, erabili izan» dituztela ere ohartarazi dute gainerako taldekideek, ahalik eta erreprodukzio, ikusle edo irakurle gehien pilatzeko helburuarekin.

Haiek egindako adierazpenak aldatu izan dituzte hedabideetan, eta izan da harago joan den kasurik ere. Valentzian gertatu zen. «Contratan el grupo proetarra Huntza». Arakistainek irudia ere gogoan du, bere argazki batekin ilustratu baitzuten, 40 Minutu Rock jaialdian jo zutenekoa. Gerora, «alkateak barkamena eskatuz idatzi» ziela ekarri dute gogora. Baina adibide onak ere burura etorri zaizkie, eta medio txikiekin izan duten harremana ona izan dela aipatu dute.

Nabarmena da, beraz, batean eta bestean izan duten arrakasta. Eta horrek ere ekartzen du kausa sozialen mesedetan parte hartzeko leihoa zabaltzea ere. Haietatik bitxiena, ziurrenik, Teruelen izan zen jaialdi batekoa izango da. «Ez da hau lehenengo aldia ateratzen dena». Zer da, bada? Teruel jasaten ari den despopulazioa dela-eta, Allepuz herriak jaialdi solidario bat antolatu zuen eta hara gonbidatu zituzten Huntzakoak. «Teruel, existe, resiste y la ostia. Izugarria», ohartarazi dute. Gauza asko izan omen zituen emanaldi hark. Alkateak speecha bota omen zuen eta, atzetik, «internazionala abestu eta jendartera oholtzatik behera bota» zela ere gogoratzen dute. Espainiako banderaren bat ere erre omen zuten publikoan zeudenek, eta «zuetako batzuk ere bota zineten alkateak horretara gonbidatuta», esan diote elkarri, une haiek gogoratuz.

Agurraren erabakia

Gehiago eman zezakeen, ziur. Talde gaztea da eta ez ibilbide oso luzekoa. Oraindik bide berriak urratzeko aukera izan zezaketen, baina «gainbehera baino lehen» eta «gaina hartuta sentitu garen unean» hartu dute Huntzakideek haien urratsak geldiarazteko erabakia. Otsailaren 23an jakinarazi zuten ‘Azkena balitz bezala’ kontzertuarekin agur esango dutela 2024ko otsailaren 3an.

2021aren bukaeran kaleratu zutelako ‘Ezin ezer espero’ diskoa. Garai zailak bizi izan ziren pandemiaren urteetan, eta ea horrek eraginik izan ote duen galdetuta, ezezkoa da haien erantzuna. «Kontrakoa egin zuela esango nuke. 2020an kontzertu asko genituen, eta 2019a oso potentea izan zen; hortaz, pandemiak deskantsua hartzeko aukera eman zigun. Bakoitza gure bizitzan zein tokitan gauden eta nola bizi nahi dugun ikustean hartu dugu erabakia».

«Gu aldatu gara eta ez Huntza, eta horrek du eragina», aipatu dute, uste baitute ez daudela prest Huntzak duen erritmoari eusteko. «Lan asko ematen du taldeak eta konpromiso maila ere sekulakoa da», adierazi dute. Batzuetan, gainera, berehalakotasuna eskatzen dute erabakiek «eta, horietan, estresa areagotu egiten da».

Hala, funtzionatzeko modu hori kontuan izanda, agurrean tentsio momenturik ez dutela izan nabarmendu dute. «Tentsio momentuak noski izan direla, asko, talde guztietan bezala, baina bukaeran justu kontrakoa gertatu da, dena goxo joan da». Baina gozoari gazia ere gehitu behar zaio. «Egia da batzuek indar gehiago zutela jarraitzeko besteek baino; baina inork ezin du bestea behartu honetan jarraitzera eta, penaz bada ere, horrela onartu beharra dago».

Eboluzioa taldean eta eszenan

Talde moduan soinu modernoagoetarako saltoa eman zuten nabarmen ‘Ezin ezer espero’ diskoarekin, eta irudian ere aldaketa handi samarra izan zuen taldeak. «Zintzotasun ariketa» bezala ulertu behar dela esan digute, «unean horrela sentitu» zutela eta haiengandik horrela atera zela. «Aldaketarako gogoa» zutela eta «oraingoan bai bideoetan, bai birako jantzietan garrantzia berezia eman» diotela irudiari, ordura arte musikari soilik eman ziotelakoan.

Eta hein batean normala ere bada, hasi zirenetik gaurdaino panorama musikala dezente aldatu delako. Dena dela, barrutik bizitakoari buruz galdetuta, «panorama orokorretik isolatuta egon» direla adierazi dute, «nahiz eta horren parte izan». Huntzak «hasierako izpiritu hura mantentzen» du, eta, hartara, «gauza askoren kontziente ez» dira izan.

Egun, musikaren merkatuak daraman erritmoari ere erreferentzia egin diote. Izan ere, ez da bereziki esparru egonkor bat eta abiada bizian eraldatzen doa etengabe. «Gaur egun gauzak tantaka eta sarri-sarri eskaintzen ibili behar duzula jakitea oso nekagarria da». Baina Huntzakoek ez zuten «modu horretan ibili nahi» eta «zorionez» ez dira «zirkulu horietan» sartu.

