NAIZ.INFO
BILBO

Woolfi buruzko performance bat irudikatzen du Durangoko Azokaren kartelak

Itziar Okarizek diseinatu du 2013ko Durangoko Azokaren ikur izango den kartela, eta artista donostiarrak Virginia Woolfi buruz egin duen performance berriaren partitura edo gidoia da afixan agertzen dena. Azokaren izen ofiziala ere aldatu egin dute, zabalagoa egiteko asmoarekin.

Nerea Mujika, Txelu Angoitia eta Itziar Okariz, kartelarekin. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Nerea Mujika, Txelu Angoitia eta Itziar Okariz, kartelarekin. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Abenduaren 5etik 8ra bitartean egingo den Durangoko Azokaren 48. edizioaren kartela asteazken honetan aurkeztu dute, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian.

Itziar Okariz artista donostiarra izan da kartelaren egilea, eta bere azken performancean oinarrituta dago. Lan horretan, ‘Gela bat norberarentzako’ liburuaren atal bat irakurtzen du Okarizek, esaldi bat etengabe errepikatuz ordu erdiz jarraian. Irakurraldi bakoitzean, baina, aurreko lerroko lehen hitza ezabatzen du, eta testua laburtuz doa, esaldia erabat agortu arte.

Zergatik aukeratu du Woolfen liburu ezaguna? Honela azaldu du: «Virginia Woolf biziki estimatzen duten autorea da, eta bere lanaren erreferentzia oso egokia iruditu zitzaidan Durangoko Azokarako».

Horrez gain, jakinarazi dute, 2008ko plan estrategikoari jarraiki, Durangoko Liburu eta Diska Azoka izenez ezagutua izan dena, aurrerantzean Durangoko Azoka deituko dutela, laburragoa izateaz gain, kultur diziplina gehiago barne hartuko dituelako.

Aurtengo edizioari begira, zenbait datu ere aurreratu dituzte, adibidez, aurrekontua txikiagoa izango dela, eta saltoki kopuruak ere behera egingo duela. Datozen asteotan zehaztuko dituzte era honetako datuok.

Iazko edizioan zuzendari izan eta ondoren kargutik kendu zuten Aiert Goenagaren lana nork beteko duen galdetuta, Gerediaga Elkarteko arduradunek adierazi dute ez dela zuzendari baten figurarik egongo, baizik eta denen artean egingo dituztela egin beharrekoak.