@gara_augarte
DONOSTIA

Ia 230.000 langabe zeuden urrian Hego Euskal Herrian

Langabeziak gora egin du beste hilabete batez Hego Euskal Herrian eta ia 230.000 lagun dira lanik gabe daudenak. Irailean baino 2.296 langabe gehiago zeuden urrian.

Hainbat lagun Lanbideren bulego batean ilara egiten Gasteizen. (Raúl BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Hainbat lagun Lanbideren bulego batean ilara egiten Gasteizen. (Raúl BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Enplegu Ministerio espainolak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 229.189 pertsona zeuden lanik gabe urriaren bukaeran, aurreko hilabetean baino 2.296 gehiago.

Langabeziak herrialde guztietan egin du gora. Gipuzkoan izan da hazkunderik handiena portzentualki (+%1,46). Guztira 49.874 langabe daude herrialde horretan.

Nafarroan igoera %1,02koa izan da. Irailean baino 515 langabe gehiago zenbatu dituzte enplegu bulegoetan, guztira 50.922.

Bizkaian %0,99 hazi da langabezia aurreko hilabetearekin alderatuta. 100.083 pertsona daude egoera horretan, irailean baino 980 gehiago.

Arabak izan du igoerarik apalena, %0,29koa. 28.310 langabe daude, irailean baino 82 gehiago.

Urte arteko eboluzioari erreparatuta, langabezia hazi egin da Araban (%7,49), Bizkaian (%5,90) eta Gipuzkoan (%5,59) azken hamabi hilabeteetan. Nafarroan, aldiz, behera egin du zertxobait (-%0,14).