Naiz.info
Entrevista
Iraia ITURREGI
ATHLETICEKO JOKALARIA

«Markak ondo daude, baina nahiago dut zenbakiek gordetzen dutena»

17 urte besterik ez zituen kamiseta zuri-gorriarekin lehen aldiz zelairatu zenean. Hamarkada luze bat beranduago, Iraiak kapitainaren besokoa jarri eta 300. partida jokatu du. Baina zenbakitan neurtzen den hori da ibilbide honetan irabazi duen guztiaren artean gutxien axola zaiona. Esperientziak, ezagututako jendea eta emakumezkoen futbolaren garapenean egindako ekarpena dira bere altxorrak.

Partida bat, beste edozein modukoa. Horrela ekin zion Iraia Iturregik joan den igandeko norgehiagokari. Ez zen, ordea, egun arrunta, azken egun hauetan jaso dituen dei eta zorionek agerian uzten duten bezala. 300 partida bete ditu kapitainak kamiseta zuri-gorriarekin, ospatzeko moduko marka.

Zer sentitzen da?

Egia esanda, zelairatzean ezer berezirik ez, beste edozein partida baten modukoa zen. Jendea zoriontzen hasten denean konturatzen zara zu ere, hara, 300 partida dira, eta bai, berezia da.

300 partida dira, hamaika urte, baina batez ere zenbakien atzetik dagoena. Zifra horiek erakusten duten fideltasuna, bizi izan ditudan esperientziak, batez ere nire ondoan egon den jendea... Guzti horretaz pentsatzean hartzen dute zenbakiek garrantzia.

Deigarriena da, ibilbide luze hori izan arren atzean, 28 urte besterik ez dituzula. Zenbakiak eta zenbakiek «gordetzen» dutena dexente handitzeko aukera daukazu oraindik.

Taldekideek ere esaten zuten, orain 400en bila. Ez dut horretan pentsatzen. Emakumeok ez gara profesionalak, futbolaren ondoren datorrenari buruz pentsatu behar dugu, lehentasunak aldatzen dira une batzuetan... Eta horretaz gain, urtero joan behar naiz ikusten nola dagoen gorputza, nola erantzuten dien estimuluei, eta batez ere nola dagoen burua. Une honetan etorkizuna zuri-gorria ikusten dut, baina futbolaren ondorengo bizitzan ere pentsatzen dut, titulua atera, masterra egiten ari naiz... Baina nire burua futbolean ikusten dut oraindik etorkizunari begira.

Honelakoetan, etorkizunari baino iraganari begiratzen zaio. Zer geratzen da orain dela hamaika urte kamiseta zuri-gorriarekin estreinatu zen Iraia hartatik?

Asko, nahiz eta desberdina izan. Azken batean, 17 urte besterik ez nituen. Txispa gehiago neukan, hori seguru. Orain, berriz, esperientzia daukat. Taldekideak ezagutzen ditut, aurkariak, egoera gehienak bizi izan ditut dagoeneko, eta horrek erantzun azkarrago bat ematea ahalbidetzen dit. Egoerak aurreikustea oso garrantzitsua da, eta gaitasun hori esperientziak ematen dizu.

Horretaz gain, 17 urterekin gozatzera besterik ez zara zelairatzen, beste ezertan pentsatu barik. Eta bere neurrian oso positiboa da mentalitate hori edukitzea. Urteak aurrera joan ahala, erantzukizuna handitu eta perspektiba aldatu egiten da. Kirol alorrera mugatuz, nik ikusten dut oso talde ona daukagula, historia egin dezakegula, aukera hori aprobetxatzeko beharra nabaritzen dut, batez ere ez dakizulako etorkizunean zer gertatuko den, egoerak beti eskainiko ote dion taldeari horrelako aukera bat. Eta horretaz gain, aldarrikapenaren beharra nabaritzen duzu. Poztasuna, betetasuna sentitzen duzu denbora honetan emakumezkoen futbolak izan duen garapena ikusten duzunean, nolabait, zure neurri txikian, horren erantzule sentitzen zarelako. Eta aldi berean, oraindik bide luzea geratzen dela ikusi eta borrokatzen jarraitu nahi duzu ere. 17 urterekin ez duzu gauza horietan hainbeste pentsatzen.

Urteekin ilusioak moteldu baino, birbideratzen direla esan daiteke, beraz.

Dudarik ez. Ilusioa galdu dudala ikusten badut, futbola uzteko unea heldu dela esan nahiko du. Berdin da 28, 25 edota 35 urte izan. Eta ilusioa esaten dudanean ez naiz ari garaipen eta tituluei buruz, neu oso lehiakorra naizen arren. Argi dago garrantzitsuak direla, helburuak direla, baina beste era bateko ilusioaz hitz egiten dut. Disfrutatzeaz, lan-saio eta partidetan... Kirolarien lehentasuna garaipena izaten da, irabaztea, baina egiten duzunarekin ez baduzu disfrutatzen nekez irabaziko duzu. Motibazioa eta ilusioa oso garrantzitsuak dira.

Garaipenak, helburua baino, ondorioa izan behar du, beraz?

Bai. Goi mailako kirolarioi eta bereziki irabazten ohituta gauden kirolarioi askotan gertatzen zaigu gure motibazio handiena, eta ia bakarra, garaipena dela. Badakigu ez lukeela horrela izan behar, baina garaipena dago gainerako guztiaren gainetik. Gure taldean ere ikusi izan dut azken urteotan, sekulako denboraldiak egin eta ez ditugula merezi zuten bezala disfrutatu, azkenean titulua ez dugulako lortu. Partida bat irabazi eta ez dugu disfrutatu, tituluan besterik ez genuelako pentsatzen. Eta horrela, lortzen ez duzunean, ez duzu disfrutatzen ez helburuaz, lortu ez duzulako, ez ibilitako bideaz.

Horregatik nik uste dut motibazioa beste era batean bilatu behar dela. Lanean, hobekuntza pertsonalean, aldagelan egiten dituzun harremanetan, partida bakoitzean... Garrantzi handia ematen diot buruari, motibazioari, mentalizazioari... Lan hori futbolean egiten den lan tekniko-taktiko-fisikoa bezain garrantzitsua dela uste dut baina gaur egun alderdi osagarritzat jotzen da, funtsezkoa izan beharko lukeen arren. Presioa, beldurrak, tentsioa... kontrolatzen ikasi; eta, aldi berean, futbolak garaipenaz gain eskaintzen dizkizun onura eta sariekin disfrutatzen ere ikastea.

Kasu honetan ere, lehen esan duzun bezala, zenbakiek ezkutatzen dutena ikusi.

Hori da. Adibidez azken urteotan guk sekulako denboraldiak egin ditugu, baina ez dugu titulurik lortu. Noski askoz hobea izango litzatekeela lortu izana, baina horretaz gain lortu ditugun gauza zoragarriekin ere poztu behar gara. San Mames jendez gainezka gu animatzeko, errekonozimendu soziala, oihartzuna komunikabideetan... Gauza asko aldatu dira urte hauetan. Normaltasunez jokatzen dute futbolean kalean neska eta mutilek batera, umeek emakumezko taldearen jokalariak ezagutzen dituzte, jokalarien kopurua bikoiztu da... Horiek ere garaipenak dira.