NAIZ.INFO
BAIONA

AHTarekin denen dirua xahutzen dela aurpegiratu dio CADEk Alain Rousseti

Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Kolektiboak (CADE) elkarretaratzea egin du Angelun, Alain Rousset Akitaniako presidentea bertan zela aprobetxatuta. Rousset AHTaren defendatzaile sutsua izaki, denen dirua xahutzea leporatu diote.

AHTaren aurkako protesta egin dute Angelun. (Bob EDME)
AHTaren aurkako protesta egin dute Angelun. (Bob EDME)

Alain Rousset Akitaniako presidentea Angelun izan da gaur goizean, Quintauko antzoki berria estreinatzeko. Hitzordu hori aprobetxatuta, Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Kolektiboak (CADE, frantsesez) protesta ekimen batekin egin dio harrera.

60 bat pertsona bildu dira indar polizialen presentzia handiaren aitzinean. «Elkarretaratze honekin oroitarazi nahi diogu Euskal Herrian AHTaren aurkako mobilizazio handia badela», adierazi du kolektiboko bozeramaile den Victor Pachonek.

Abiadura Handiko Trena pasaratzeko Bordele eta Hendaia arteko trenbidearen eraikitzeak inoiz egin den garestiena dela salatu du CADEk, Lapurditik pasatzean kilometro bakoitza eraikitzeko 51 milioi euro beharko liratekeelako. Kostu horretaz ohartarazteko hamar eurotako gezurretako bileteak bota dituzte.

Kostu ekologikoa ere gogora ekarri du kolektiboak, trenbidearen kilometro bakoitzeko bederatzi hektarea «xahutuko» direla baieztatu dute. Beste urteetan egin diren protesta ekimenen aitzinean ez bezala, Akitaniako presidentea gaur ez da talde ekologistako jendearengandik hurbildu eta beste ate batetik sartu da Quintauko antzoki berrira. Alain Rousset Bordeletik Hendaiara joanen litzateken AHTaren defendatzaile sutsua da, urte hastapeneko agiantzetan proiektuaren aldeko indarra berretsi du.