Ane ARRUTI

Bakarka nahiz lagunarekin, lehen txanpatik bertsotan

Zortziko handiko ariketatik bertatik oso indartsu hasi ziren bertsolariak goizean. Beheraxeago ari zirenak ere berotuz joan ziren eta lan ederrak utzi zituzten kartzelan, puntu erantzunean eta seiko motzean.

Goizetik hasi zen saioa goitik, nahiz eta publikoarekin guztiz konektatzea bazkal ondoren lortu zortzi bertsolariek. Ofizioka lan ederrak utzi zituzten, goitik beherako bertsoak ugari, eta kartzelako lanean ere ondo, bakoitza bere bidetik. «Egoerak beste aldean jarri zaitu», izan zuten goizean kartzelako gaia. Maialen Lujanbio izan zen lehena kantuan. «Nik utzi izan det baina gaur aldiz ni utzi naute», bukatu zuen aurrenengo bertsoan, doinu berrian, eta, bigarrengoan, dotore deskribatu zuen bikote batean ordura arte berak izandako jarrera eta aldaketa eragin ziona: «Hain zena zoragarria orain egin hain tamala/ galdu det zure abaro zure besoen magala/ ez al nintzen ni nahizuna harreman bat liberala/ beheko sua etxean ta noiznahi noranahira bala/ orain balak ni jo nau ta hau da destinu zitala/ iruditzen zait minetan odolustutzen noala/ orain beste alderditik begiratzen baitet hala/ nik falta dudan zati bat beste batek daramala».

«Andaluzian sortu nintzen ta Rodriguez hiru abizen», esanez hasi zen Amets Arzallus kartzelakoan. Guardia Zibila zen, Donostiara destinatua, «eta ordutik lana egin dut intxaurrondoak astintzen», bukatu zuen lehenengoa, eta astintze horien deskribapena bigarrenean: «Galdetzen nien hik ez ote duk inoiz hil guardia zibilik/ eta hil baduk zer sentitu duk neure lankide bat hilik/ galdera hauei erantzun arte hor egongo haiz txintxilik/ baina begiak zarratu eta segitzen zuten ixilik». Egoera -eta garai- aldaketa hirugarrenean etorri zen, auzitegian galdekatua bera zela: «Eta orain neu nago ixilik lehen mutil haiek bezela/ tokatuko zait itzal luzea zulo bateko kartzela/ baina espero dut presidenteak indultatuko nauela».

Igor Elortzak publikoarekin konektatzen asmatu zuen, zinegotzi ezkertiar baten ahotsetik kantatuz, «Izarren hautsa» doinuan. «Hogei urtean zehar egin dut makinatxo bat eskari/ orain badakit ezertxo ere ez dela etortzen opari/ gogoan dauzkat lehengo kritikak/ hementxe jarri nau politikak/ lehen kexuka zalatari/ eta orain agintari», kokatu zuen lehenengoa.

Aitor Sarriegik bide konplikatua hartu eta oso ongi defendatu zuen. Berak tiroz hildakoaren alargunarekin elkartu zen. «Ez da izan erosoa ez da izan atsegina/ nik ere badakit zer den sufrimentu ta ezina/ baina egin beharrean besterik gabe muzina/ orain nere sentitu det eragin diodan mina», esan zuen bigarrengoan. «Eta biharko herri bat baldin badugu helburu/ batak bestearen mina onartu beharko dugu», bukatu zuen.

Unai Iturriagak, guraso banatuak, semeari kantatu zion. «Nik ulertzen dut amak ni orain deabru lez ipintzea/ baina ez da inoiz delitu izan berriro maitemintzea», esan zion. «Epaile batek, ai arrotz batek, beharko du erabaki/ aldea non den hemen edo han erdian marra ebaki/ baina jakizu nire aldea zure aldean dago beti», bukatu zuen.

Sustrai Colina preso ohiak bere semea ikusi zuen epaiketara bidean. «Semea Audientziara doa borborka odola/ nahiz ta begiratzen didan fuerte, ia ez axola/ nik eskutik heldu diot ume zenean nola/ semea jakin ezazu zurekin harro nagola», esan zion. Beñat Gaztelumendi preso zegoen eta bisitan zetorkionaren tokian jarri zen: «Disimulatuagatik badakit etzaude bare/ zure aldean jartzen bainaiz egon arren parez pare/ ni preso sartu ninduten ta zu ere hala zaude».

