NAIZ.INFO
DONOSTIA

Euskal Herria eta Herrialde Katalanak, aniztasunaren ikuspegitik Gipuzkoan aztergai

Kataluniako Generalitateko, alderdi politikoetako eta gizarte erakundeetako ordezkariei harrera egin die Gipuzkoako Aldundiak, Miramar Jauregian. Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan identitate aniztasuna nola kudeatzen den aztertzea helburu duen jardunaldi batzuetan parte hartzen ari dira.

Jardunaldietako parte hartzaileei harrera, Miramar Jauregian. (GIPUZKOABERRI.NET)
Jardunaldietako parte hartzaileei harrera, Miramar Jauregian. (GIPUZKOABERRI.NET)

Ohar baten bitartez Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez, ostiral honetan Kataluniako eta Euskal Herriko ordezkari politiko eta instituzionalek hartu dute parte jardunaldiotan. Martin Garitano ahaldun nagusiak Kataluniatik iritsitako ordezkariei harrera egin die Miramar Jauregian.

Han izan dira Xavier Bosch Generalitateko Inmigrazio arduraduna, Angel Colom CiUko Inmigrazio arduraduna, Oriol Amoros ERCko diputatua eta Ana Gabriel (CUP), beste eragile sozial eta akademikorekin batera. Garitanoz gain, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Petro Albite jardunaldietako Batzorde Zientifikoko kideak egin diete harrera.

Bi herrialdeotan aniztasunak duen garrantzia izan du hizpide Garitanok. Haren esanetan, «hori da izpiritua, urratsez urrats egin beharreko bidea». «Euskal Herria eta Herrialde Katalanak estaturik gabeko nazioak gara. Bakoitzak bere errealitate propioa bizi du, baina burujabetzaren aldeko prozesuak abian daude batean zein bestean».

Gipuzkoako ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, «jendartean aldaketa sakonak bizi izan ditugu gure bilakaeran. Herri anitzak gara. Jatorri eta identitate aniztasuna dugu, eta berau kudeatzeko erronka garrantzitsua dugu aurrean. Berez erroka handia dena, handiagoa da Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan, ukatua baitzaigu naziotasuna». Erronkak, baina, «gustuko ditugu eta ari gara horretan», argitu du Garitanok.

Jardunaldiek aniztasuna aztertzeko eta ulertzeko modu berria ekarri dutela esan du. «Erronka honek aukera izan behar du. Aniztasunetik eraiki nahi baitugu gure herri hau. Eta, jardunaldi hauek garrantzi handia dute horretan. Orain arte, aniztasuna hamaika ikuspegitatik aztertu eta landu da, baina jardunaldi hauek berritzaileak dira. Lehen aldiz aztertzen dute aniztasuna estaturik gabeko nazioen ikuspegitik. Ikuspegia berria da erabat: estaturik gabeko nazioetan aniztasuna kudeatzeaz ez ezer gutxi esan baita orain arte».
 
Eredu propioak pentsatzeko erronka

Pedro Albitek, jardunaldiak antolatu dituen batzorde zientifikoen izenean, eskerrak eman dizkie bertaratutakoei. Hausnarketa espazioak partekatzea garrantzitsua dela nabarmendu du Albitek. Haren esanetan, «identitate, kultura, erlijio, hezkuntza eta hauen bizikidetza, askatasuna eta begirunea bermatuko duen gobernantza berria, gaur egungo gizartean dagoen konplexutasuna, gero eta handiagoa dena, gure bi herrialdeentzat kultura minorizatuak dituzten estaturik gabeko nazioak garen heinean, hausnarketa eta ikerketa gaiak ditugu».

«Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko egoera konplexu hau ezberdintzen duten berezitasunez haratago, mundu akademikotik analisi eredu propioak pentsatzeko eta hausnartzeko erronka komuna dugu», adierazi du Albitek.

«Jardunaldi hauek bide horretan lehen pausoa izatea nahi dugu, eta gustatuko litzaiguke Europako estaturik gabeko beste nazioekin lankidetzan aritzeko sare baten abiaratzearen hasiera izatea», batzorde zientifikoaren iritziz.