Naiz.info
Gernika

Gatazka konpontzeko aukera ez duela galtzen utziko ohartarazi du Gernikako Akordioak

Estatu espainiarraren gatazka konpontzeko «borondate eza» agerian geratu dela salatu dute, baina «aldebakartasunaren» bidetik lanean jarraituko dutela eta ez dutela etsiko adierazi dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek bigarren urteurrenean.

Gernikako Akordioaren sinatzaileek agerraldia egin dute bigarren urteurrenean. (ARGAZKI PRESS)
Gernikako Akordioaren sinatzaileek agerraldia egin dute bigarren urteurrenean. (ARGAZKI PRESS)

Gernikako Akordioa martxan jarri zenetik bi urte igaro direla gogoratu dute gaur akordioa sinatu duten eragile politiko, sozial eta sindikalek.

Giza eskubideetan oinarritutako gatazkaren konponbide integrala lortzeko sortu zen ekimena izan zela eta geroztik gertatu diren «argiguneak» aipatu dituzte. EPPKren atxikimendua Akordioari, biktima guztiei egindako aitortza, Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia eta ETAk jarduera armatua behin betiko uztearen erabakia jarri dituzte adibide bezala.

Horren aurrean, Estatu espainiar eta frantsesak izandako jarrera «oztopatzailea» eta salbuespeneko legedia oraindik ere mantentzen dutela salatu dute. 197/2006 doktrinak indarrean jarraitzen duela edo Iosu Uribetxebarriarekin Estatu espainiarrak izandako krudelkeria aipatu dituzte.

Ildo horretan, Orain dela urtebete ezarri zituzten ondorioak ezin izan dituztela bete onartu dute. Preso politikoen egoerak ez duela hobera egin, aukera politiko eta erakunde guztien legeztatzea oraindik ez dela eman eta zken asteetan eman diren epaiketa politikoak aipatu dituzte.

Hala ere, «aldebakartasunaren» bidetik lanean jarraituko dutela ohartarazi dute urratsez urrats Gernikako AKordioa bere osotasunean bete arte eta Aieteko Konferentziaren ondorioak gauzatzen has daitezen.