Naiz.info
Roma

Lega Nordekin batera aurkeztuko da Italiako hauteskundeetara Berlusconiren alderdia

Datorren otsailaren 24an eta 25ean Italian egingo diren bozetara Lega Nord alderdi eskuindarrarekin batera aurkezteko akordioa lortu du Silvio Berlusconiren PDL Alderdi Demokrata Liberalak.

Berlusconi, PDLko idazkari nagusi Angelino Alfarorekin, artxiboko irudian. (Filippo MONTEFORTE/AFP)
Berlusconi, PDLko idazkari nagusi Angelino Alfarorekin, artxiboko irudian. (Filippo MONTEFORTE/AFP)

«‘Habemus papam’, gaur goizaldeko 01.30ean hitzarmena sinatu dugu» PDLk eta Lega Nordek, adierazi du Berlusconik RTL irrati katearekin egindako elkarrizketan.

Lega Nordekin aliantza berbera lortu zuen Berlusconik bere azken agintaldian, baina azken asteetan alderdi eskuindarrak bere zalantzak agertu ditu batasun berri bati begira, ez baitzuen adostasunik aurkitzen Berlusconi berriz ere lehen ministro izateko hautagai izan zedin.

Berlusconiren arabera, lehen ministroaren izena hauteskundeen ondoren erabakiko da, horiek irabaziz gero, baina berak Ekonomia ministro izatea nahiago duela nabarmendu du.

Buruzagi italiarrak gogorarazi du behin baino gehiagotan proposatu duela berak lehen ministro izatetko hautagai PDLko idazkari nagusi Angelino Alfano. Alfanok Berlusconiren tokia hartu zuen honek 2011n dimisioa eman zuenean.

Berlusconiren aburuz, azken urteetan enpresa munduan bildutako esperientziak bere burua Ekonomiaren buruzagitzan jartzeko aukerak zabaltzen dizkio.

Lega Nordekin lortutako hitzarmenaren haritik, koalizio kontserbadorearen buru bera izango dela argitu du, Lega Nordeko idazkari nagusi Roberto Maroni Lonbardiako hauteskundeetako hautagai nagusi izango den bitartean –egun berean ospatuko dira hauteskunde erregionalak–.

Bestalde, Mario Monti lehen ministro ohiak «huts egin» diola nabarmendu du eta honek hartutako azken erabakien aurka egin du.

«Denok utzi dugu geure burua engainatzen. Monti irakasleen mailakoa da, ekonomiari sarrailaren atzetik begiratzen dien horietakoa», esan du.