NAIZ.INFO
Donostia

Etxean bezala aritu da Athletic Anoetan (2-0)

Anoetan hartu du gaur Athleticek Osasuna, baina etxean bezala aritu da 20.000 zaleren babesarekin eta partida berdindua izan bada ere hiru puntuak merezita zuri-gorrientzat izan dira (2-0). [Xehetasunak]

Marc eta Muniain partidaren une batean. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Marc eta Muniain partidaren une batean. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Ia partida hasterako izan du Adurizek bere oinetan lehen gola, lehen minutua betetzerako arrisku handiz iritsi dira zuri-gorriak Andresen atera. Hala ere, Osasunak ondo eman dio buelta egoerari eta joan-etorriko minutu batzuen ostean erdigunea kontrolpean hartu eta eskuin ezker, alboetatik bera aritu da arrisku gehien sortzen... Armenterosek «olinpiar gola» delakoa egin du ia-ia (gola izan da batzuen ustez, izango da eztabaidarik).

Athleticek lehen gola egin duen arte. Susaetak erdiratu eta minutu gutxi batzuk lehenago zuri-gorrien gola ekidin duen Arribas atzelariak hanka luzatu eta bere atean sartu du zuri-gorrien lehen gola (31.m).

Bigarren zatian ere Valverderen hamaikakoa hasi da nagusi zelaian, arrisku asko sortuz baina partida erabat kontrolatzera iritsi gabe. Osasuna indartsu hasi da zuri-gorrien atera gerturatzen, aukera dezente sortuz baina azken kolpearen faltan berdinketa lortu ezin da. Gehien presionatzen ari zirenean etorri da Athleticen bigarrena (De Marcos, 81. min).

Osasunak itxura ona eman du baina ezin izan du lehoiekin, bigarren porrota jarraian gorritxoentzat, bigarren garaipena Athletic-entzat.