‘Ahora!’ lelopean datorren urriaren 6an egingo da Tolosan Gipuzkoako ikastolen aldeko Kilometroak jaialdia. Edizio honek hainbat berritasun dakartza eta horien artean dago 14 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako erronka.
Asteazken honetan aurkeztu dute ekimen berri hau, Gipuzko osoan DBH eskaintzen duten 24 ikastoletako talde banari parte hartzeko aukera ematen diona. Horietatik 21ek baieztatu dute Tolosan izango direla.
Goiz eta arratsalde, ibilbidean zehar hainbat proba burutu beharko dituzte taldeek, hala nola, baltsak eraiki eta haiekin jaitsiera egitea edota burbuila erraldoietan sartuta oztopodun lasterketa.
Antolatzaileen esanetan, parte hartuko duten gazteek abilezia erakutsi beharko dute egun horretan. Horrez gain, garrantzitsua izango da estrategia, taldean lan egiten jakitea, indarra, eskulanetan abilezia izatea...
Talde bakoitzak zortzi kide –mutil eta neska, erdi eta erdi– eta bi kapitain izango ditu, bata ikastolarekin zerikusi zuzena duen norbait eta bestea ikastola zein herritakoa den, han famatua den norbait. Urriaren 6an kapitain lanetan izango dira, besteak beste, Oihan Vega irrati esataria, Maider Gaztañaga triatloilaria edota Abrahan Olano txirrindularia.
«Ahora Bandera» irabazten duen taldeak, 2.000 euroko saria izango du, ikasturte amaierako bidaia finantzatzeko erabiliko dena eta, gainera, Tolosako dendetako produktuak eskuratzeko bonoak ere izango dira sari gisa.