NAIZ.INFO
DONOSTIA

EAJ-PP-PSE ituna gipuzkoarrek eskatzen dutenaren «antipodetan» dagoela salatu du EH Bilduk

EAJ, PSE eta PPren artean sinatutako itun fiskala hiru gipuzkoarretik bik eskatzen duen akordioen «antipodetan» kokatzen dela iritzi du EH Bilduk. Zentzu horretan, hausnarketarako deia egin diote alderdi jeltzaleari, «herrialde honek behar duen indar metaketaren alde egiteko».

Gipuzkoako EH Bilduko ordezkari Iñaki Ostolaza eta Joxean Agirrek agerraldia egin dute Donostian, EAJ, PP eta PSEren artean adostutako itun fiskala Gipuzkoan ere ezartzeko asmoen aurrean irakurketa egiteko.

Gogoratu dute jeltzaleek dituzten «gobernabilitate beharrak» asetzeko pentsatua dagoela ituna, «fiskalitate eredu neoliberal» bati erantzuten diona, hau da, «ondasun handiei eta kapital-errentei presio fiskala jaistea, sozietate zerga ez ukitzea eta, azken finean, gehien dutenek fiskalitate progresibo eta ekitatibo baten mesedetean eman beharreko ekarpena ez emateko bideak irekita mantentzeko pentsatutako itun fiskala».

Agirre eta Ostolazaren iritziz, «oso bestelako zerga politika bat behar da». Zentzu horretan, nabarmendu dute Gipuzkoako Aldundiak aipatutakoarekin «zerikusirik ez duten neurriak» aplikatu dituela. «Neurri hauen xedea izan da krisiari aurre egitea, baina betiere gehien dutenek ekarpen gehiago eman behar dutela abiapuntu hartuta», adierazi dute.

EH Bilduko ordezkariek argi utzi nahi izan dute ez dutela EAJ, PP eta PSEren plana Gipuzkoako Batzar Nagusietan defendatuko. «Herrialdeen arteko armonizazioa ezin da egin krisia gehien pairatzen ari direnen kaltetan», arbuiatu dute.

Horrez gain, Andoni Ortuzarren hitzak, akordioak autogobernua eta bakegintza errazten dituela esanez, kritikatu egin dituzte. «EAJk ongi baino hobeto daki PSEk eta PPk ez dutela gaur egun babestuko erabakitze eskubidea edota bakegintzan eta normalizazio politikoan eman beharreko pausorik», azpimarratu dute.

Hiru alderdiok adostutako ituna «hiru gipuzkoarretik bik eskatzen dituzten akordioen antipodetan» kokatzen dela salatu ondoren, hausnarketarako deia egin diote alderdi jeltzaleari.

«Epe motzean jokatzeko eta interes partidistak bermatzeko pentsatutako itunak sinatu beharrean, herrialde honek behar duen indar metaketaren alde egiteko» eskatu diete jeltzaleei.