NAIZ.INFO
GASTEIZ

Kaleratzeak eteteko bankuekin hitzarmena sinatzeko proposatu dio EH Bilduk Lakuari

EH Bilduk bere lehen ekimena aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean, osatu eta biharamunean. Lakuako Gobernuari eskatu dio hitzarmena sina dezala finantza erakundeekin, kaleratze gehiago egon ez dadin. Orain arte egin diren etxegabetzeak berraztertzeko eta etxeak beren jabeei itzultzea proposatzen da itun horretan.

Dani Maeztu eta Marian Beitialarrangoitia, gaurko agerraldian. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Dani Maeztu eta Marian Beitialarrangoitia, gaurko agerraldian. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Marian Beitialarrangoitia eta Dani Maeztu legebiltzarkideek EH Bilduk Parlamentuan aurkeztu duen lehen ekimenaren berri eman dute gaur goizean.

Koalizioak legez besteko proposamena aurkeztu du, etxegabetzeak eten daitezen. Hainbat familiak bizi duten egoera larriari konponbidea ematea «premiazkoa» dela deritzo EH Bilduk eta etxebizitza alorrean legean urratsik egiten ez den bitartean «tresna eraginkorra» izan daitekeela uste du.

Proposamenean Lakuako Gobernuari EAEn jarduna duten finantza erekundeekin hitzarmena sina dezala eskatzen diote, «lehentasunez izaera publikoa duen Kutxabankekin», kaleratze gehiago egon ez dadin.

Hitzarmen horrek honako neurriak jasoko lituzke: lehendabizi, orain arte exekutatutako etxegabetzeak berraztertzea, jabeei beren etxeak itzuliz, eta hemenedik aurrera «etxegabetzeak etengo diren baldintza berdinetan jardutea».

Horretaz gain, erakunde publikoek bere gain hartuko lituzkete ordaindu ezin diren hipotekak eta ondoren, alokairu sozialen bidez jarriko lituzke etxebizitza galtzear egon den familiaren esku. Arrazoi objetktiboak desagertzean alokairua ordaintzeari utzi eta hipoteka ordaintzeari berrekingo liokete.

Azken puntuan jasotzen denez, etxegabetzeak burutu eta hitzarmena sinatzen ez duten finantza erakundeekin harreman ekonomikoak etengo lituzke Lakuako Gobernuak.