Maider IANTZI

UEMA-k bertze bultzada bat eman die udalei

UEMA azterketa sakon bat egiten ari da herriz herri udaletako euskararen erabilera neurtzeko. Iratxe Ibarra euskara teknikariak diagnostiko honetan oinarritutako plan estrategikoaren ildo nagusiak marraztu dizkio GARAri. Gainera, ezaugarri hagitz desberdinak (baita kontrajarriak ere) izanagatik, tontorrean sailkatu diren bi udalerri bisitatu ditugu, Bermeo eta Arantza.

Aztertzeko herri gutxi batzuen faltan, UEMAk ondorio nagusi bat ateratzen du: Mankomunitateak biltzen dituen udalak (72 guztira) aurreratuenak dira euskararen erabilerari dagokionez. Bertze aurrerapauso bat egin dezaten, plan estrategiko bat prestatzen ari dira 2014 honetarako, lan ildo orokor batzuekin eta tokian tokiko erritmoetara egokitutako bertze batzuekin.

Iratxe Ibarra euskara teknikariak azaldu duenez, lau arlo kontuan hartu -irudi korporatiboa, barne eta kanpo komunikazioa, eta baliabideak- eta lau mailatan sailkatu dituzte udalak. Gehienak Tontorrean edo Gorabidean ezarri dituzte. Gailurrean, eskualde euskaldunetako herri txikiak daude; Aulesti, Arantza, Aizarnazabal eta Zestoa, adibidez. Eta bidean, herri handiagoak daude; Aramaio, Azpeitia, Ondarroa, Leitza, Oiartzun, Zarautz... Magalean, Mallabia, Atxondo, Lesaka eta Busturia daude, bertzeak bertze. Abiapuntuan ez dago inor.

Ibarrak agertu duenez, koska bat igotzea da helburua. Punta-puntan dauden udalen kasuan, aldaketak txikiagoak izanen dira, sumatzeko zailagoak, eta baxuen daudenak izanen dira pausorik handienak ematen ahalko dituztenak. Urrats batzuk samurragoak izanen dira, erabaki politikoekin zerikusia dutelako (elebitan dagoen zigilu bat euskaraz jartzea izan daiteke neurri bat, adibidez) eta bertze batzuek ahalegin handiagoa eskatuko dute langileekin eta herriko biztanleekin lotuta daudelako.

BERMEO

Lidergoa hizkuntzara ekartzea da asmoa, maila onari eutsi eta hobetzeko

UEMAko herririk handienetakoa da Bermeo, 17.103 biztanlerekin, eta tontorrean sailkatu da bertako Udala, 10etik 8,05 puntu eskuratuta. Irakaskintza kalean, Alde Zaharraren goialdean, Kafe Antzoki gainean dagoen kultur etxean hartu gaituzte langileek, joan den apirileko sutean udaletxea erre baitzen. Ordutik kultur etxean daude Euskara, Idazkaritza, Langileria eta Kultura sailak.

Pasilloan sartu orduko ikusi dugu, armairu baten gainean dotore jarrita, Lakuako Gobernuak 2011n euskararen erabileragatik eta kalitateagatik emandako Bikain Ziurtagiria. Bertze bi kiderekin partekatzen duen bulegoan hartu gaitu Maite Alvarez euskara teknikariak eta, ezer baino lehen, justu bisita baino lehentxeago aurkeztu duten euskararen erabilera planaren ideia nagusiak azaldu dizkigu.

35 urteko bidea egin du Udalak arlo hori lantzen eta hagitz aurreratuta dago. Euskaraz sortzen dute, zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza dute euskara, eta euskaratu beharrean erdaratu egiten dute, norbaitek eskatzen dienean. Alvarezek nabarmendu duenez, lorpen kolektiboa izan da, politikarien erabakien eta langileen lanaren ondorioa.

Orain, 2013 eta 2017 arteko plangintzaldirako aho batez onartu duten planak berrikuntza batzuk ekarriko ditu, azken urteetan lantzen ari diren hizkuntza lidergoa garatuko duelako. Udalak lider batzuk ditu: arduradun politikoak, zerbitzuburuak, ordezkari sindikalak... Langile guztiak, bakoitza bere arloan, liderrak dira. Bada, lidergo hori hizkuntzara ekartzea da asmoa, euskarari beste bultzada bat emateko.