Epeletik berora

Aitor Mendiluzeren lanik motelenetakoa kartzelakoa izan zen ziur asko, ez zuen asmatu irakasle eta guraso paperetik publikoarengana iristen, baina goiz benetan txukuna osatu zuen, epeletik berora. Seiko motzean Amets Arzallusekin aritu zen. Gurasoak ziren, eta seme-alabak biluzik topatu zituzten elkarri argazkiak ateratzen. «Bi bular koskorrak hara/ bien artean konpara/ eta diozu deskubritzea hain txarra al da ba/ ez baina iristen bada/ sare sozialetara/ denek ez dute izango agian zure begirada».

Zortziko handian dotore aritu ziren saioko bi lapurtarrak. Azken urteotan Alkoholiko Anonimoetan ibilita, taberna batera sartu ziren kafe bana hartzera. «Ez da samurra tabernan sartu ta kafe bat goxatzea/ oraindik ere kosta egiten zait ardo bat ez eskatzea», esan zuen Sustrai Colinak. «Baina hala ere ni sentitzen naiz sendatua ta sendoa/ guk bi ebaki izanagatik zauria osatzen doa», Amets Arzallusek. «Nahiz hortarako egokiago den askozaz ardo kopa/ hartu ditzagun kafe kikarak ta egin dezagun topa», bukatu zuen txapeldunak.

Bi bizkaitarrek ere bertsoaldi umoretsua josi zuten zortziko txikian -saioan umore gaiak falta izan zirela aipatu zuten bertsozale askok-. Santamasetan talo postuan zeuden, Unai, taloak egin eta egin, Igor bezero batekin eta bestearekin berriketan. «Ni taloak egiten hementxe jo ta su/ eta zuk hor txistorra dantzatzen diezu», esan zion Iturriagak. «Modernizatu nahi dut nik langintza fina/ talotegiak ere behar du marketina», Elortzak. «Marketin alperlana dugu alegia/ eta talogileak talo aurpegia», Iturriagak.

Mendiluze eta Colinak ere lan ederra osatu zuten zortziko txikian. «Horrelakorik etzait sekula pasa ta/ pentsatzen aritu naiz ni neure kasaka/ zeure burua maite ta eraman Passat-a/ gehio maite al duzu ba bestera pasata», esan zion andoaindarrak autoa eurena ez zen beste tailer batera eraman zuen langileari.

Zortziko handian Lujanbiorekin aritu zen elikagai bankurako lanean. «Pakete hauek ezingo dute gose handirik txikitu/ eman dutenen kontzientzi kargak gehiago asetzen ditu», esan zuen hernaniarrak. Ariketa horretan ondo aritu zen Elortza ere, laguna desagertuta zeukaten berak eta Sarriegik eta Hodei Egiluz ekarri zuen gogora durangarrak. «Bizi berri bat nahi zuela ta gero zenbat desengaño/ bi hilabete jadanik Hodei egin zitzaigula laino/ ta barrenetik amorratzen nau neuk ere ez dakit noraino/ deus ein ezinak telefonoai begira egotea baino».

Puntu erantzuna izaten da sarri bertsolarientzat lan aldrebesena, bertsoa osatzeko ohiko logikaren aurka doan ariketa baita. Baina gutxitan bezala, atzokoan zortzi bertsolariak ongi moldatu ziren ariketa honetan. «Internetez goxatzen al da herrimina», jarri zioten Maialen Lujanbiori. «Arantzen ukendua liteke jakina/ haria etete ez bada saio atsegina/ hor daudenei hemendik muxurik haundina», erantzuna.

Beñat Gaztelumendik eta Igor Elortzak seiko motzean utzitako lana ere polito joan zen. Umearen lagun baten gurasoengana ez zeukan hurbiltzeko gogo askorik añorgarrak. «Zer zabiltz hoiek esanik/ heldua zara jadanik/ bizitza jolas bat dela uste al zenun oraindik», Igorrek. «Enaiz joango horrela/ eskatu dezun bezela/ ta nahi badute haiek gugana etor daitezela», bukatu zuen Beñatek.