Naiz.info
Iruñea

Eguraldiak petral jarraituko du oraindik, zaparrada mardulekin

Elurrak Nafarroako ipar partean sortu ditu arazo gehien, Sakanan, Baztanen eta Iruñean, esaterako. Hainbat errepidetan kateak behar dira eta arretaz gidatzeko gomendatu dute.

Ezkaba mendia, elurtuta. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Ezkaba mendia, elurtuta. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Elurra Nafarroako ipar partean da orain. Sakana, Baztan, Iruñea eta Erronkari eta Zaraitzuko bailarak zuritu ditu, errepideetan hainbat arazo sortuz. Aralarko bidea NA-7510 itxita dago, baita Irati, Izaba eta Zaraitzu Ipar Euskal Herriarekin lotzen dituzten errepideak ere.

Irekita daude Auritz-Burgeteko NA-140 errepidea, Burgiko NA-137 eta Izaba eta Zuriza lotzen dituen NA-2000 bidea, baina guztietan kateak beharrezkoak dira.

Baztanen eta Ultzaman ere bada arazorik. Kateak behar dira Alduiden eta Olaguen.

Errepide sare nagusian ez dago aparteko arazorik baina elurra ari du A-15ean eta arretaz gidatzeko gomendatu du Nafarroako Gobernuak.

Araban, bere aldetik, Opakauak itxita jarraitzen du kamioientzat eta Bernedon eta Herreran kateak beharrezkoak dira ibilgailu guztientzat.

Eguraldia traketsa eta kaskarra izango da. Haizeak ipar mendebaldetik joko du eta zaparrada mardulak izango dira nagusi goiz partean behintzat. Arratsaldean arintzera egingo dute zaparradek eta tenperaturak ere zertxobait irabaz lezake, baina petral jarraituko du oraindik.

Haizea zakar eta giro hotza oro har. Borrasken korapilo hori urruntzen hasiko da. Ea antizikloiak egonalditxo bat egiten digun hemen bihar.

Itsasoan ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da 5-6ko indarrarekin. Itsaski handia edo itsaso zakarra eragingo du eta gauean itsaskia. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3,5 m inguruko olatuak altxatuko ditu.