Bestalde, hizkuntza erakunde osoaren zeharkako gaia denez, denen inplikazioa, parte-hartzea eta komunikazioa hobetu nahi dute. «UEMArekin batera, Euskara sailean oinarrizko proposamen bat lantzen ari gara, gero departamentu bakoitzak bere plana egin dezan. Eragile guztiekin batu, urte bakoitzeko indarrak zertan jarri behar diren ikusi, helburuak adostu eta horiek lortzeko lan egin nahi dugu».

13 sail eta 250 langile

Udal handi samarra da: hamahiru departamentu ditu, baita bi patronatu eta sozietate anonimo bat ere. 250 bat langile dira guztira. Egoera ez da bera sail guztietan. Adibidez, konplikatuagoak izan daitezke Udaltzaingoa eta Hirigintza arloak. Indargune ugari badituzte ere, indarra eginen dute ahuleziak dauden alorretan: ahozko barne harreman ez formaletan; herritarrekiko harreman idatzietan kalitatezko euskara erabiltzeko; erakunde publiko, elkarte eta eragileekin euskara gehiago erabiltzeko; zerbitzu enpresekin, hornitzaileekin eta kontratazio arloan ezarritako hizkuntza irizpideak betetzeko...

Eredu izan nahi dute, hizkuntza lidergo bat eskaini instituzio modura, eta euskarari prestigioa eman nahi diote.

Euskararen Plan Estrategikoan helburu orokor bat finkatu dute (herriko bizitza sozialean euskara indartzea, transmisioaren eta presentzia sozialaren bidez), eta bost lan ildo: lidergoa lantzea, kontzientziazioa, balioa ematea, prestigioa ematea eta sentimenduak indartzea. Hamaika egitasmo dituzte martxan (bermeo-euskaraz.com-en ikus daitezke). Errate baterako, egitasmo handi bat dute ostalari, enpresa eta txoko gastronomikoekin. Baliabideak eta ereduak eskaintzen dizkiete.

15 urte darama Maite Alvarezek Udalean eta hasi zenean herriari begira gauza gutxi zeudela gogoratzen du. Orain, aldiz, herritarrentzako eta merkatarientzako itzulpen zerbitzua eskaintzen dute (adibidez, menuak eta kartelak euskaratzen dituzte webgunean bertan, ahal dela bertako euskalkian), aholkularitza ere eska daiteke Internetez, berbalagun programarekin dabiltza, gurasoekin sentsibilizazio kanpainak egiten dituzte...

Aipamen berezia merezi du Kalinpan panpinak (kostaldeko herri honetako euskaran, kalean dabilenari erraten zaio «kalinpan»). Kirol ekitaldiak daudenean ateratzen da, Euskararen Egunean, gaztetxeko jaietan... Euskararen aldeko edozein ekitalditan. «Ibili, izerditu eta edan» ideiatik abiatuta, freskagarri baten itxura eman zioten panpinari, euskara ere beti kalean egotea nahi dutelako, denen ahotan. Kirolari lotuta jaio zen eta horregatik da freskagarria, bizia eta alaia. Indarra ematen du. Panpina honekin animo oihuak kaleratu dituzte kirol partidetarako, kanta bat ere egin du Eneritz Artetxe Gernikako aktoreak... Garrantzitsua iruditzen zaie euskara era dibertigarrian eta erakargarrian erabiltzea eta horretan ekarpen handia egiten du Kalinpanek.

«Garapen handi bat daukagu eta horri eutsi nahi diogu -adierazi du euskara teknikariak-. Hobetu ere egin nahi dugu, gure puntu ahulenei astinaldi bat eman eta horietan eragin nahi dugu».

Euskara sailetik ondoan dagoen Langileria departamentura jo dugu. Bere mahaitik azaldu dizkigu prebentzio planak lantzen dituen Gaizka Gervasik alor honetan egin dituzten urratsak. Lehen gauzak bestelakoak ziren arren, orain normala da berarentzat dena euskaraz egitea. Nomina euskaraz kobratzen dute, lan kontratuak ere hala egiten dituzte... INEMekin eta Gizarte Segurantzarekin dituzte arazo handienak. «Asko aurreratu da. Egunero erabiltzen dugun dokumentu asko dago euskaratuta. 2002an sartu nintzenean ez zegoen ezer euskaraz arlo honetan eta gutxika joan gara. Nahiko teknikoa da, arau asko dago, eta ez dago erreferentzia gehiegi euskaraz. Sortu egiten dugu asko. Hiztegia sortu dugu, ez baitzegoen ezer». Erabiltzen dituen hiztegiez galdetuta, berarentzat Euskalterm tresna ona dela adierazi du Gervasik.

