NAIZ
BILBO

Nuria Lopez de Gereñu Confebaskeko idazkari nagusiak dimisioa aurkeztu du

Nuria Lopez de Gereñu Confebaskeko idazkari nagusiak kargua utziko du. Arrazoi pertsonalak argudiatu ditu kargua uzteko. EAEko enpresaburuen patronalak dioenez, oraindik ez dute hautatu bere ordezkoa.

Nuria Lopez de Gereñu, artxiboko irudi batean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Nuria Lopez de Gereñu, artxiboko irudi batean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Confebaskeko idazkari nagusi Nuria Lopez de Gereñuk kargua utziko du, EAEko enpresaburuen erakundeak baieztatu duenez. Elgoibartarrak arrazoi pertsonala argudiatu ditu kargua uzteko. Zehazki, «bere bizi-ibilbide zein ibilbide profesionala beste esparru batzuetan egiteko nahiak eragindako erabakia» izan dela dio Confebaskek ohar batean.

Batzorde eragileak erabakia «ulertu, onartu eta errespetatu» egiten duela adierazi du, eta Lopez de Gereñuri 2011n kargua hartu zuenetik egindako lana eskertu dio.

Confebasken arabera, Lopez de Gereñuk karguan «beharrezkoa den denbora» jarraituko du, «oraindik erabakitzeko dagoen bere ordezkoari bere hasierako lana erraztuko dion errelebu lasai eta ordenatu bat bideratzeko asmoz».