Naiz.info
Bilbo

EAJk berriro irabaziko lituzke Legebiltzarreko hauteskundeak eta EH Bildu bigarren litzake

EAJk berriro irabaziko lituzke Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeak, 27-28 aulki lortuz, eta EH Bildu koalizioa bigarren izango litzateke berriz, 21-23 legebiltzarkiderekin. PSEk 14 ordezkari izango lituzke, PPk 9-10 eta UPyD-k bat. Gainera, Ezker Anitza-IUk Legebiltzarrean sartzea lortuko luke, bi eserlekurekin, Euskobarometroaren arabera.

Bakartxo Tejeria, Legebiltzarreko Mahaian. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Bakartxo Tejeria, Legebiltzarreko Mahaian. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Paco Llerak zuzentzen duen Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia Politikoko saileko taldeak maiatzaren 7tik 17ra bitartean eginiko 1.200 elkarrizketetan oinarrituz Euskobarometroan bildutako datuak dira, eta ostiral honetan aurkeztu dituzte, Bilbon.

Gaur egun, eta Gasteizko Legebiltzarrerako egindako azken hauteskundeen ondoren, EAJk 27 legebiltzarkide ditu, EH Bilduk 21, PSE-EEk 16, PPk 10 eta UPyD alderdiak bat.

Horrela, Euskobarometroaren arabera, EAJk berriro irabaziko lituzke hauteskundeak orain egingo balira, botoen %34arekin. Jeltzaleek 27 edo 28 legebiltzarkide lortuko lituzkete: 11 Bizkaian (bozen %39 inguru), 10 Gipuzkoan (bozen %32 inguru) eta 6 edo 7 Araban (bozen %24 inguru).

EH Bildu koalizioak bigarren tokia mantenduko luke eta, bozen %24arekin, 21-23 eserleku lortuko lituzke: 10 edo 11 Gipuzkoan (bozen %31 inguru), 6 edo 7 Araban (bozen %24 inguru) eta 5 Bizkaian (bozen %21 inguru).

PSE hirugarren postuan geratuko litzateke, baina atzera egiten jarraitzen du, botoen %18arekin eta 14 legebiltzarkiderekin: Araban 5 (%19 inguru), Bizkaian 5 (%18 inguru) eta Gipuzkoan 4 (%18 inguru).

PPk atzera egingo luke hiru lurraldeetan, baina laugarren tokia mantenduko luke botoen %10arekin eta 9 edo 10 aulkirekin: Araban 5 (%18), Bizkaian 3 (%11) eta Gipuzkoan 2 (%8).

Ezker Anitza-IUk Gasteizko Legebiltzarrera itzultzea lortuko luke, botoen %4arekin eta bi ordezkarirekin, eta UPyD-k, %2 jasoko luke, Araban duen legebiltzarkidea mantenduz. Ezker Batua %1eko babesa eskuratuko luke eta banaketa oso antzekoa izango luke hiru lurraldeetan, baina «oso zaila» izango luke Legebiltzarrean sartzea.

%60ko parte hartzea

Euskobarometroak zenbatetsitako parte-hartzea %60 ingurukoa izango litzateke. Lurraldeka, Gipuzkoan maila hori gainditu egingo litzateke, eta Araban ez litzateke helduko.

Elkarrizketatuen %70 inguruk dio zehaztuta duela bere lehentasuna, eta %30 inguruk ez du oso argi zein den berea.