NAIZ.INFO
DONOSTIA

Estremeran dauden euskal presoak itxialdian daude, Garikoitz Aspiazu bakarrik dagoela salatzeko

Estremerako kartzelan dauden euskal presoak itxialdia egiten ari dira ostiralaz geroztik, espetxe berean dagoen Garikoitz Aspiazu bakartua daukatela salatzeko.

Etxeratek jakinarazi duenez, Estremeran dauden euskal presoak itxialdian daude joan zen ostiralaz geroztik, Garikoitz Aspiazu bakartuta daukatela –beste euskal presoekin kontakturik gabe– salatzeko. Aspiazu bera ere itxialdia egiten ari da.

Presoen senideen elkarteak salatu duenez, Aspiazu duela hilabete batzuk eraman zuten Estremerara eta ordutik bakarrik dago. Gainerako euskal presoak saiatu dira kartzelako zuzendariarekin hitz egiten egoera aldatzeko eta zenbait aukera proposatu dizkiote, hala nola txandaka isolamenduan egotea beste euskal presoak, Aspiazu bakarrik egon ez dadin, edo denak isolamendura eramatea. Zuzendariaren jarrera aldatu ez denez eta Aspiazuk bakarrik jarraitzen duenez, itxialdia egitea erabaki dute.

Etxeraten arabera, gaur egun hamabost euskal preso isolamenduan daude, beste kiderik gabe.