NAIZ.IFNO
BEASAIN

Lan erreforma bazter utzi eta soluzioak adosteko deia egin diete enpresariei CAFeko langileek

CAFeko zuzendaritzak Enplegu Erregulazio Espedientea bertan behera utzi ostean zoriondu egin du enpresa batzordeak langileria eta enpresariei lan erreforma ez aplikatzeko eskaria egin die, ez duelako arazorik konpontzen, sortu baizik. Langileen ordezkaritzaren arabera «gatazka honetara bideratu gaituena erreforma bera izan da».

CAFeko langileen mobilizizazioetako bat, Donostian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
CAFeko langileen mobilizizazioetako bat, Donostian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Gaur goizean jakinarazi die enpresa zuzendaritzak Beasaingo CAFeko langileei suspentsio espedientearen bideratzea eraginik gabe uzteko erabakia eta balorazio «oso positiboa» egin du enpresa batzordeak. Biharko, gainera, bilera egiteko deia ere egin die zuzendaritzak langileei eta bertan aztertuko da lan eskasiari, okupazioko orduen defizitari, nola egin aurre.

869 langileri eragingo zion Enplegu Erregulazio Espedientea da zuzendaritzak gaur bertan behera utzi duena eta pozik agertu da emaitzarekin enpresa batzordea, zuzendaritzak «sortutako egoera birbideratzen asmatu eta egoera honen aurrean egon daitezkeen alternatibak aztertu eta akordio bidez adosteko bere prestutasuna agertu duelako».

Langileen ordezkariek zuzendaritzari hasieratik egindako eskakizuna zen eurekin batera beste alternatiba batzuk aztertzea. CAFen jarrera aldaketa hori oinarri hartuta gainontzeko enpresariei deia egin die enpresa batzordeak, «ez dezatela lan erreforma aplikatu». Langileen ustez «ez du arazorik konpontzen; arazoak sortu besterik ez du egiten» eta horregatik lan erreforma bazter utzi eta arazoak dauden enpresetan langileekin soluzioak adosteko deia egin diete enpresariei.

Balorazio oharrean langileak txalotu ditu batzordeak «gatazka honetan mantendu dugun borroka irmo eta eredugarriarengatik» eta eskertu dute ere erakunde publikoen eta gizarte osoaren babesa.