NAIZ.INFO
BILBO

Azaroan baino 7.116 langabe gutxiago utzi ditu abenduak Hego Euskal Herrian

Langabezia tasak behera egin du Hego Euskal Herrian, eta azaroan baino 7.116 langabe gutxiago utzi ditu abenduan. Nafarroan soilik egin du gora, %0,41. Orotara, 2.165 langabe gutxiagorekin bukatu da 2013. urtea.

Gizon bat, Lanbideren bulego batera sartzen, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Gizon bat, Lanbideren bulego batera sartzen, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Abenduan 218.862 langabe zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda, Enplegu Ministerio espainolak gaur eman dituen datuen arabera.

Daturik onenak Gipuzkoan eman dira, %5,28 jaitsi baita langabezia abenduan (2.596 lagun), aurreko hilabetearekin alderatuta.

Bizkaian, jaitsiera %3,92koa izan da (3.834 langabe gutxiago).

Araban, aldiz, langabezia tasak %3,24 egin du behera (896 pertsona).

Nafarroan baino ez du egin gora, eta 210 langabe gehiago dago (%0,41).

Hortaz, 2.165 langabe gutxiagorekin bukatu da urtea Hego Euskal Herrian.

EAEn, 1.709 langabe gutxiago daude 2012ko datuekin alderatuta (%1,01 gutxiago), eta Nafarroan 456 langabe gutxiago (%0,88 gutxiago).

Estatu mailan, abenduan %2,2 egin du behera langabeziak (107.570 langabe gutxiago) eta, hortaz, %3ko jaitsierarekin itxi da 2013. urtea (147.385 lagun).