Arantxa MANTEROLA
Entrevista
PAXKAL INDO
SEASKAKO PRESIDENTEA

«Lege argi bat eskatzen dugu, jakin dezagun zer den posible eta zer ez»

Amaitu berria den urtea ikastolentzat «urte txarra» izan dela esan berri du. Hendaiako ikastola berriaren proiektuarekin 1850eko «Falloux legea» berpiztu zuen suprefetak, eta geroztik Ipar Euskal Herriko ikastola guztiak kinka larrian jar ditzake Estatuak. Duela egun batzuk, lege horrek zirrikitu batzuk ahalbidetuko lituzkeela iragarri zuen. Halere, Indok ez du sinesten «moldaketa» horiek konponbidea direnik.

Beraren ustez, Prefetura aspaldiko «Falloux legeari» buruz egiten ari den interpretazio berriarekin ez da ikastolen arazoa konponduko. Lege berezi eta egokitu bat da behar dena.

Baionako suprefetak iragarri berri du konponbide bat lantzen ari direla ikastolentzat eta Seaskak horren berri bazuela. Hala al da?

Durand prefetarekin hitz egin genuen oporrak aitzin Garapen Kontseiluko bilkura baten karietara elkar ikusi genuelarik. Han esan zigun zerbait prestatzen ari zirela, baina inolako zehaztasunik eman gabe.

Beraz, irtenbide hori zertan datzan ez dakizue?

Ez. Prentsan agertu dena baizik ez dakigu, eta horrekin argi eta garbi erran dezakegu ez dugula uste hortik konponbiderik izango denik.

Alta, Beskoitzeko ikastolarentzat balioko lukeela dirudi...

Bai. Baina Beskoitzeko kasua ez da deus daukagun arazorako. Hori minimo bat da. Guk ordaintzen dugu ikastola berri baterako egin behar den inbertsioa. Ez gara orain hasiko lurrak alokatzen gure eraikinak gainean ezartzeko. Hori ez da konponbide bat.

Hain zuzen, egun gutxi barru Beskoitzeko kasua epaitegietara eramanen dute, ezta?

Hori esan ziguten, baina, irudiz, Beskoitzeren kasuan ez dute auzitara joateko beharrik izanen konponbide bat baluketelako. Baina guri hori bost axola. Beskoitzekoa ez da arazoa. Problema da beste proiektu guztiak zalantzan jar ditzaketela eta hori ez da onargarria.

Hortaz, ikastola guztiak arriskuan lirateke?

Ez dakigu, hori da arazoa. Horregatik eskatzen dugu lege argi bat, zer den posible eta zer ez jakin dezagun. Suprefetak argi esan zigun egungo legearekin ez dela deus egiten ahal. Eta orain esaten digute, legea berriz irakurrita, beste zerbait egin ahalko genukeela. Zergatik ez zuten hori esan duela sei hilabete? Legea ez da aldatu. Iruditzen zait hor salbuespen batzuk muntatzen ari direla. Borondate onarekin ari badira ere, hori ez da guk nahi duguna. Lege egokitu bat, gure erronkei erantzungo diona, hori da behar duguna.

Zure ustez hainbeste urtetan hor egon den «Falloux legearen» inguruan zalaparta eragin ostean zergatik ematen diote orain beste interpretazio bat?

Ez dut ideiarik ere. Ez dakit joan den egunean egin dugun mobilizaziorengatik, Suprefetura okupatzeko gure asmoa iragarri dugulako edo hauteskundeak nahasiko genituela adierazi dugulako. Gauza da guk urtebete eman dugula gauzak konpondu nahian eta ez zuten deus proposatzen. Orain bat-batean esnatzen dira eta dena konpondua da? Ez dugu sinesten.

Beste urrats batzuk edo ikusten ari gara. Esaterako, Ayrault Lehen ministroak Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berresten ahaleginduko dela adierazi du. Hori sinesten duzu?

Militanteak gara eta sinetsi behar dugu. Gaur egun suprefetak konponbide bat duenik ez badut sinesten ere, ziur naiz lege bat lortuko dugula. Euroitunarena ere berdin. Sinesten dut noizbait berretsiko dutela, bihar, hurrengo urtean edo ondoko legealdian, agian beste presidente batekin, hori ikusiko. 2008an izan zen hizkuntzari buruzko lehen eztabaida Asanblea Nazionalean. Orduz geroztik gauza anitz debatitu dira eta ideiak ere aitzinatzen ari dira. Beste kontua da Itunak guri ez digula deus ekarriko.

Itunak ez lioke ezer gehiago ekarriko murgiltze ereduari?

Euskarari eta Seaskari ez. Aldiz estatuko beste hizkuntza gutxituei bai, ez baitaude gu bezainbeste egituratuak. Ipar Euskal Herrian %10 murgiltze ereduan eskolatua da eta %40 elebidunean. Okzitanian, adibidez, ez dira ezta %1era ere iristen eredu elebidunean. Horrenbestez, horientzat asko lor dezakegu Itunarekin, baina guretzat, ezer gutxi. EEPrekin dagoeneko plantan jarritako hizkuntza politika hori baino harago doa.