Aimar ETXEBERRIA
DONOSTIA

Gazte Zukgua prozesua

Badira pare bat hilabete Euskal Herriko gazteak antolakunde ezkertiar eta independentista bat sortzeko prozesuan murgilduta daudela. Zukgua hitzarekin izendatu dute prozesua. Modu horretan, norbanakoak kolektiboari egiten dion ekarpena azpimarratu nahi dute eta, era berean, kolektiboak norbanakoa osatzen duela adierazi. Martxoa bitarte luzatuko den prozesuak hiru eztabaida bloke izango ditu.

Zukgua prozesu eratzailearen aurkezpeneko irudia. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Zukgua prozesu eratzailearen aurkezpeneko irudia. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Gazte antolakunde ezkertiar eta independentista baten falta du oinarri Zukgua prozesu eratzailea. Pasa den ekainean Segi gazte antolakundeak bere jarduera amaitutzat jo zuen, «tresna bezala agortuta» zegoela arrazoituz. Egoera horren aurrean, Euskal Herriko ehunka gazte antolatzeko bilgune baten faltan aurkitu ziren eta, egoeraz jabetuta, hausnarketa prozesu bati ekin zioten uda partean, gazte antolakunde baten beharra eztabaidagai hartuta. Herriz herri hausnarketak egin ostean, garbi ikusi zuten Euskal Herriak gazte ezkertiar eta independentistak bilduko zituen tresna baten beharra zuela.

Egoera horretan aurkeztu zuten gazte Zukgua prozesua Zarautzen. Bertan, prozesuaren nondik norakoak azaldu zituzten, baita dituen ezaugarrien berri eman ere. «Izan, ekin, harremandu, eztabaidatu eta eraiki», ezaugarri horiek ditu euskal gazteria aurrera eramaten ari den prozesu eratzaileak. Parte-hartzea eta grina oinarrian, frutak ditu komunikaziorako elementu nagusi bezala. Zukguak norbanakoa eta kolektiboaren arteko harremana azaltzen duen moduan, irudimena ezaugarri duen gazteriak «zukua» hitz-jokoa osatu du. Frutaren jolasak, gainera, aniztasuna adierazten du. Hainbat frutarekin egiten den «zukua» bezala, era askotako gazteen parte-hartzea nabaria baita prozesuan.

200 herritara zabaldu da prozesu eratzailea eta 2.000 gazte inguru ari dira bertan parte hartzen. Azaroan ekin zioten eta martxoaren hasieran amaituko dute kongresu baten bidez, tartean herriz herri eztabaida asanblada irekiak antolatuz. Gazte antolakundearen sorrera prozesua hiru bloketan banatu dute gazteek: egungo egoeraren azterketa orokorra, Euskal Herriko ziklo politikoaren irakurketa eta gazte estrategiaren zehaztapena.

Lehen eta bigarren blokearekin amaitu dute gazteek eta, une hauetan, etorkizuneko gazte erakundeak jarraitu beharreko estrategia definitze lanetan dabiltza. Lehenengo bi blokeetan metodologia berbera erabili dute eta bloke bakoitza hiru saiotan banatu dute: lehenengoa formakuntza saio bezala erabili dute, bigarrena ponentziari emendakinak egiteko baliatu dute eta azkenekoan emendakinen bozketak egin dituzte.

Gazte estrategia definitzearekin batera, erakunde berriaren izaera eta funtzionamendua ere zehaztuko dituzte. Ildo horretan, egungo bizi ereduak eta ziklo politiko berriak ezaugarrituko dute gazte erakunde berria. Militantzia ereduaren eztabaida mahai gainean jarriko da eta, aldi berean, ziklo politiko berriak irekitzen dituen erronkei aurre egiteko aparatu bat sortzeko erronka dute gazteek. Martxoaren 2an egingo dute I. Kongresua, aurreko lau hilabeteetan eginiko lan guztiaren isla izango dena. Bertan aurkeztuko dituzte antolakunde berriaren izen eta logoa.

«Gazte danbada», prozesuaren amaiera jaialdia

Abenduaren 8an aurkeztu zuten Zukguako gazteek «Gazte danbada» jaialdia, prozesuaren amaierako ospakizun bezala jaio dena. Ekimena martxoaren 29, 30, 31 eta apirilaren 1ean ospatuko da, oraindik zehazteke dagoen tokian. Prozesuaren amaiera islatuko duen modu berean, gazte erakundearen jaiotza izango du ospakizun jaialdiak.

Sormena eta parte hartzea oinarri izango dituen ekimena izango dela aurreratu dute gazteek eta, hala, antzerkia, musika, hitzaldiak, tailerrak, eztabaidak… izango dira egitarauan pisu handia izango duten ekimenak. Gazteek gazteentzako antolatu dute jaia izango dela azaldu dute.

Iheskide taldeak egin du jaialdiaren kanta, ‘Gazte danbada’ izenekoa, eta Leire Keikeko abeslariaren kolaborazioa izan dute. Abestiarekin batera bideoklip bat ere egin dute, euren webgunean zintzilikatu dutena.

Tximeletak, etengabeko metamorfosia

Euskal Herriko gazteria antolakunde bat sortzeko bidean den honetan, hainbat gazte ‘Tximeletak, etengabeko metamorfosia’ proiektuan murgildu dira. Dokumental bat egin dute, gazte mugimenduaren azken 30 urteetako bidea biltzen duena. Lana euren dedikazioari esker atera dute aurrera, baina herritarrean parte hartzea sustatuz, herrietako ekarpenak ere jaso dituzte.

Hainbat elkarrizketa bildu dituzte bertan, gazte mugimenduan erreferente izan diren pertsonen testigantzak jasoz. Hitzak garaiko irudiekin osatu dituzte, dokumental oso bat landuz.

Lan honekin euskal gazteriak garaira egokitzeko duen gaitasuna nabarmendu dute, tximeletak bezala etengabeko metamorfosian dagoen kolektiboa dela erakutsiz. Oraingoan ere erronka beraren aurrean aurkitzen dira Euskal Herriko gazteak, garaira egokitutako gazte antolakunde bat sortzeko ardurarekin.

Durangon izan da salgai dokumentala eta hurrengo hilabeteetan herriz herri proiekzioak egingo dituzte.