NAIZ.INFO
GASTEIZ

Trebiñuko alkatea Udalbiltzako kide egin da

Ignacio Portilla Trebiñuko alkateak Udalbiltzara atxikitzea erabaki duela-eta, poza adierazi du nazio erakundeak. Dagoeneko 176 alkate dira Udalbiltzako kide.

Iratxe Lopez de Aberasturi, Mertxe Aizpurua, Ignacio Portilla eta Nestor Fernandez. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS9
Iratxe Lopez de Aberasturi, Mertxe Aizpurua, Ignacio Portilla eta Nestor Fernandez. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS9

Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak, Iratxe Lopez de Aberasturi lehendakariordeak, Ignacio Portilla Trebiñuko alkateak eta Nestor Fernandez Udalbiltzako gobernukideak agerraldia eskaini dute Gasteizen, Portillak nazio erakundeko kide izatea erabaki duela jakinarazteko eta Trebiñuko auziaz mintzatzeko. Araban egin duen lehen agerraldi publikoa izan da.

Portilla AEICT hautagaitza independenteko kidea da eta iaztik da alkate. Bere atxikimenduarekin, 176 dira Udalbiltzako partaideak. Udalbiltzakideak, guztira, 1.424 dira, agerraldian azaldu dutenez, eta hautetsi horietatik %17 independenteak dira.

Udalbiltzaren iritziz, «garrantzi kualitatiboa» du administratiboki Euskal Herrikoa ez den udal bateko alkateak nazio erakundea aintzat hartzea eta bertako kide egitea. Horregatik, eskerrak eman dizkio Ignacio Portillari.

Trebiñuko auziaren inguruan, berriz, Estatu espainolari exijitu diote konderriari Arabara batzen utz diezaiola eta «exijentzia demokratikoa» dela nabarmendu dute.