NAIZ.INFO
BILBO

Bizkaiak %6 eta %8 arteko murrizketak egingo ditu, espero baino diru gutxiago bildu ondoren

Jose Luis Bilbaok esan duenez, Bizkaiko Aldundian %6 eta %8 bitarteko murrizketak egin beharko ditu, proportzio berean izandako diru-sarreren jaitsiera orekatzeko. Diru-bilketaren jaitsiera «kezkagarria» dela aitortu du.

Gernikako Juntetxean burutu den Politika Orokorreko Osoko Bilkuran Bilbaok azaldu duenez, urte bukaeran aurreikusitako diruaren %92 eta 94 bitartean biltzea espero du Bizkaiko Aldundiak. Hortaz, «2012. urtearen itxierara soberakin negatiboekin ez iristeko», proportzio berean murrizketak egin beharko dituela iragarri du.

Bilbaok argitu duenez, «datozen egunotan» zehaztuko du zein neurri hartuko duen «aurrekontuen betearazpena gure diru-sarreren errealitateari egokitzeko, defizit berririk eragin gabe».

Bizkaiko Batzar Nagusietako talde politikoekin ere bilduko da, aipatu neurri horiek zenbaterainokoak diren azaltzeko.

Zentzu horretan, iragarri du 2013ko aurrekontuak «zorrotzak» izango direla eta, iruzurraren kontrako neurriak proposatzeaz gain, zerga-sistemaren erreforma bat ekiteko beharra nabarmendu du, errenta altuenei tipoak igoteko eta Sozietateen Gaineko Zergak dituen kenketak murrizteko.

Bizkaiko Foru Aldundiak abuztura arte iaz bildutako dirua baino %3,1 gutxiago jaso du zerga bidez. Datu hau «benetan kezkagarria» dela esan du Bilbaok.

Kopuru zehatzei erreparatuta, urtarrila eta abuztua bitartean, 3.859,6 milioi euro bildu ditu Bizkaiak. Zifra hura, iaz, 3.982 miliora iritsi zen.