Naiz.info
Kairo

Gazan «berehalako» su-etena hitzartzeko galdegin die Ban Ki Moonek bi aldeei

NBEko idazkari nagusiak Gazan «berehalako» su-etena hitzartzeko eskatu du eta agintari palestinar eta israeldarrei galdegin die gatazka areagotuko duen erabakirik ez hartzeko.

Ban Ki Moon, Egiptoko Kanpo Harremanetarako ministroarekin batera. (Ahmed MAHMOUD/AFP)
Ban Ki Moon, Egiptoko Kanpo Harremanetarako ministroarekin batera. (Ahmed MAHMOUD/AFP)

«Denon artean pausoak eman behar dira gatazka ez areagotzeko, lurreko eraso bat tarteko, horrek tragedia handiagotu baitezake», esan du Ban Ki Moonek Kairon egindako agerraldian, Liga Arabiarreko idazkari nagusi Nabil Elarabyrekin bildu ondoren.

«Nire mezua argia da: alde guztiek erasoekin amaitu behar dute», egoeraren gordintzeak «arriskuan jarri baitezake lurralde osoa». NBEko agintariak bere babes osoa adierazi dio Egiptoren bitartekaritza lanari.

Gaur bertan Ban Ki Moon Israelera joango da lehen ministro Benjamin Netanyahurekin batzartzera. «Indarkeria behin betiko utz dezala eskatuko diot Gobernu israeldarrari», adierazi du.

Bestalde, AEBetako Estatu idazkari Hillary Clinton ere Netanyahurekin bilduko da Jersualemen, eta ondoren, Palestinako Agintaritzarekin, Ramallahn. Ordezkari estatubatuarra ez da, ordea, Hamasekin bilduko.