NAIZ.INFO
DONOSTIA

Independentziaren aldeko ‘Bagoaz’ proiektua jarri dute abian

Independentistak sareak Euskal Herriaren independentziaren alde dauden arrazoiak bilduko dituen liburua osatzeko proiektua jarri du abian. ‘Bagoaz’ du izena eta auzolana du oinarri.

Esti Mujika, Unai Apaolaza eta Floren Aoiz. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Esti Mujika, Unai Apaolaza eta Floren Aoiz. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Independentistak sareko Esti Mujikak, Floren Aoizek eta Unai Apaolazak eman dute ‘Bagoaz’ proiektuaren nondik norakoen berri Donostian egin duten agerraldian.

Egitasmo honen bidez Euskal Herriaren independentziaren alde dauden arrazoiak biltzen dituen liburu praktiko eta erabilgarria osatu nahi dute. Auzolana izango du oinarri, hau da, ideia horren alde daudenen ekarpenekin egingo da.

Azaldu dutenez, dagoeneko ehunka lagunekin harremanetan jarri dira, beren ekarpenak biltzeko, baina eskaintza edonork egin dezake. Horretarako www.bagoaz.net webgunea eta bagoaz@independentistak.net posta jarri dituzte martxan.

Independentistak sareak Bilbo, Donostia, Iruñea, Gasteiz eta Baionan eztabaida saioak egingo ditu datozen hilabeteetan. Ekarpen guztiak urriaren hasierarako bildu nahi ditu, horien sintesia egin eta liburua osatzeko. Durangoko Azokarako prest izatea espero dute.

Sareko kideek nabarmendu dutenez, une honetan independentziarako inoiz baino faktore gehiago ematen dira: nazioartean dagoen eztabaida (Eskoziako kasua, adibidez), krisi ekonomikoaren ondorioz Estatu espainol eta frantsesean ez dago etorkizunik, Gernikako bonbardaketaren eta Nafarroako konkistaren urteurrenek eztabaida historikoa piztu dute eta, azkenik, Euskal Herrian bizi den aro politiko berrian proiektu politiko guztien eztabaida ematen ari da.