NAIZ.INFO
BASAURI

Fagor Edesako langileek gaur gauera aurreratu dute itxialdia

Bihar goizean hastekoa zuten itxialdia gaur gauera aurreratu dute Fagorrek Basaurin duen lantegiko beharginek. Fagor-Edesako bazkideek tratu bera jasotzeko eskatu dute.

Gaueko 22.00etan itxialdia hasiko dute Fagorrek Basaurin duen lantegiko beharginek. Hasiera batean bihar goizeko 6.00etan zuten hastekoa, baina aurreratu egin dute, Efek jakinarazi duenez.

Lantegiaren kanpoaldean Fagorren itxieraren aurkako pankartak jarri dituzte eta gaua igarotzeko tokia ere prestatu dute.

Xabier Arrieta Fagor-Edesako Gizarte Kontseiluko lehendakariordeak gogora ekarri duenez, Edesako langile guztiak Mondragon taldeko bazkideak dira eta taldeko gainontzeko lankideekin duten desberdintasun bakarra da Basaurikoak ez direla autonomoak eta Gizarte Segurantzan kotizatu egiten dutela.

Hori dela-eta, Fagor itxiko balitz Mondragon taldeak ez lukeela Basauriko langileekin bereizketarik egin behar uste du.

Edesan 200 langile daude guztira eta gehienek babestu dute itxialdia, Arrietaren arabera.