Naiz.info
Baiona

Herri Urratsera joateko deia luzatu die Seaskak euskal herritarrei

Ipar Euskal Herriko ikastolen egoeraz ohartuta, beharrezko ikusten du Seaskak herritarren babesa. Hogeita hamar urte beteko ditu Herri Urratsek eta hura babesteko deia egin du.

‘Hogeita abar urte’ lelopean, Senpereko lakua euskaltzalez betetzeko asmoz egingo da maiatzaren 12an Herri Urrats. Hogeita hamar urte betetzen ditu aurten Ipar Euskal Herriko ikastolak sostengatzeko ekimenak, baina haien egoera zailaz ohartuta, Paxkal Indo lehendakariak babeserako deia luzatu du.

Aurtengoan Kanboko Xalbador Kolegioarentzat joango da jaialdian bildutako dirua. Nolanahi ere, Herri Urrats bakar batek ez ditu, Indoren arabera, Seaskak dituen arazo guztiak konpontzen, eta horregatik herritarrei deia, Senperera joan eta Ipar Euskal Herriko ikastolei laguntzeko eskatuz.

Gipuzkoako Aldundiak Xalbador Kolegioari emango dion 600.000 eurotako diru laguntzaz ere mintzatu da, baita Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijok iragarritako salaketaz ere. «Propaganda kanpaina» baino ez dela salatu du Indok eta Europan lurralde ezberdinen arteko laguntzak «eguneroko afera» direla esan du.

Aurten, lehenengoz, edalontzi berrerabilgarriak izango ditu ikastolen aldeko festak. Euro baten truke eskuratu ahal izango dira, eta jaialdiaren amaieran dirua itzuliko da edalontziarekin batera. Nolanahi ere, euro hori Xalbadorren alde ere utz daitekeela esan dute.

Bestalde, Euskoa euskal moneta erabilgarri izango da jantzien salmahaietan.