Naiz.info
Baiona

Baionako postako langile bat bere buruaz beste egiten saiatu da, lan baldintza txarrengatik

Bere burua urkatzen saiatu da baina azken momentuan lankide batek besoetan hartu du. Gutun bat idatzita utzi du aurretik eta lan baldintza horietan ez zuela gehiago jasaten zioen.

Baionako posta zerbitzua. (Gaizka IROZ)
Baionako posta zerbitzua. (Gaizka IROZ)

Baionako postako langile bat bere buruaz beste egiten saiatu da gaur goizean, Kazeta.info agerkariak jakitera eman duenez. Antza, bere burua urkatu du, baina lankide batek azken momentuan bere besoetan hartu eta erietxera eraman dute.

Postako langile bat lanera iristear zela ikusi du lankidea, eraikinaren kanpokaldean, metalezko habe batetik zintzilik. 07.45ean jazo da gertakaria, lanaldia hasi baino oren laurden bat lehenago. Bere lankidea besoetan hartu du azken momentuan. Ondoren suhiltzaileak etorri dira eta Baionako ospitalera eraman dute. Lankide guztiak arras hunkituak dira eta horretarako gaur lanik ez egitea erabaki dute, legeak ematen duen egoera latzen aurrean lanik ez egiteko eskubidea baliatuz.

Iturri berberen arabera, langileak eskutitz bat utzi du idatzita eta bertan zioen lan baldintza txarrak dituela eta egoera hori ezin zuela gehiago jasan.

Langileek bilkura bat eskatu dute zuzendaritzarekin eta bertako langileen ordezkaritza duen CGT sindikatua proposamen batekin joanen dela adierazi du. Zuzendaritzak gaur arratsaldean komunikatuko duela erran du. Langileek eta zuzendaritzak ez badira konponbide batetara iristen asteazkenetik aurrera grebara deituko dutela jakinarazi dute beharginek.