
Ibon Fernandez Iradiren espetxe zigorra eteteko eskaera onartu egin du Parisko Auzitegiak. Izan ere, preso lasartearrak gaixotasun larria du –esklerosi anizkoitza– eta eritasun hori egoki artatzeko osasun arloko ekipo pluridiziplinar baten zaintza behar du: neurologo, psikiatra, logopeda, oftalmologa, fisioterapeuta... Kartzelan dagoen egoeran gaixotasunak okerrera egin du.
Epaileak emandako erabakia, baina, «kontraesankorra» dela adierazi du Maritxu Paulus Basurco abokatuak. Izan ere, epaileak bi baldintza ezarri dizkio. Batetik, Estatu frantsesean bizitzeko debekua altxatzea eta, bestetik, hori lortuz gero, Pirinio Atlantikoetatik kanpo bizitzea. Lehen baldintza beste auzitegi batek erabaki beharko du eta horrek urtebetez atzera lezake bere kaleratzea.
Gainera, baliteke erabakia hartu behar duen epaitegiak eskaerari uko egitea eta, horrela, gaurko ebazpenak balioa galduko luke. Horregatik, lehen baldintzak dituen zailtasunak nabarmendu ditu abokatuak: «Ez badu debekua kentzea lortzen ez da aterako», ohartarazi du.
Paulus Basurcok «aukerak murritz ikusten» dituela adierazi du eta epaitegiaren deliberoa «kontraesankorra» dela baieztatu du. «Ibon Fernandez Iradiren eritasuna hain larria dela onartzen dute non suspentsioa eman behar zaiola deliberatzen duten, baina baldintza oso zail bat ematen dute hori lortzeko eta gainera ezin dena epe motzean lortu, non larritasunagatik hori beharko litzateken».
Erabakiaren aurka helegitea aurkezteko aukera badagoela esan du abokatuak; hamar egun dituzte horretarako.

Identifican a la navarra María Luisa Eugui entre los fallecidos en el accidente de Adamuz

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete





