NAIZ.INFO
ZAMUDIO

Greba mugagabea hasiko dute bihar Euskalteleko langileek

Euskalteleko langileak greba mugagabea egitera deitu dituzte bihartik aurrera ELA eta CCOO sindikatuek, nork bere aldetik, beren lanpostuen defentsan.

Euskateleko langileen protesta, abenduan. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Euskateleko langileen protesta, abenduan. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

ELAk eta CCOOk greba mugagaberako deialdia egin diete Euskalteleko 550 langileei bihartik aurrera, beren lanpostuen defentsan eta enpresak zerbitzuak azpikontratatzeko dituen asmoen aurka.

Joan zen abenduan hasi zituzten mobilizazioak bi sindikatuok, batera. Horren ondoren zuzendaritzarekin negoziazioa hasi zen, baina ELAk parte hartzeari utzi zion, zerbitzuak azpikontratatzearen aurka baitago.

ELAk sei greba egun deitu zituen martxoan enpresaren asmoak salatzeko. Sindikatu horren arabera, 180 langile kalera joango lirateke zuzendaritzaren plana gauzatuz gero.

CCOOk ere iritzi kritikoa du azpikontratazioaren aurka, baina negoziazioetan parte hartu du, prozesua ekidinezina baldin bada akordioa lortzea hobea dela uste baitu.

Greba mugagabea hastearekin batera, bi sindikatuek bihar goizeko 10.00etan manifestazioa egingo dute Bilbon, Kutxabanken egoitzaren aurrean –Euskaltelen akziodun handiena da–.