Naiz.info
Donostia

Lapatzari 1,6 milioi euroko zigorra jartzea proposatu du Gipuzkoak, Deskargako lan istripuagatik

Deskargan lanean ari zen 33 urteko beharginaren heriotza eragin zuen lan istripuan Lapatzak ardura izan zuela ebatzi dute Gipuzkoako Aldundiak eta Jarraipen Batzordeko sindikatuek.

Deskargako errepidean egiten ari diren lanen irudia. (Gotzon ARANBURU)
Deskargako errepidean egiten ari diren lanen irudia. (Gotzon ARANBURU)

GI-632 errepideko lanen inguruko Jarraipen Batzordea osatu zuen Gipuzkoako Aldundiak sindikatuekin, eta batzorde hori gaur elkartu da berriro. Bilera horretan, besteak beste, 2013ko irailaren 18an obra horretan Jose Ignacio Alkorta Retegiren heriotza eragin zuen lan istripuaren harira Osalanek eta Lan Ikuskaritzak kaleratutako txostenak aztertu dituzte Aldundiak eta sindikatuek.

Txostenek diotena aztertu ondoren, Gipuzkoako Aldundiak uste du Lapatza Aldi Baterako Enpresa Batasunak baduela ardura afera horretan. Izan ere, txostenek diote enpresa batasunak ez zituela bete kontratuko betebeharrak segurtasun eta osasun arloan. Horregatik, kontratazio pleguetan jartzen duenaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,6 milioi eurotako zigorra ezartzea proposatuko du, eta espedientea abiarazi du.

Larraitz Ugarte diputatuak Jarraipen Batzordean parte hartu duten LAB, CCOO eta UGTko ordezkariek lagunduta eman du erabakiaren berri hedabideen aurrean, eta azaldu duenez, «obra hau egiteko pleguetan jartzen duena aplikatu dugu, zigor handia da eta espero dugu horrelakorik berriro egin beharrik ez izatea, izan ere, horrek adieraziko luke lan eta segurtasun baldintzak betetzen ari direla obra honetan eta, beraz, langileak segurtasunez ari direla. Espero dugu enpresa guztiek dagokion garrantzia ematea segurtasunaren gaiari eta era horretan lan istripuak gutxitu ahal izatea. Aldundiarentzat hasieratik oso garrantzitsua izan da lan arloko segurtasuna, herritarren ongizaterako ezinbestekoa baita arlo horretan erakundeek zorrotz jokatzea».

Jarraipen Batzordean parte hartu duten LAB, UGT eta CCOO sindikatuekin adostu da zigor proposamena, eta lan horien jarraipena egiteko konpromisoa berretsi dute.