Lege kontuak ere bai

Eta Langileriatik Idazkaritzara. Bertan daude idazkari nagusia, administrazio orokorreko teknikaria, administrariak eta euren laguntzaileak. Pixkanaka joan dira hemen ere gauzak egiten, urte askotan. Langileak ongi egokitu dira eta errazago egiten zaie euskaraz aritzea. Ohitura sortuta dago.

Karmele Muñoa idazkari nagusia lege kontuetan ibiltzen da buru-belarri. «Lege gehienak erdaraz egoten dira eta orduan hala irakurtzen ditugu. Euskarazko transkripziorik ez badago, erdaraz transkribatzen dugu. Baina literalki kopiatzen duguna kenduta, gainerakoan txosten teknikoak euskaraz egiten ditugu», jakinarazi du. Euskararen kalitatea hobetu dela ere baieztatu du. Bere esanetan, lehen ere euskaraz funtzionatzen zen, baina orain gehiago zaintzen da kalitatea eta gehiago errebisatzen dira gauzak. Komunikazioaren ikuspegitik ere asko begiratzen diote hizkuntzari, kalitatea eta ulermena bilatuz.

Hainbat eredu sortu dute lana errazteko. «Handik eta hemendik hartu eta gurera egokitu dugu». Herritarren erantzuna, orokorrean, ona izan da. Traba askorik ez da egon. «Administrazio testuak oso gaitzak dira edozein hizkuntzatan», aitortu du Muñoak. Hasieran nobedadea zen, baina gero, egunero erabiltzean ohitu egin dira langileak, eta herritarrak ere bai.

ARANTZA

Antzeko sistema aplikatu nahi dute bortzirietako mankomunitateetan

Inauteri betean egin dugu Arantzara bisita. Etxafuegoak haizearen soinuarekin nahasten dira eta udaletxean erdi besta dute. Arkupean jostetan ari diren haurren artetik sartu gara eraikin handira. Lehenengo solairuan, Telefonicako kide bat ari da lanean. Bortzirietako Euskara Mankomunitatea non dagoen galdetu, eta ez du tutik ulertu. Galdera gaztelaniaz errepikatu eta bigarren pisura bideratu gaitu.

Nafarroa iparraldeko 634 biztanleko herri hau hagitz euskalduna izanik (%95eko datua ematen dute, baina argi utzita 2001ekoa dela eta ordutik gauzak aldatu izanen direla), euskaraz funtzionatzea erraz samarra izan daitekeela pentsa daiteke, baina ez da hain sinplea. «Nafarroako Gobernutik ez da deus etortzen euskaraz. Zerbait ele biz ailegatzen bada langilea igotzen zaigu oihuka», kontatu du Patri Arburua Euskara Mankomunitateko teknikariak. Igantziarrak azaldu duenez, Udalaren esku dagoena egitea samurragoa izan daiteke, baina eguneroko harremana dute Iruñeko Exekutiboarekin, baita Gobernu espainolarekin ere, eta eurekin euskaraz komunikatzea izugarri zaila da.

Badira salbuespenak. Adibidez, Osasun Publikoaren Institutuak ele bitan bidaltzen ditu agiriak, eta funtzionarioren baten borondateagatik eta sentsibilizazioagatik dela ondorioztatzen dute Mankomunitatean. Garai batean gaztelaniaz etortzen zen guztia itzuli eta euskaraz eskatzea planteatu zuen UEMAk. Arantzan hala hasi ziren; lan karga handia zen, ordea, eta ez zen eragingarria izan. Nafar Gobernuaren jarrera hobetu beharrean okertu egin dela ikusi dute. Euskarari emandako laguntza eskasek 2000n jo zuten goia, eta ordutik behera egin dute.

Bermeokoaren aldean, txikia da Arantzako Udala. Alkate, alkateorde eta hiru zinegotziz gain (guztiak Bildukoak), hiru langile ditu, hirurak euskaldunak: Arburuarekin batera hartu gaituen Josetxo Urreta administraria (leitzarra), egun erdiz Igantzin eta bertze egun erdiz Arantzan aritzen den idazkaria (Oizekoa) eta `albinte' edo aguazila (igantziarra). Urretak oroitzen du orain 22 urte lan honetan hasi zenean jada euskarazko proba egin zuela. 1995ean sartu ziren UEMAn eta ordurako ahoz dena euskaraz egiten zuten, bandoak eta dokumentu txikiak ere bai. Herritarrei begirako guztia zaintzen zuten.

