NAIZ.INFO
BILBO

EH Bilduko ordezkariak kanporatu ditu PPk Bizkaiko Batzar Nagusietako batzorde batetik

«Eskubide demokratikoen aldeko txartela eramateagatik», EH Bilduko ordezkariak kanporatu ditu Gonzalo Zorrilla PPko batzarkide eta Garraio batzordeko presidenteak.

EH Bilduko ordezkarian kanporatu dituzte gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio batzordean, «eskubide demokratikoen aldeko txartela soinean eramateagatik», koalizioak prentsa ohar baten bidez azaldu duenez.

Gonzalo Zorrilla PPko batzarkide eta Garraio batzordeko presidenteak ez du onartu koalizioko ordezkariek eskubideen aldeko txartela soinean zutela parte hartzea, «duintasunaren eta begirunearen aurkako erasoa» dela argudiatuta.

EH Bilduko batzarkide Aitor Torreren hitzetan, «ez dago ulertzerik eskubide demokratikoen aldarria inorentzako erasokorra izan daitekeenik». Horrez gain, euren keinua «inoren» aurkakoa ez dela izan gaineratu du.

Ildo horretan, PPren jarrera «guztiz onartezina» dela uste du EH Bilduk eta «konfrontazio jokabideak alde batera uzteko garaia» dela gaineratu du. «Beharrezkoa da gisa honetako jarrerekin amaitzea», esan du Torrek.

Torre EAJri eta Ana Madariaga Batzar Nagusietako presidenteari zuzendu zaio PPren portaeraren aurrean neurriak har ditzala exijituz, «halako egoerak berriro errepika ez daitezen».

Txartelak ‘Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira’ leloa ageri du.