NAIZ.INFO
BILBO

Izaskun Bilbao izendatuko du EAJk berriz Europako hauteskundeetarako zerrendaburu

EAJren Batzar Nazionalak Izaskun Bilbao izendatuko du Europako hauteskundeetarako zerrendaburu, heldu den larunbatean egingo duen bilkuran.

Izaskun Bilbao, 2009ko europar hauteskundeetako kanpainan. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Izaskun Bilbao, 2009ko europar hauteskundeetako kanpainan. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

EAJren Batzar Nazionala larunbatean bilduko da eta, ustekaberik ezean, Izaskun Bilbao Barandika hautatuko du maiatzaren 25ean egingo diren Europako hauteskundeetarako zerrendaburu. Eserlekua lortuz gero, bigarren legealdia luke bermeotarrak Europako Legebiltzarrean.

Europa Pressek zabaldu duenez, EAJren Euzkadi Buru Batzarrak zerrenda egin du 16 hautagairekin. Barne prozesuaren ostean, larunbateko batzarrean bozkatuko dute zerrenda. Ondoren, Bilbao bera eta Andoni Ortuzar alderdiko lehendakaria komunikabideen aurrean agertuko dira.

EAJk CiU, Coalicion Canaria (CC) eta Compromiso por Galicia (CXG) alderdiekin aurkeztuko da Europako hauteskundeetara.