Jon Garmendia
Barakaldo

Ametsa dator iparraldetik

Idazki hau ez da bertso bat bezala izanen, hura bukaera pentsatuta eraiki ohi da, eta honek hasiera badu, bukaera ezezaguna aldiz, soilik txapela du zain, ea bidean txapelduna zein izango den asmatzeko gai garen. Entzule bakoitza izango da epaile hemen, eskerrak Miren dugun, abokatua, seguru zentzua aurkituko diola norgehiagokari, oreka.

jongarmendia_txuriya
jongarmendia_txuriya

Pluralean idatziko dut, ez bainaiz hemengo pantaila erraldoiari beha dagoen bakarra; goizeko saioa entzuteko hogeita hamar lagun elkartu gara Berttolin, Urruñako elkartean, gehienak iheslariak; hor dabil Peio, donostiarra, berari bururatu zitzaion ideia, urrunekoak hurbildu, gertu izan, eta BECen bageunde bezala sentitu. Lujan Donibanekoa da, baina ez Lohizunekoa, Pasaiakoa baizik, badaki zerbait bertsoaz, baina lanean dabil barra gibelean, eta ez du guk bezala gozatuko, guk, bertsolariei eta berari esker. Anitzez gutiago daki bertsoaz Arturok, bera iruindarra da, saltseroa, eta saltsa pizteko abilena. Beltzak Ondarroako sareak ditu prest, beti bizkaitarren alde. Idoia Zegamakoa da, baina ez du faborito argirik. Arrasateko Oxelek a priori denak ditu irabazle, beldur naiz a posteriori ere hala edukiko dituen. Eta Kepa euskaldun berria da, Bargotakoa, nahikoa lan euskarazko hizketaldi bat segitzeko, beraz, bertsoekin are zailago, baina hor da, giroan giroa jartzen.

Eneritzi zaila da hitz bakar bat iritzi gisa ateratzea, eta Jaionek bikotea bertsolaria duenez ez du iritzirik eskaintzen. Hamaikak dira eta hasi da finala, «eskubidea badaukagula amets egiteko behintzat», Amets Arzallusekin identifikatu gara gehiengoa agurrean. Txalo zaparrada beretzat. Beñat Gaztelumendi sorpresa izan daiteke, Sustrai bikain, Maialen uste baino beherago, Igor Elortza elegante, jantzi den bezala, Unai jenialtasun anitzekin, baina ez goian, eta Sarriegi behean, agian egin duen kartzelakoak eragin digu sentsazio hori, nahiz eta egunen batean berak kantatu duen errealitate hori agertuko den. Hausnartzekoa. Mendiluze beti erdian, beti goraka, eta beti ondo. Arratsaldea heldu da, berriz lehia, berriz gerra. «Aprobetxa dezagun geratzen zaiguna» esan du Igor Elortzak. Eta erabaki da buruz burukoa, Amets lehena entzutean irria, argi zen, baina historia da lur hauetan bizi garenontzat txapela hemen ikusteko aukera. Donik aita Kuban du, bertsozalea da, eta Ametsek Sarrionandiari kantatu dioenean bere egin du bertsoa. Azkenean, Amets da txapeldun, biba zu! Eskerrik asko ateak zabaltzeagatik. Nahiz eta Euskal Herri osoak BECen egon nahi zukeen, badira presoak, eta badira iheslariak, eta horrek oroitzen digu euskal herritar anitzek ezin zutela han egon. Guk ere badakigulako bestaldean egotea zer den. Eta eskaintza, Ametsek aitari, eta amari, gu ere haiei esker sortu ginen. Eta Sarri, izango da sarri arte.