Naiz.info
Donostia

Gipuzkoako udalerrien erdiak %70etik gorako birziklatze maila dutela dio Aldundiak

Gipuzkoako Aldundiaren arabera, milaka eta milaka dira hondakinen arazoaz kontzientzia hartu duten herritarrak eta lurraldeko udalerrien erdiak %70etik gorako birziklatze maila duela azpimarratu du. Bide horretan jarri diren gipuzkoarrei eskerrak emateko bideoa kaleratu du Aldundiak.

Gipuzkoako Aldundiak lurraldean lortzen ari diren birziklapen tasak goratu ditu eta Zero Zaborren norabidean ahalik eta hondakin gutxien sortzeko eta ahalik eta gehien birziklatzeko bidean jarri dela nabarmendu du.

Datuen arabera, Gipuzkoako 20 bat herritan organiko guztia, oso-osorik, beraiek kudeatzen dute. Orendain, Aduna, Lizartza, Berastegi, Alkiza eta Amezketa dira ereduetako batzuk. «Oso errefus gutxi sortzen dute, eta hondakinen ia erdia -organiko guztia, alegia- ez da herritik ateratzen», esan dute.

Bestetik, Gipuzkoako udalerrien erdiak %70etik gorako birziklatze maila dutela ohartarazi du Aldundiak. «Egia da udalerri handi batzuetan oraindik ere urrun daudela tasa horietatik. Baina egia da, era berean, kontzientziazioa eta hondakinen arazoarekiko ardura izugarri zabaldu direla haietan ere eta hobekuntzak egiten ari direla; guk Gipuzkoako beste herri askok egindako bidea egitera bultzatu nahi ditugu», esan du Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Iñaki Errazkinek.

Herritarren portaera eskertzeko, Gipuzkoako Aldundiak bideo berezi bat egin du. Bertan, «praktika egokiak» egiten ari diren herritarrak agertzen dira: prebentzioa lantzen, lantokian hondakinak  gaika sailkatzen, konpostatzen, gaikako bilketa sistemak erabiltzen, berrerabilpena sustatzen...

Bideoa, besteak beste, Irungo Ficoban ikusi ahal izango da asteburu honetan.