NAIZ.INFO
IRUÑEA

Aberri Egun «jendetsu eta anitza» izan dela nabarmendu du Independentistak sareak

Independentistak sareak Iruñean ospatu zen Aberri Egunaren «arrakasta» nabarmendu du eta azken urteotako jendetsuena izan dela adierazi du. Mugimendu independentista osoa zoriondu du.

Independentistak sareak agiria kaleratu du Aberri Egunaren balorazioa egiteko. Azken urteotako jendetsuena izan dela nabarmendu du, izan ere, bere kalkuluen arabera, 25.000 pertsona inguru izan ziren atzo Iruñeko manifestazioan.

Aberri Eguna, sigletatik harago, «euskal herritarrok elkartasunean» ospatzeko eguna da Independentistak sarearen ustez eta, filosofia horrekin, ahalik eta Aberri Egun «anitz eta parte-hartzailea» antolatzen saiatzen dela gaineratu du, «edozein independentistak, sentsibilitate zehatzen gainetik, eroso» parte har dezan.

«Atzo Iruñean helburu guztiak bete genituela uste dugu, jendetza handia biltzeaz gain, gero eta gehiago dira filosofia honekin bat egin eta gure deialdira gehitzen diren eragile politiko, sindikal eta sozialak; bilatzen dugun aniztasuna errealitate bilakatzen ari da», nabarmendu du bere oharrean.

Iruñera joan ziren guztiei eta Aberri Eguna antolatzen lagundu zieten guztiei eskerrak eman dizkie sareak. «Zorionak mugimendu independentista osoari, denon artean lortu dugulako bizi ditugun garai politiko garrantzitsuek eskatzen duten Aberri Egun jendetsu eta esanguratsua», amaitu du.