Baina agurra ez da bide itsua izango. Ez, bederen, Josune Arakistainentzat. Süne proiektua abiatu du bakarka, eta sareetan nahikoa aktiboa den pertsona dela esan dezakegu. «TikToken saiatu naiz zerbait egiten nire kasa, baina zaharregia naizela konturatu naiz 27 urterekin, lotsa ematen dit nire burua gisa horretan ikusteak. Ikastaroak hartu eta ikasi egin nahi dut, mundu horretan ere egoteko», adierazi du trikitilariak.

Beste batzuek ahalik eta gehien saltzearren beren esku zuten guztia egin duten bitartean, Huntza «musikan zentratu» dela diote, kantuak mimoz tratatzen jardun duten sentipena baitute. «Eta hori guztia, kontziente izanda korrontearen kontra» doazela. Horregatik, bidean «gauza asko galdu dituztelakoan daude», muga ez dituztelako zeharkatu nahi izan. Marra gorria non dagoen garbi ikusi izan dute: «Antzerkia egin eta zirkuaren parte izan edo ondo pasatu eta eroso sentitu, hori zegoen aukeratu beharra».

Entzule bezala aldaketa hori bera nola ikusi duten galdetuta, sortzailearen sena hori badutela agerikoa da. Baita nortzuk diren taldean gai honekiko kezka berezia eta iritzi garatuena dutenak ere. Izan ere, halako eztabaida txiki bat piztu da Peru Altuberen eta Arakistainen artean. Lehenaren ustez, «munduaren aldaketaren isla izan da musikarena ere». Eta aldaketa horretan, gauza txarrez gaindi onak ere ikusten baditu ere, «penaz» ikusten du nola «kontsumitzen den musika». Arrasatearraren hitzetan, «musikak lehen zuen esentzia galdu egin» du, eta adibide bat jarri du hori adierazteko: «Zure bizitzako momentu txiki batean disko bat entzun eta ordu erdi eskaintzean, betiko oroitzapen bat sortu daiteke. Hori ez da baloratzen egun».

Arakistainek horri erantzunez, «bizi garen garaian dena aldatu» dela uste du eta egun nola kontsumitzen den «begi onez» ikusten du. «Gaur egungo belaunaldi gazteei ez zaie buruan sartzen disko oso bat entzutearen ideia, akaso gehiegi da», esan du. Eta hor sortu da halako blokeo egoera bat. Izan ere, Altuberi horrek «pena» ematen diola esan du, eta Arakisteinek esan, berari ez diola hainbeste eragiten, berak singleak entzuten dituela eta «lotsarik ez» diola ematen. Baina segituan askatu da korapiloa. Abesti baten zabalkunderako single batek aukera gehiago ematen dituela nabarmendu baitu Altubek, hala ere, aldi berean, horrek abestiak «ahanzturan geratzeko arrisku gehiago» duela gehitu du, eta baieztapen hori onartu egin du Arakistainek. Korapiloa askatu dute, beraz, laster batean.

Iritsi da unea, ‘Azkena balitz bezala’

Argentina, Japonia, Uruguai, Mexiko, Kuba, Estatu frantsesa, Estatu espainola, Suitza, Herrialde Katalanak, Galizia... eta aurten atzerriko beste herrialde bat zapaltzekotan dira Huntza taldekoak. Baina oraindik ezin da esan nora doazen.

Maiatzean Ortuellan eta Abadiñon izan ostean, ekainerako bost gehiago iragarri dituzte, eta beste hiru uztailerako. Igorren ekainaren 9an txosnetan izango dira; 10ean, Ampostan Lo Riu Sona jaialdian; 23an, Leioako sanjoanetan; 24an, Irungo Mosku plazan; eta 25ean, Arrasaten. «Baina, garai batekin konparatuta, ez dira hainbeste; ikasi dugu ezetz esaten», azaldu digute taldekideek, atzetik uztailekoak aipatzeko: hilaren 1ean, Vivianzon, Galizian; 22an, Vilanova i La Geltrun, Katalunian; eta 29an, Ezcafesten, Ezkarain, Errioxan. Horrez gainera, «oso berezia den» beste bat ba omen dute uztailean.

Euskal Herrian jo gabe geratuko diren tokiren bati penaz begiratzen ote dioten galdetuta, Larresoro aipatu dute. «Barruko bitxikeria bat da. Uste nuen Larresoron jo genuela; eta ez, Landibarren jo genuen, eta nik apustua galdu Josuneren kontra. Azkenean han jo gabe geratuko gara», aipatu du Aitzol Eskisabelek.

Otsailaren 3an esango dute agur eta «sekulako festa» izango dela aurreratu dute, «nahi duguna egingo dugu». Sarrerak gutxika agortzen doazela eta data gordetzeko esan digute, «eta hartu alojamendua, abisatuta zaudete», gehitu diote sarreren kontuari. «Sorpresa asko egongo dira eta kontzertu oso berezia izango da», nabarmendu dute.

Josune Arakistainek gogoan du oraindik, aurtengo otsailean, agurra iragarri zuten lehen egunean, Aitor Huizi eta biak medioz medio agurra kontatzera joan zirenean, negarrez igaro zuela eguna. Baina, aipatu dutenez, «aldatzen doa hori ere, eta orain disfrutatzen ari gara elkartzen garen aldiro». Horrez gainera, «bakea eta immunitatea» ere sentitzen dituztela kontatu dute.

Bada, badoaz, eta agurtuko ditugu. Aldapan gora hasitako bide hura lasai-lasai bukatu dute. Haien kantuko poema bezala, nekatu egin dira, baina deabruak dira eta beti izango dira gure fonotekan, horretaz ez egin zalantzarik inondik inora ere. Zer esan... Itaka ez, agur Huntza!