Maider IANTZI

Lekeitioko arrantzaleek, lehengo denborak bueltatuko ez direla jakinik, dagoena mantentzea dute xede

Arrantzan, orokorrean, dena joan da beherantz, eta Lekeitio ez da salbuespena. Bertako kofradiako idazkariak, Teresa Goitiak, bi arrazoi ikusten ditu: belaunaldien arteko erreleborik ez egotea eta itsasoaren baliabideak gutxitzea. Pentsamendu positiboa transmititu digu, ordea: «Uste dut momentu berezi batean gaudela, arrantza hobeto kudeatzen hasita gaude, kupoak jarriz. Lehengo denborak ez dira bueltatuko. Baliabideak gutxituta daude, baina flota ere bai, eta denon artean dagoena gestionatzen ikasi behar dugu eta hor mantendu».

Teresa Goitia kofradiako idazkariak kontatu digunez, hemen hegaluzerik topatzen ez zutenez urrun-urrunera joan behar izan dute arrantzaleek, itsaso zabalera, 50eko latitude ingurura. Bi itsasontzi joan dira Lekeitiotik, «Kalamua 2» eta «Ondarzabal». 15eko tripulazioa du bakoitzak.

Berdelaren eta antxoaren sasoiak izan dira aurretik eta, Goitiak dioenez, polito joan dira. Orain hegaluzean jarria dute esperantza, baina azken bizpahiru urteetan huts egiten hasita dago. Arrain migratzailea da eta historikoki ohitura eduki du Kantauri kostaldetik pasatzeko, baina azkenaldian ez da hurbiltzen eta kanpainak ez dira onak izan. Aurten, uztailaren 11n egin dute hasierako irteera eta elkarrizketaren unean behintzat oraindik ez dira bueltatu. Asteburu honetan itzultzea espero dute kofradian, harrapatu edo ez harrapatu, gasoila kontsumitzen dabiltzalako. «Arrantza gutxirekin edo askorekin, inork ez daki. Baina ez dira zarata onak. Kala urrunetan kontsumoa handia da eta arrain tona askorekin konpentsatzen da».

Hirurogei arrantzale

«Guretzat, arrantzale tartekoak izanda, garrantzi totala dauka sektoreak orokorrean», adierazi du kofradiako langileak. 60 pertsona arrantzale dituzte herrian gutxi gorabehera (40-45 urte bueltakoak, kontuan hartu behar da 56-57 urterekin jada jubilatuta daudela ) eta familia horiek arrantzatik bizi dira. Baxurako arrantzan ibiltzen dira, sasoian sasoiko arrainaren bila. Espezie batek huts egiten badu, beste mota batekin hornitzen doaz. Hegaluzearen faltan, sardina eta txitxarroa dituzte. Beti izan dira antxoa eta hegaluzea urteko kanpainako arrainak, ekonomia markatu izan dutenak eta garrantzitsuenak. Hori aldatzen doa eta ez dakite buelta emanen duen. «Itsasoarekin ezin da prebisiorik egin».

Lehen hamaika itsasontzi zeudenez, herriko ekonomia aunitz mugitzen zen. «Orain, gutxi gara, hirurogei arrantzale ez da gauza handia, baina familia hauek bizi egin behar dute. Ez dira lehengo sasoiak, baina ez ditugu horregatik hiltzen utzi behar».

Arrantza jaistearekin batera, honekin lotutako lanpostuak ere gutxitu dira. Kontserbera bakarra dago zabalik, Ortiz, eta sasoi batzuetan soilik egiten du lan. Lekeitio herri arrantzale izatetik zerbitzu herria izatera pasa da, baina «gaudenok behintzat mantentzea da gure helburu nagusia. Nahiz eta ez hobetu, hori gaitza baita, hortxe segitzea».

Uztailaren 18tik atzo arte izan zen VIII. Hegaluzealdia. Kofradiarekin batera Udalak antolatzen du jaia eta balantze positiboa egin dute biek. Xabier Gabiola Garapen teknikariak azaldu duenez, espezie honekin lotutako ekintza ugari egin dituzte eta denek izan dute «arrakasta itzela». Berrikuntza kontserba ikastaroa izan da. Gaur egun ez dago ontziratzeko ohiturarik, baina dozena bat pertsonak ikasi dituzte Ane Miren Sustaeta herriko emakumearen trukoak eta gustura gelditu dira.