NAIZ.INFO
BILBO

Mobilizazioak eta aldarriak nagusi, Emakumearen Egunean

Hiriburuetako Martxoak 8ko koordinadorek lelo eta irudi bera erabiliko dituzte Emakumearen Egunean «bestelako gizarte bat eraikitzeko» proposamena egiteko.

(NAIZ.INFO)
(NAIZ.INFO)

Gaurko Emakumeen Nazioarteko Egunari begira, Euskal Herriko hiriburuetako koordinadora feministak batu egin dira lelo eta aldarrikapen berekin: «Le combat continue/Gora borroka feminista!/Somos muchas más que cuando empezamos». Ipar Euskal Herritik, Altxa Neskatxa, Bortizkeria Sexisten Aurkako Taldea, Emazteek Diote, Hendaiako Emakumeak, Le PAF eta Planning Familial elkartu dira. Hegoaldetik, talde ugari, eta batzuk aipatzeagatik, ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS sindikatuak, IUko Emakume Idazkaritza, Bilgune Feminista, Medeak, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Arabako Emakumeen Asanblada, Emakume Internazionalistak eta Lumatza.

Horien guztien ordezkaritza batek iragarri zuenez, beren «ekinbide politikoaren balioa eta garrantzia inoiz baino ozenago aldarrikatzeko». Kolektibotasunean eta elkartasunean, lau haizeetara oihukatu nahi dute «alternatibak badaudela», feminismoa, «bere aberastasun eta aniztasun osoarekin, bizi-bizirik dagoela», lanean jarraituko dutela «aukera orain eta hemen dagoela ziur» daudelako... Finean, bertzelako gizarte bat eraikitzeko proposamena eginen dute, «non bizitza, gure bizitza, erdigunea» izanen den.

Arloz arlo, sistema kapitalista eta patriarkaleko errealitatearen aitzinean, beren nahia edo bidea adierazi zuten. Adibidez, «produktibitate irizpideetan oinarritzen den, natura ustiatzen duen eta pobreziara eta bazterketa sozialera zuzentzen gaituen eredu ekonomiko eta sozial honen aurrean», emakumeek «erdigunean bizitzaren jasangarritasuna kokatzea» exijitu zuten eta bizitzaren alde, eta ez merkatuen zerbitzuan dagoen ekonomia bultzatuko dutela argitzen dute.

Alternatibak, atalez atal

«Heziketa sexuala nahi dugu erabaki ahal izateko; antisorgailuak nahi ditugu abortatu beharrik ez izateko eta abortatzeko askatasuna behar dugu gure bizitza ez galtzeko», diote feministek komunikatuan. Eta, umorea erabiliz, «arrosarioak gure obarioetatik kanpo! Nire ohean nahi dudana goizean zein gauean!» oihukatu zuten.

Hala joaten dira, banan-banan, alternatibak proposatzen, eta agiriaren bukaeran, iraultza feminista ez bada, ez dela benetako iraultzarik izanen oroitzen dute eta gaur burutuko diren ekintzetan parte hartzera gonbidatu.

12.30ean, Gasteizen, Emakumeen Mundu Martxak elkarretaratzea deitu du Gasteizko Legebiltzarraren atarian.

Arratsaldeko 19.30ean, Bilbo eta Donostian elkarretaratzeak egingo dira, emakumeen koordinakundeek antolatuta. Iruñea eta Gasteizen, aldiz, hitzordua 20.00etarako dago finkatua.

Hiriburuetako elkarretaratzeez gain, askotariko ekintzak antolatu dituzte: Baionan, «Singue Sabour, Pierre de Patience» filma eta solasaldia; Hazparnen, «Wadjda» filma eta eztabaida eta balio maskulino eta femeninoez mahai-ingurua, eta Pausun, afaria eta antzerkia.