naiz.info
Donostia

EAEko hauteskundeetan euskarari behar duen tokia emateko galdegin die Kontseiluak alderdiei

Oraindik deitu gabe dauden EAEko hauteskundeetarako kanpainan euskarari behar duen tokia emateko eskatu die Kontseiluak alderdi politikoei.

Kontseiluak hauteskunde-egitarauak aztertu izan ditu, eta ondoren, alderdiek aurkeztutako programen balorazioa egin izan du. «Oraingoan aurrea hartu eta egitarauak prestatzen ari diren unean luzatu nahi izan diegu proposamena alderdiei, eta, beraz, badute aukera herritarrei hauteskunde-kanpainan aurkeztuko dieten programak egokiagoak izateko», esan du kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Aurrerapausoak eman diren arren, euskararen normalizaziotik urrun gaudela adierazi du, eta ondorioz normalizazio-prozesua bizkortu beharraz mintzatu da. «Horretarako gutxienekoak zein diren definituak ditu Kontseiluak: kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea eta gure hizkuntzak beharko lukeen status egokia (berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa», gaineratu du.

Lehenik eta behin, Kontseiluak alderdiei helarazitako proposamenak orain arte aplikatutako hizkuntza-politikaren hutsunerik handienak aztertzen ditu.

Ondoren, hizkuntza-politikak izan beharreko helburu nagusiak zein izan beharko liratekeen azaltzen du dokumentuak.

Horrekin batera hurrengo urteotan arlorik arlo egoerari buruzko irakurketa laburra eta egin beharrekoak zehazten ditu Kontseiluak helarazitako proposamenak.

Amaitzeko Paul Bilbaok EAEko hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdiei mezu bat helarazi die: «Azken egunotan argitaratutako datuek erakutsi digute nahitaezkoa dela hizkuntza-politika aldatzea eta neurri eraginkorrak hartzea. Normalizazio-prozesuaren erritmoa azkartu behar dugu gure hizkuntza berreskuratuko badugu eta gure herrian euskaraz bizi ahal izatea errealitate bihurtzeko. Horrexegatik, eskatu nahi dugu Kontseiluak luzatutako proposamenari erreparatzeko eta haien programetan hizkuntza-politika eragingarria hartuko duten konpromisoa agertzeko».