NAIZ.INFO
ERRENTERIA

Espainiako bandera jartzearen aurkako plaka jarri dute Errenteriako udaletxean

Errenteriako udaletxean Espainiako bandera derrigortuta jarriko dutela salatzeko eta horren aurkako Osoko Bilkuraren erabakia agertuz plaka jarri dute eguerdian. Pasaian ere Espainiakoaren inposizioa salatu dute eta ikurrinaren aldeko ekitaldia burutu dute.

Ikurrina handi bat zabaldu du Julen Mendoza alkateak Espainiako banderaren inposaketa salatu ostean. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Ikurrina handi bat zabaldu du Julen Mendoza alkateak Espainiako banderaren inposaketa salatu ostean. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Errenterian eta Pasaian Espainiako banderaren inposizioaren aurkako ekitaldi bana egin dituzte. Errenteriaren kasuan plaka bat ezarri dute udaletxearen sarreran, Espainiako bandera jartzearen aurkako Osoko Bilkuraren erabakia adierazten duena.

Orain bi urte eskatu zion Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ordezkariak Errenteriako Udalari Espainiako bandera jartzeko; apirilaren 18 arteko epea du agindu hori betetzeko.

Pasaian ere antzeko egoeran dira eta ikurrinaren aldeko ekitaldia egin dute gaur. Amaia Agirregabiria alkateakeak eta Bai Euskal Herriari ekimeneko ordezkariek parte hartu dute ekitaldi horretan, Aitor Oteizak ekimen herritarraren izenean. 200 herritarren aurrean Espainiako bandera ezartzea inposizioa dela salatu dute eta euskal herritarren ikurra ikurrina dela. Aberri egunean parte hartzeko deia egin diete, gainera, herritarrei.