NAIZ.INFO
IRUÑEA

Aralarrek agortutzat eman du UPNren ziklo politikoa eta aldaketa aldarrikatu du

Aralarren ustez, 2012. urtean agerian geratu da UPNren ziklo politikoa «agortu egin dela» eta, horrenbestez, 2013rako «beharrezko eta premiazko» jo du aldaketa.

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak, Asun Fernandez de Garaialde Nafarroako koordinatzaileak eta Txentxo Jimenez parlamentarioak agerraldia egin dute Iruñean, 2012ko urtearen balantzea egiteko.

Jimenezek nabarmendu duenez, UPNren ziklo politikoa «erabat agortua» dago eta aldaketa «beharrezkoa eta premiazkoa» da. Horretarako, PSNri konpromisoa eskatu diote, ezkerreko alternatiba baten alde lan egin dezan.

2012. urtea Nafarroarentzat «erabat negatiboa eta kaltegarria» izan da Aralarren aburuz, eta UPNren gobernuen artean «okerrena» politikari dagokionez. Bizitza-kalitatean eta gizarte alorrean hamar urteko atzerapena izan dela iritzi dio alderdi horrek.

Yolanda Barcinaren Gobernuaren «ezegonkortasun etengabea» kritikatu du Jimenezek, krisiari «Nafarroatik eta Nafarroarentzat» aurre egiteko gai ez dela izan esan du, eta PPren politikei jarraitu diela salatu du. Erabakiz jokatu behar den unean «ez du gaitasunik, ekimenik, eta erabat etsita dago», adierazi du.

Normalizazio politikoaren alorrean ere amaitu berri den urtea «gogorra eta gatazkatsua» izan dela deritzo Aralarrek eta salbuespen bakarra abertzale eta ezkerreko indarren arteko aliantza estrategikoa aipatu du.

2013ari begira, helburua bakearen, normalizazioaren eta nafarren erabakitzeko eskubidearen alde lan egitea dela esan dute Aralarreko kideek.