Naiz.info
Bilbo

Arazo ugari azken orduetako euriteen eraginez

Urak gainezka egin du Nafarroako eta Lapurdiko zenbait ibaitan eta Gipuzkoa eta Bizkaian alerta egoeran izan dira arratsalderarte. Bigarren mailako errepideetan hainbat luizi izan dira eta Beasainen etxebizitza bat hustu behar izan dute.

Urdazubi ibaiak gainezka egin du Azkainen. (Kazeta.info)
Urdazubi ibaiak gainezka egin du Azkainen. (Kazeta.info)

Euri ugari egin du azken orduetan eta horren ondorioz, hainbat ibaietako ur-emaria asko hazi da. Nafarroan esaterako, gainezka egin du Arga ibaiak eta Nafarroako Gobernuak Huarteko, Atarrabiako, Burlatako eta Iruñeako bizilagunei autoak ibai ondotik kentzeko eskatu die.

Atarrabiako hainbat bizilagun etxetik atera behar izan dituzte eta Iruñeako Erroptxapea argindarra moztu dezaketela ohartarazi dute.

Iturri berberek zabaldu dutenez, azken orduetan Iruñerrian 50 litro erori dira metro koadratuko eta Gorramendin, Baztan aldean, 98 litro bota ditu. Esako urtegiaren ateak ireki egin dituzte Ebroko Ur konfederazioak jakinarazi duenez. Belateko tunela itxi egin behar izan duela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak. Iruñerrian egoerak hobera egin du eta orain Nafarroako Hegoaldera begira ari dira larrialdi zerbitzuak.

Gipuzkoan berriz, Pasaiatik Jaizkibelerako igoera GI-3440 errepidea erabat itxita dago luizien ondorioz, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Bestalde, Oiartzun, Urumea, Oria eta Deba ibaien emaria asko hazi da azken orduetan eta alerta laranja ezarri dute Oiartzun ibaian, eta abisu horia, berriz, Oria eta Urumea ibaietan.

Aldi berean, Getaria eta Zarautz arteko errepidea eta Lezo eta Hondarribia batzen dituena itxita daude. Beasainen hiru solairuko etxebizitza bat jendez hustu behar izan dute, Bista Alai kalean, lur-jausi baten ondorioz.

Lapurdin eta Araban ere arazoak sortu ditu euriak. Senpere eta Ezpeleta arteko errepidea itxita dago eta Azkain, Ziburu eta Donibane Lohitzunen uholdeak izan dira. Araia, San Millan eta Asparren inguruan ere ur andana erori dela jakinarazi dute.

Bigarren mailako hainbat errepidetan hainbat luizi izan direla adierazi dute ere trafikoko arduradunek.