NAIZ.INFO
IRUÑEA

Udaberrian egingo du Eusko Ekintzak lehen Batzar Eratzailea

Legalizazio osoa eskuratu ondoren, udaberria egitekoa den lehen Batzar Eratzailera arteko eztabaida prozesua abiaraziko du Eusko Ekintzak, alderdiak berak jakinarazi duenez.

Eusko Ekintza alderdiaren ordezkariak, Altsasun eginiko agerraldian. (Lander FDEZ. ARROIABE/ARGAZKI PRESS)
Eusko Ekintza alderdiaren ordezkariak, Altsasun eginiko agerraldian. (Lander FDEZ. ARROIABE/ARGAZKI PRESS)

Altsasun burututako agerraldi baten bitartez, iragan abenduan aurkeztutako Eusko Ekintza alderdiak jakinarazi du dagoeneko lortu duela «legalizazio osoa».

Hala ere, gogoratu dutenez, legalizazioa lortu izanak «ez du ahaztarazi behar Alderdien Legea delakoa indarrean dagoela» eta hura «ezabatu arte, euskal alderdi politiko guztion jarduna mugatua egongo dela». Alderdien Legea bertan behera gelditzea da, zehaztu dutenez, Eusko Ekintzaren helburuetako bat, «milaka euskal herritarron eskubide zibil eta politikoak ukatuta» daudelako oraindik.

Legalizaziorako tramitea bukatuta, azaldu dute, «ezker abertzalearen hainbat korronte zein sentsibilitatek osatu duten alderdi hau abian da».

«Gure barneko aniztasuna eta hamaika kolore onartzen, zaintzen eta maitatzen ditugu; are gehiago, sentsibilitate ezberdinei antolatzeko eta ekarpenak egiteko bidea eta erraztasunak emango dizkiegu, ezker abertzalea beti anitza izan baita», nabarmendu dute.

Egungo jendartearen ezaugarriengatik «alderdi klasikoen ereduak» garai bateko balio bera ez duela iritzita, «garai historiko honek behar duen militante-aktibista kopuru andana bilduko duen herritar batasunaren sorkuntza» izango dute lehentasun.

Bide horretan, udaberrian burutuko den lehen Batzar Eratzailea iritsi arte, eztabaida prozesuari ekingo diote. Bi ponentzia izango dituzte: ibilbide estrategikoa zehaztuko duen ponentzia politiko-ideologikoa, eta barne egituraketarena.