Halere, akta guztiak erdara hutsez egiten zituzten eta horretan UEMArekin eman zuten euskararako pausoa. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin egin duten bidean, aldaketak idatzizko jardunean eta Udal barrenean sumatu dituzte batez ere.

Jarraipen batzordearen eragina

Azken plangintzaldian, bost urteotan, jarraipen batzorde bat izan dute. «Urtean bi aldiz egin digute jarraipena eta horrek epeak eta neurriak betetzera behartu gaitu», erran dute Urretak eta Arburuak irribarrez. «Egiazko aurrerapenak horrela funtzionatzen hasi garenetik egin ditugu».

Abantailen artean, aipatu dute mendialdeko herri honetan gaur egun 40 urte dituztenek jada euskaraz ikasi zutela eskolan. Nafarroan lehenengoetakoa izan zen Arantza hezkuntza publikoa euskaraz eskaintzen. Hori dela-eta, 40 urtetik beherako guztiak euskaraz alfabetatuta daude eta gai dira edozein dokumentu irakurri eta ulertzeko. Ez zaie ia inor hurbildu zerbait euskaraz dagoelako kexaka, eta horrek bidea ireki die. 8,47 punturekin, UEMAren sailkapenaren tontorrean daude arantzarrak, eta horri eustea dute helburu. «Beti erne egon behar da, tentsio puntu batekin. Adibidez, aplikazio informatiko bat instalatzera etortzen direnean euskarazkoa izan dadin bermatzeko».

Gainera, Arburuak agertu duenez, herria euskalduna izan arren, pitzadurak ere badira. «Gaztelania aditzen hasi da orain arte aditzen ez zen momentu eta espazioetan. Bertze leku batzuekin konparatuta hagitz gutxi. Baina badago kezka bat. Badaude konpontzeko zulotxo batzuk. Erlaxatzeko motibo bat ere ez», dio irmo.

Langileen gaitasuna eta prestasuna

Igantziarrak Bortziri mailan lan egiten du eta bertze lau herriez ere galdetu diogu. Lehenik eta behin, langileen gaitasunaren eta prestasunaren aldetik eskualde honetan pribilegiatuak direla nabarmendu du. Euskara maila hagitz ona da orokorrean, bulegoetan ikastaro pila bat egiten da eta gauzak hobeki egiteko gogoa sumatzen da. Bortz herriak daude UEMAn.

Igantzi da Arantzaren antz handiena duena. Tamaina bereko udala du, langile kopuru bera, euskaraz aritzeko gaitasuna, sentsibilizazioa eta prestasuna ere berdin-berdinak dira, eta, gainera, idazkaria, eguneroko lana gidatzen duen pertsona, partekatzen dute. Arburuaren esanetan, bere herrian lanaren zati handi bat egina dago. Halere, duela bi urte sartu zen UEMAn eta orain egiten ari diren diagnostikoan ez dute Arantzan bezain emaitza onik espero.

Etxalarren ere hagitz altua da langileen gaitasuna. Emaitzak ikusten ari dira, baina aitzineko bi herrietan baino abiapuntu baxuagoa zuen Mankomunitatean sartu zenean. Bera eta Lesaka, azkenik, handiagoak dira. Udal konplexuagoak dituzte eta langile gehiago. Eta ez dira hain herri euskaldunak. Berako diagnostikoa egiteko dago; Lesakakoa egin dute jada eta magalean sailkatu da.

Bortziriei begira, bada Patri Arburuak aipatu nahi duen bertze kontu bat. Udalak hain txikiak izanik, zenbait zerbitzu emateko elkartu ziren 90eko hamarkadan eta hiru mankomunitate sortu zituzten: Euskararena, Gizarte Zerbitzuena eta Hondakinena. Horiei buruz gauza bera dio, euskaraz egiten dutela, borondate handia dutela, baina ez dago euskararen erabileraren plangintzarik.

Horregatik, antzeko sistema bat aplikatu nahi dute, diagnostikoa egin, helburu batzuk finkatu, konpromiso batzuk hartu, jarraipena egin... Iaz lan dezente egin zuten mankomunitateetako langile eta hautetsiekin. Beharra ikusi, adostu eta Euskara Mankomunitatearen esku gelditu zen neurriak proposatzea. Horretan ari da, hain zuzen, teknikaria bisita egin diogunean. Azpimarratu duenez, mankomunitateetako hizkuntza politikak koherentea izan behar du herrietako politikekin eta hori teknikoki nola egin ikusi behar dute orain.