NAIZ.INFO
BILBO

Kontratazio publikoetan lan baldintzak bermatzeko neurriak bultzatuko ditu EH Bilduk

Eguno krisi ekonomiko larritik ateratzeko kontratazio publikoetan lan baldintza «duinak» bermatzeko neurriak bultzatuko dituela iragarri du EH Bilduk. Proposamena astearte honetan eztabaidatuko da Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Araba eta Bizkaian ere aurkeztuko du.

Idoia Ormazabal eta Irune Soto. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Idoia Ormazabal eta Irune Soto. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Idoia Ormazabalek eta Irune Sotok, Gipuzkoa eta Bizkaiko EH Bilduko batzarkideek, hurrenez hurren, koalizioak egungo krisi ekonomikotik ateratzeko proposatzen dituen neurrien berri eman dute.

EH Bilduren iritziz, erakunde publikoek «modu zuzenean» inplikatu behar dute enpleguaren defentsan eta «haien esku dagoen guztia egin beha dute». Ildo horretan, neurri nagusietako bat «diru publikoz ordainduta dauden obra eta kontratu guztietan langileen oinarrizko baldintzak bermatzea eta kaltatezko enpleguaren aldeko neurriak exijitzea» dela nabarmendu dute.

Ormazabalek eta Sotok azaldu dutenez, xede hori betetzeko kontratazio publikoetan lan baldintzak bermatzeko neurriak bultzatuko dituzte, kontratuetan hainbat klausula sartuz. Gipuzkoako Batzar Nagusietan astearte honetan eztabaidatuko da proposamena eta Bizkaira eta Arabara ere eramango dute.

Koalizioko batzarkideek nabarmendu dutenez, «ez da onargarria» langileek prekarietate egoeran lan egitea baina «are gutxiago» diru publikoz ordaintzen diren inbertsioetan. San Mames Barriako lanetan horrela gertatzen dela salatu dute eta AHTren lanetan zortzi langile hil direla gogora ekarri.

Proposatu dituen neurriek langileei «onurak» ekartzeaz gain bertako enpresei ere «mesede» egingo diela adierazi dute Ormazabalek eta Sotok. «Klausula sozial hauek onartzeak bertako enpresei ere onura eragiten die. Izan ere, ez dira behartuta egongo gutxieneko baldintzak ez betetzearen truke haien eskaintza merkatzen duten enpresekin lehiatzera, geroz eta baldintza txarragoak eskainiz», esan dute.